Hamaika hitzordu berdintasuna Hondarribiko txoko guzietara hel dadin

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 24a

Emakumeen eskubideak erdigunean jartzeko, eta indarkeriarik gabeko Hondarribia eraikitzen jarraitzeko makina bat hitzordu antolatu dituzte martxoaren 2tik 18ra bitartean. Emeki elkarteak herriko eragileekin saretze lana nabarmendu du, «elkarrekin lan eginez programa anitzagoa eta gizarte indartsuagoa» lortzen delako. Aurten, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, Emeki, Bilgune Feminista, M8 Asanblada Feminista Bidasoa, Emakume Pilotarien Elkartea, Marlaxka Xake elkartea, Papillon Zine Kluba eta herriko hiru eskolekin batera ondu dute hausnarketa, ahalduntze eta aldarrikapenerako egitaraua.

Martxoak 8ko Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren bueltan, Emeki elkarteak 1993tik emakumearen ahalduntzeko helburuarekin urtero antolatzen duen egitaraua aurkeztu berri du. 33 urte hauetan, genero ikuspegia lantzeko eta Hondarribiko jendarteak hausnartu dezan, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak edota kirol jarduerak antolatu izan ditu, besteak beste. Tamara Sastre Castillo, elkarteko presidenteak aditzera eman duenez, «beti herriko eragileekin eta elkarteekin saretuz, eta Hondarribiko Udalarekin elkarlanean» ondutako programa izan ohi da. «Elkarrekin lan eginez egitarau zabalagoa eta anitzagoa antolatzeaz gain, kolektiboki lan eginez gizarte-loturak ere indartzen direlako», argitu du Sastrek. 

Hondarribiko Udalak programa antolatzen lagundu ez ezik, jarduerek helarazi nahi duten mezuarekin bat egin du Igor Enparan Araneta alkateak. Udalak berdintasunarekiko konpromiso irmoa zabaldu nahi du udalak, dioenez «berdintasun erreal eta eraginkorra giza eskubideen oinarrizko eskubidea delako, eta ez litzateke aukeren berdintasunik gabe demokrazia justu bat ulertuko».

Bestalde, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistak gaitzesteko mezuak babestea  inoiz baino beharrezkoagoa dela pentsatzen du alkateak. «Gero eta gehiago zabaltzen diren mezu antifeminista eta misoginoek, feminismoaren lorpenak gutxiesten dituzte, eta indarkeria matxista legitimatu nahian ari dira», salatu du Enparanek, eta beraz, Hondarribiko Udalak indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldarrikapena egin nahi duela azpimarratu du, jendarteak balio demokratiko eta berdinzaleetan oinarritutako elkarbizitza nahi duela nabarmenduz.

Aipamen berezia eta merezia

Alde horretatik, aurtengoan ere, eskolartekoei, gazte zein helduei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte martxoaren 2tik 18ra. Herriko eragile ugarik parte hartuko dute, baina hitzordu guztien artean aipagarriena, martxoaren 3an (12:00etan) Emekiko kideek egindako "Hondarribiko Txokoak" liburuaren aurkezpena izango dela azpimarratu du Tamara Sastrek. Elkarteak 1994az geroztik udan antolatzen duen Kaleko Margo Lehiaketan, hiru hamarkada luze hauetan saritutako margolanen katalogo bat dela iragarri dute.

Orotara, 84 margolan jasotzen ditu argitalpenak, eta Tzane Carrillok, margo lehiaketaren eramaileak eta Emekiko kideak azaldu duenez, «herritarrei eskaini nahi diogun herriko altxorra da». Izan ere, elkarteko egoitzan gordeak dituzte gaur egun, baina «margolanak ez dira armairutan gordeak egoteko eginak», dio Carrillok, «erakusketak antolatzeko prest gaude, baina liburuarekin ondare hori balioan jarri nahi dugu, eta hondarribiarrei ezagutzara eman».

Hain justu, 2024an lehiaketaren 30. urteurrena zela eta, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin obra hautatu batzuekin erakusketa antolatu zuten Itsas Etxean, eta arrakasta izan zuen. Obren balio artistikoaz gain, 1994tik herriko txoko kuttun askok jasan duten eraldaketaren lekuko baitira margolan hauek, Tzane Carrilloren begietara, «mihisetan irudikatutako iraganaren nolabaiteko leihoak».

