Hondarribiko Jaiak

Igor Enparan: «Elkarrizketarekin ez dugu akordiorik lortu orain artean, ez nuke beste biderik esploratzea baztertuko»

Koldo Nausia 2025ko ira. 4a, 14:24

Irailaren 1ean alkateak sinatu zuen Alardearen inguruko espazio publikoa arautzeko dekretuak kritika zorrotzak jaso ditu aurten. «Tentsio sozialak eta inor asetuta ez egoteak» kezkatzen du alkatea, baina adostasun faltaren aurrean erregulatu beharretan dagoela gogoratu du. Bestalde, HAOSEk dekretuari aurkeztutako helegitearekin «udalaren erabakia deslegitimatzen» saiatu direla uste du Enparanek, eta orain batzuk eta besteek «epaileak erabakitakoa onartu beharko dutela».

 

Hondarribiko Udalak 450.00 euro bideratu ditu aurten, 34 elkarte eta eragilerekin lankidetzan 100 bat ekitaldiko programazioa osatzeko. Igor Enparan alkateak «herritar guztiek gozatzeko duten berdintasun aukera» bermatu nahian hilabete luzetan ondutako programa dela dio, eta nabarmendu duenez, «ikusezina den lan handia dago atzean».

Azken bi urteetan, udalak zenbait aldaketa sinboliko egin ditu, hain justu, jaiak herritarrekin partekatzeko eta parte hartzaileagoak izan daitezen. Irailaren 7ko Urrezko Intsigniaren entrega ekitaldia da horietariko bat, herritarrek bozka bidez aukeratzen dutena, haurren txupina eta pregoilari txikien figura indartu, edota jaietako txupinazo ofizialaren suziria, Paradoretik beharrean Arma Plazatik jaurtitzeko erabakia hartu izanarekin batera. «Lehen udal korporazioari mugatutako ekitaldia zen, eta iaztik herritar guztiekin ospatzen dugu jaien hasiera», aldarrikatzen du alkateak. 

Bestalde, «aukera berdintasuna eta bizikidetza» sustatzeko hainbat neurri hartu ditu udal gobernuak. Mugikortasun urritua duten pertsonentzako gune bereziak erreserbatzen dituzte 2023 urtetik jaietako ekitaldi jendetsuenetan, eta indarkeria matxistak Hondarribiko jaietan kabidarik ez duela aldarrikatzeaz gain, prebentzio kanpaina aktiboa antolatu dute Puntu Moreak ezarriz. «Aurten gainera Itsas Etxeko Puntu Morea gau osoan zehar martxan egongo da aurreneko aldiz egun handietan», gogoratzen du Igor Enparanek. 

Alardearen auzian aukerak agortzen

Baina ekitaldi jendetsuak eta Hondarribiko jaiak aipatuz gero, Alardea izan ohi da eztabaida eta gatazkaren fokua urtero. Aurtengoari dagokionez, joan den irailaren 1ean alkateak sinatu zuen Alardearen inguruko espazio publikoa arautzeko dekretuak eragileek (Jaizkibel konpainia eta HAOSEk) egindako eskaerari erantzuten diola pentsatzen du alkateak. «Guk araudiaren arabera eta 2007ko Auzitegi Goreneko sententzia batek behartzen gaituen ikusmoldearen arabera baimentzen diegu eragileei Alardearen errituarekin bete ahal izan dezaten», dio Enparanek. Joan den urtean arautu zuen udalak honakoa aurreneko aldiz, baita Jaizkibel konpainia gisa desfilatzeko baimena eman ere. 

Dekretu horrek bere ikuspegitik «legedi guztiak betetzen ditu, herritarren segurtasuna bermatzen du, eta ez dut uste eragozpenik sor dezakeenik». Alde horretatik, eragileei eta talde politikoei eskatzen die, «errekonozitu dezaten alkatearen ardura dela desadostasun horretan erregulazio hori egitea, eta intentzio onenarekin egindako dekretu bat da, ahalbideratzailea eta guztiek disfrutatzeko modukoa».

Hala ere, HAOSEk auzitegietan dekretuari aurkeztutako errekurtsoa alkateak sinatutako ebazpenaren neurriak bertan behera utzi eta «udalaren erabakia deslegitimatzen» saiatu dela uste du Enparanek, baina «aukera gisa» ikusten du. Izan ere, epaileak erabakiko duenari erantzun beharko dio udalak egokitzapenik egin behar bada, baina HAOSEk eta Jaizkibelek ere onartu eta bete beharko dute epailearen agindua. Alkateak azpimarratzen duenez, udal teknikari eta legelariek luzaz landutako dekretua da, eta arau guztiekin betetzen duelakoan dago. 

