Isilik baina emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako mezua ozen adierazi dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 14a, 09:23

Emakume elkarteek, mugimendu feministak eta Hondarribiko Udalak deituta, elkarretaratzea egin zuten larunbata goizeko 11:30ean Martxoak 8 plazatxoan. Dozenaka herritarrek Hondarribian izandako azken indarkeria matxista kasua salatu zuten, udalak ostiralean bertan plazaratutako Adierazpen Instituzionalaren ondotik, eta protokoloa aktibatu eta gero.

Isilik egin zuten elkarretaratzea udal ordezkariek eta herritarrek, "Emakumeen aurkako indarkeriari ez" leloa zuen pankartaren atzean. Ez dute adierazpenik egin bertan, baina udalak ostiralean zabaldu zuen adierazpen instituzionalean argi utzi zuen indarkeria matxistak arazo sakon bat daukala jatorrian: «Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko».

Era berean, «udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko ardura osoa» duela dio udalak, eta beraz, «ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean». 

"Erasotzaileak kanpora!" kanpaina

Alde horretatik, iaz Hondarribiko jaietan eta udako estropada eta Santiago Eguna bezalako hitzordu jendetsuetan abian jarritako dispositiboaren bide beretik, eraso matxisten aurkako Puntu Morea eta Telefono Morea aktibatu ditu Hondarribiko Udalak joan den asteburuan. "Auzoa kultura da!" jaialdiak jende andana bat bilduko zuela aurreikusita, Gipuzkoa Plazan 20:00etatik 23:00etara herritar ororen eskura egon da Puntu Morea, eta telefono bidezko arreta 688 718 797 telefonoan eman dute. 

Udan zehar ekitaldi jendetsuak ospatuko diren egunetan neurri hau aktibatzeko asmoa adierazi dute Hondarribiko Udaleko Gizarte Kohesiorako eta Berdintasun arloek.