Programazio anitza

Aipamen berezia merezi duen ibilbide luzeko margo lehiaketaren liburuaren aurkezpenaz haratago, M8ko programazioa iragartzeko urtero antolatzen duten Kartel Lehiaketaren erakusketa ere ikusgai izango da martxoaren 2tik 13ra Arma Plazan. Aurten 17 obra aurkeztu dira, eta 21 urteko Noa Iza Goikoetxea hondarribiarraren lana hautatu dute. Egileak kontatu duenez, M8ko mezuaren inguruan pentsatzen hasi zenean hainbat bozeto egin zituen, eta funtsean horren inguruko iruditeria landu du. «Paint tresna erabili dut, horrelako kartel legitimo eta duinak eskura ditugun tresnak erabilita egin daitezkeela erakusteko», azaldu du. Bere mezua aldiz, egunerokoan denok batu behar garela adierazi nahi izan du, berdintasunaren alde eta jarrera matxistei aurre egiteko. 

Eragileek indarkeria matxistak jarri dituzte jomugan, egitarauaren aurkezpenean. 

Martxoaren 2an bertan, Kasino Zaharrean, IX. Xake Ttopara ospatuko dute 18:00etan. Marlaxka Xake Elkarteak urtean zehar herriko 30 bat emakume elkartzen ditu xakean jokatzeko. Eta badira zenbait urte belaunaldi arteko topaketa hau antolatzen dutela. Hortaz gain, martxoak 9an Marlaxka elkarteak "Emakumeak Xake Mahai Gainean" solasaldia antolatu dute Kasino Zaharrean (19:00etan). Elkarteko Goio Uriartek azaldu du, Eihartze Buiza Prieto gonbidatu dutela, Euskadiko eta Espainiako 16 urtez azpiko txapelduna, Sub18 bigarrena, eta kategoria absolutuan hirugarren sailkatu zela duela zenbait urte, eta orain 27 urte dituela, Nafarroako Federazioan teknifikazio ikastaroak eskaintzen ditu. 

Martxoaren 3an, bestalde, 4-7 urte arteko haurrei zuzendutako Ipuin Kontalaria eskainiko du Maite Franko Castrok Zuloaga Etxean (17:00). Eta egun eta ordu berean, Udal Liburutegiak antolatu ohi duen'Literatura Landatzen' genero ikuspegia landuko duen saio berezia izango da.

Era berean, eskolartekoekin lanketa berezia egin ohi du urtero Emeki elkarteak, Martxoak 8an eta Azaroak 25ean. Oraingo honetan ere, Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako ikasleek elkarteak 2020 urtean argitaratu zuen 'Antzina eta gaur' liburuan oinarritutako unitate didaktikoa landuko dute eskolan. Tamara Sastrek azaldu duenez, «herriko hainbat emakumeen lana balioan jartzeko» helburua du, eta martxoaren 6an landutakoaren ispilu izango den mezu eta eskulanen Sare Morea osatuko dute gero, Martxoak 8 plazatxoan 11:00etatik 13:00era.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren asteburuan, aldiz, 2019an Emekik abian jarritako pala eskolaren ohiko Bixi Bixi Pala Txapelketa antolatu dute Jostaldin, (9:30-13:00). Eta igandean, M8 Bidasoako Asanblada Feministaren eskualde mailako manifestazioa izango da, 11:00etan Hendaiatik hasi, eta Irundik jarraituz 13:00an Hondarribian amaitzeko.  feministok bat egingo dute, urtero bezala. Eguna borobiltzeko, Papillon Zine Klubak proposatuta 'Una canta, la otra no' filma proiektatuko dute Polborinean (18:30). 

Martxoaren 13an (19:00etan), aldiz, 'No apto para cobardes' dokumentalaren proiekzioa izango da Kultur Etxean, Emekik antolatuta. Eta martxoaren 18an itxiko dute egitaraua. Baita Bilgune Feministak Hondarribian antolatzen duen bere historiako aurreneko hitzorduarekin itxi ere. Amaia Andrieuk, Bilgune Feministako Hondarribiko ordezkariak azaldu digunez, «transfeminismoari buruz noiz hasi ginen Euskal Herrian hitz egiten, eta zeintzuk diren teoria eta praktika politiko horren gakoak argitzeko helburua du, batez ere ulertu ahal izateko». Alde horretatik, hausnartzeko gonbidapen bat dela dio, «askotan epaiak egiten direlako azkar, eta feminismoa eta transfeminismoaren arteko talka irudikatzen ari direlako arlo askotan, baina aterpe amankomun bat dute», argitzen du. Hitzaldia ematera Elene Lopetegi Olea ekintzaile transfeminista gonbidatu dute. 2025ean "Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?", liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin.