Abenduaren 12an '470 nm' proiektu artistikoa aurkeztuko du Naiara Goikoetxea artista hondarribiarrak Maddalen Arte Garaikideko espazioan. Joan den azaroaren 27tik 30era bere lanak Bilboko Euskalduna jauregian ikusgai izan ditu, Hondarribiko Udalak sustatuta, Sandra Cuesta, Aiert Alonso, Julia Lasa eta Judas Arrieta artista hondarribiarrekin batera FIG Bilbao XIV. arte azokan parte hartu baitu.
Baina eskarmentua biltzen eta bere lana gizarteratzeko aukera berri bat izango du hilabete honetan Hondarribian bertan. Udalak aurten lehenbiziko aldiz proposatutako Hondarribia Sormen Hiria beka eskuratu zuen proiektu artistiko hau garatzeko. Eta berak azaldu digunez, itsas argiaren tonu urdin bereizgarriaren uhin-elektromagnetikoaren luzeera da '470 nanometro'. Gure begiek argiaren arabera urdin kroma ezberdinetan deszifratu eta urdin ikusten baitute. Ideia horren bueltan, itsasoak eragiten dituen sentimenduak iradoki nahi dituela dio bere obra berriarekin. «Hondarribiak eta nik partikularki itsasoarekin dudan harremana oso berezia da», azaldu digu «argiaren arabera, egunaren arabera bizirik dago, gu bezala batzuetan bareago, beste batzuetan nahasia eta azkarra, aldatzen doa».
Bere obraren ardatz nagusi diren formatu handiko hiru obra sortu ditu egonaldi artistikoan zehar. Hala ere, bere proiektuak kolore baten bueltan baino, «esperientzia sentsorial» bat irudikatzeko helburua du. Eta horretarako, margolanez gain, dagoeneko sare sozialetan iragarri dituen bideoak eta beste zenbait euskarri ere erabiltzen dituela argitu digu artistak. Izan ere, bere proiektuaren piezek puzzle oso bat osatzen duten heinean, «apaingarri edo obra polit eta isolatu bat baino, kontakizun oso bat egiteko helburua du». Eta kontakizun horretan, itsasoarekin bere harremana ez ezik, kolorea, materia eta emozio intimoa eta kolektiboa uztartzen direla azpimarratzen du, berak marrazten dituen eszena ezberdinek oroitarazten diguten bezala «denok dugulako itsasoarekin gure harremana eta eskarmentua».
Abenduaren 12an (19:00etan) aurkeztuko du egindako lanaren emaitza. Eta abenduaren amaiera bitartean, erakusketa zabalik egongo da (abenduaren 12-13 eta 19-20ko asteburuetan goizez eta arratsaldez), eta bera han egongo da behar azalpenak emateko.