Hondarribian kultura sormena eta tokiko sortzaileen lana suspertu nahian dabil udala. Joan den martxoan ateak zabaldu zituen Maddalen Arte Garaikiderako espazio berria, eta Hondarribia Sormen Hiria beka dugu horren irudiko. Baina herrian bertan ez ezik, bertako artistei kanpora begirako proiekzioa eskaini eta haien ibilbidean ortzmuga berriak zabaltzeko aukerak bilatu nahian dabiltza ere.
Helburu horrekin aritu da azken hilabeteetan Judas Arrieta, Maddalen Arte Garaikiderako espazioaren aurtengo komisarioa. Eta herriko bost artistek azaroaren 27tik 30era Euskalduna Jauregian ospatuko den FIG Bilbao, Grabatu eta Paperean Artearen Nazioarteko Jaialdiaren XIV. edizioan parte hartzeko espedizioa antolatzea lortu du udalaren laguntzarekin. Bertan, 50 proposamen baino gehiago elkartuko dira, grabatu tailerrak, arte galeriak, argitaletxeak, artista kolektibo ezberdinak, azken batean, sektorearen aniztasunaren eta nazioarte mailako aberastasunaren adierazgarri baita. Hondarribiko erakustokia, hain justu, Marokoko arte galeria baten alboan egongo dela azaldu dute.
Judas Arrietaren ustez «aukera paregabea» da Sandra Cuesta eta Aiert Alonsorentzat, edota “Hondarribia Sormen Hiria” beka jaso duten Julia Lasa eta Naiara Goikoetxearentzat ere. Berak osatuko du boskotea Bilboko Euskalduna jauregian Hondarribiak izango duen erakuslehio edo erakusketan. Argitu duenez, «normalean arte enpresa eta galeria pribatuek parte hartzen dute bertan», eta beraz, Hondarribiko Udalak egindako apostua ez ohikoa da bertan. Dena den, hautatutako artistentzako ez ezik, «Hondarribia ordezkatzeko eta herri marka aurkezteko aukera» ere bada, herriko artearen sektorea han kokatuz eta erreferentzialtasuna lortze aldera.
Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak aipatu digunez, azken hilabeteetan udalak egindako urratsen segida logiko bat da honakoa. «Hasieran aipatu genuen herriko sortzaileen artean elkar ezagutu eta sinergiak bultzatu nahi genituela, eta sormenerako espazio berriak edo beka sortzeaz gain, herritik kanpora eta modu kolektiboan artisten ibilbidean lagungarria da horrelako erakusketa batean parte hartzea», argitu du Alonsok.
Maddalen espazioko komisario artistikoak, Judas Arrietak eraman du proiektua aurrera. Aitortu digunez, duela zenbait hilabetea herriko sortzaileen lanaren adierazgarria den hautaketa bat egin eta gero, Bilboko FIG erakusketan aurkeztu beharreko txostena osatu zuen, eta onartua izan zela esanez gutuna jaso zutenean, pozez hartu dute aurrekaria. «Aspaldi ez zela herrian horrelako zerbait gertatu», aitortzen du Arrietak. Izan ere, iraultza esatea gehiegi izan daiteke agian, baina Hondarribiko artearen sektoreak loraldi edo pizkunde txiki bat bizi du, eta tokiko sortzaileak norbere tailerraren bakardadetik atera eta espazio berriak eskaintzeaz gain, haien lana balioan jartzeko aukera dute orain.