Argi dago, dena den, aurtengo ebazpenak ez duela inor asetu. Jaizkibel konpainiak «ausardia falta» eta HAOSEk «inposaketa» leporatu dioten bitartean, EAJ, PSE eta alkateak gobernukide duen EH Bildu udal taldeak kritikoak azaldu dira erabakiarekin, «tentsio soziala areagotzeagatik» batzuk, eta «eskubideetan aurrerapausorik eman ezean, atzera egitea» delako besteen kasuan. 

Igor Enparan alkateak berak aitortu du aurten «aldaketa adierazgarririk» egiteko baldintzak ez direla eman, aurreko bi urteetan "Keinuen urtea" eta "Administrazioaren urtea" izendatutakoen ondotik. Eta iaz egindako urratsak sendotzeko urtea behar zuela honakoa. Zentzu horretan, elkarrizketan sakondu arren, adostasunik lortu ez, eta tentsioa handitu izanagatik kezkaturik dago alkatea. Baina ziur dago, herria jaiak «soseguz eta errespetuz bizitzeko gai» izango dela.

Haatik, hiru hamarkada ondoren, HAOSEk azpimarratzen duen «Alardea bizitzeko bi ikuspegi antagonikoen» aurrean, Alardearen auzia konpontzeko elkarrizketaren bidea agortu ote den galdetu diogu. Eta Enparanek aitortzen du elkarrizketaren bideak bere mugak dituela. «Bi urte daramatzagu udala kudeatzen eta proposamen batekin etorri ginen, elkarrizketaren bitartez Alardearen auzia konpontzen saiatuko ginela, eta bi urtetan zehar horretan ibili gara, espazio itxietan baita deialdi irekiak egin ditugunean ere», dio alkateak, «baina akordiorik ez dugu lortu orain artean, eragileekin akordatzea ez da posible izan, eta zailtasunak daude». Eta dioenez, horren isla da aurtengo dekretua iazkoaren antzekoa dela.

Herritarren urtea

Aurrera begirakoan, aldiz, «elkarrizketa bitartez jarraitzea da asmoa, baina ez nuke deskartatuko beste bideak esploratzeko saiakerak ere egitea, izan ere, zailtasun horien barruan inor asetuta ez egoteak kezkatzen nau», iragarri du Enparanek. Dena den, "keinuen" eta "administrazioaren" urteen ondotik, "Herritarren urtea" bilaka dadin nahiko luke udal gobernuak. «Herritarrek egin behar dute posible, orain artean posible izan ez dena, errespetua behar dugu denok, ondokoak ezberdin pentsatuta ere», dio.

Argi du alkateak hala ere, oinarrizko eskubideak daudela gainerako guztiaren gainetik. EH Bildutik «eskubideak defendatzen dituen Jaizkibel konpainia eta eskubideak ukatzen dituen HAOSE maila berean jarri» izana leporatu diote alkateari bizikidetzaren izenean. Baina Alardearen auzia gainditzeko, oinarrizko eskubideak oso kontuan hartzen dituela argitu du honek: «oinarrizko eskubide horien baitan sortzen da bizikidetza, eta bizikidetzarik gabe komunitatea osatzea ezinezkoa da, baina sentimenduek ere jokatzen dute auzi honetan». 

Norbere errelatoan gotortutako posizioen dinamika apurtu beharra dagoela uste du Enparanek, eta Hondarribiko Alardearen ospakizunaren oinarrira joan beharra dagoela. Alabaina, 1638. urtean 69 eguneko setio hartatik askatzeko, garaiko hondarribiarrek egindakoa eskertzeko egiten den heinean, urtero botoaren erritua betetzen duen herria da Hondarribia. Hartara, Guadalupeko santutegiaren alde batean dagoen kobazulo txikian, Guadalupeko Ama Birjinaren irudiaren azpian idatzirik dagoen mezua gogoan hartzen du Igor Enparanek, eta herritar orok gogoan har dezala nahiko luke: "Urtu zaite biyon amorez". Hau  da, «garbitasunez urtu gaitezen biok igo arte zerura... Hori da gustatuko litzaidakeena, hori da Guadalupeko amak ematen digun ikasketa sinbolikoa, elkar bizi dezagun hil artean».