Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak berreskuratzearen alde dira Hondarribian denak EAJ salbu

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 30a

Bidasoko ospitalean Larrialdi Pediatrikoak berreskuratzeko mozioa onartu zuen Hondarribiko udalbatzak atzo, EAJren abstentzioarekin. “Terrazak topaguneak” izeneko proiektuari lotutako udal ordenantza ere aurrera atera du udal gobernuak. Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak hasierako proposamenetik behin betiko onartu den artean, dokumentuak aldaketa nabarmenak jaso dituela azpimarratu du. Egindako prozedura eta saioen aktak ere irakurri ditu araudiak jasotako ekarpenak zerrendatuz.

Bidasoko Larrialdi Pediatrikoen defentsarako plataformak aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo Hondarribiko Udal Osoko Bilkurak. Pedro Morrondo Valdeolmillos, ESI Bidasoko gerenteak aste honetan publiko egin dituen lantalde berrantolaketa, kontratazio berri eta osasun zerbitzuak hobetzeko proiektuarekin batera, argi utzi zuen Bidasoko Ospitaleak ez duela Larrialdi Pediatrikorik berreskuratuko. Eta pediatria eredu berria «jendarteak ez duela ondo ulertu» argudiatuta, komunikazio akatsa egin dutela eta «mea culpa» intonatuz, datozen egunetan pediatria zerbitzuen inguruko informazioa emango zaie Bidasoko familiei. Horretarako, eskutitzak bidaliko zaizkie seme-alabak dituzten familia guztiei. 

Morrondok aditzera eman zuenez, goizeko 8:00etatik 17:00etara anbulatorioetan, eta hortik aurrera PAC deritzoten Irungo Erdiguneko lehen arreta zentroan artatzen dutela ziurtatu du. Betiere, erreferentziazko pediatrak jarraipena egin dezan helburu. Horretarako, zazpi pediatra kontratatu dituztela aditzera eman du eskualdeko osasun publikoaren gerenteak, eta guztira 13 dituztela lanean dagoeneko. Eta lehen hilabetetan «deskoordinazioa arazoak» eman direla aitortu badu ere, gaur ESI Bidasoko Lehen Arreta zentroetan (Itsas Etxea, Dunboa eta Irun-Erdigunea) pediatria kontsulten %92 titulardun batek bermatzen dituela hitzeman zuen.  

Zerbitzuak hobera egin duenik ukatzen du, aldiz, Osasun Bidasoa Plataformak. Eta Urgencias Pedriaticas Bidasoa plataformako kideek Bidasoko Ospitalean joan den apirilaren 14an itxi zituzten larrialdi pediatrikoa berriz ere martxan jartzeko exijitu dute, Irungo udalbatzan bezala, Hondarribiko udal ordezkariei ere inplika daitezen eskatuz.

Herritarren aldarrikapenak bereak egin ditu Abotsanitzek, eta 2025eko maiatzaren 31n Irungo kaleetan 12.000 manifestari elkartutako mobilizazioak gogoan hartu ditu EH Bilduk, «Osakidetzak hitzeman zituen hobekuntzak eta aurkeztu zuen hobekuntza plana» ez dela bete salatuz. PSEk ere baiezkoa bozkatu du, «osasungintza publikoaren aldeko apustu garbia» egin duelako beti. Gehiengo batez onartu zuten mozioa, Abotsanitz, EH Bildu eta PSEren baiezkoarekin, eta abstentzio bakarra EAJk eman zuen. Jeltzaleek Osakidetza lanean ari dela azpimarratu zuen abstentzioa argudiatzeko.

Terrazen ordenantza

Era berean, Hondarribiko ostalaritza-establezimenduetako terrazak arautzen dituen ordenantza behin betiko onartu zuten atzo. Alde Zaharreko terrazak arautzeko dokumentua besterik ez zuen udalak orain artean, eta 2008koa zen. Portuan eta herriko gainerako espazioetan arautu beharra ikusita, hasi zen udal gobernua hau lantzen. Eta onarpen proposamena atzoko udalbatzako punturik mamitsuena bazen, EAJk iragarrita zuen, ez zuela ordenantza babestuko eramandako prozesu partehartzailea «itxurazkoa» zela leporatuz.

“Terrazak topaguneak” izeneko proiektua dela nabarmendu zuen atzo Hirigintza arloko zinegotzi Estitxu Urtizbereak. Eta eramandako prozesuaren berri eman zuen udal ordenantza onartu aurretik, sozializazio gune garrantzitsuak izanagatik ere, «ostalarien eta herritarren interesen artean oreka bilatzeko» arautzea beharrezkoa dela azpimarratuz.

Partaidetza prozesuak hasierako dokumentua aldatu duela argitu du Urtizbereak, eta egindako bileretan, parte-hartzaileek egindako proposamen eta ekarpen batzuk zerrendatu ditu udalbatzan, udalaren webgunean zintzilikatuak dauden bilera horietako aktak irakurriz.

Alde horretatik, hasierako onarpenetik hona aldaketa nabarmenak jaso ditu araudi berriak. Izan ere, bileretan bildutako ekarpenez gain, ekainetik urria bitartean luzatutako alegazio epean bost alegazio jaso dituztela argitu dute, eta horietatik zenbaitzuk estimatu dituztela. Batzorde politikoan ere, terrazetako mahaien tamaina, dirulaguntza lerro bat sortzea ostalariek egin beharreko egokitzapen lanen gastuak laguntzeko, edota elbarritasun egoeran dauden pertsonak laguntzeko, ostatuek gutxienez mahai baxu bat eduki behar dutela, eta behar bezala identifikatuta egotea adostu dute.