Urak arrastora sartu ezinik eta lan harreman toxikoetan murgilduta

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 18a

Gatazka kronifikatzen duen «higadura eta erantzukizun politikoen ukazioaren estrategia» leporatzen diete Txinzerreko 35 grebalariek Irun eta Hondarribiko alkate eta mankomunitateko buruzagiei. Bi hilabete greban eman dute Cristina Laborda eta Igor Enparanekin martxoaren 12an lehen aldiz bilera lortu arte. Baina horretan bezala, martxoaren 16an Leire Zubitur zuzendariarekin ere, edukirik gabeko bilkura hutsak direla dio ELAko greba komiteak. «Ez dute gure lana baloratzen, gure indarrak agortu nahian dabiltza, errespetu falta lotsagarria erakusten ari dira gurekin», salatzen dute.

Txingudiko zerbitzuetako 84 langileetatik 35 greba mugagabean daramate otsailaren 11z geroztik. Berez, aurretik hasi ziren lanuzte eta grebak egiten, eta halako 30 eginak zituzten urtarrilaren 28an «negoziatu ezean» greba mugagabea hasiko zutela iragarri zutenerako. Izan ere, 2025eko martxoan haien lan hitzarmena berritzeko eskaera luzatu zutenetik ate guztiak jo dituzte, eta «denak itxitak topatu» ondoren, 73 greba egun bete dituzte gaur. Hitzeman zuten bezala, mobilizazioen %20 Hondarribian egiten dituzte (hori delako Hondarribiko Udalak mankomunitatean duen pisua). Eta gaur Martxoak 8 plazaren albo batean elkarretaratu dira 9:30etik 11:00ak arte. 

Grebalariak haserre daude, negoziazio nahia haien aldetik dagoelako, baina ez dago hain argi agintarien partetik haien ustez. «Bilerak eduki aldetik hutsak izan dira orain arte, zuzendaritzak administrazio kontseiluaren ardura dela dio, eta hauek zuzendaritzarena esan dute orain arte, pilota batzuk besteei pasatzen dira», kexu da Arantza Zabala greba komiteko kidea. «Ez dute gure lana baloratzen, are gehiago, errespetu falta lotsagarria erakusten dute gurekin, bai Leire Zubiturrek, baita administrazio kontseiluan agintzen duten Cristina Laborda eta Igor Enparan alkateek ere», salatzen du. Eta batzuekin eta besteekin izan dituzten azken bilerak jartzen dituzte horren adibide.

Edukirik gabeko negoziazio bilerak

Martxoaren 16an elkartu ziren Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzailearekin azken aldiz. «Ustezko negoziazioa dugu martxan, baina ez du eskaintza zehatzik egiten, eta guk azaldu behar izan diogu gutxien kobratzen duen langileak zenbateko ordainsaria duen», dio. Hori negoziazio mahai batean ez ezik, 84 langile dauzkan sozietate publikoaren kudeatzailea den heinean «lotsagarria bezain onartezina» dela salatzen du Zabalak.

Bestalde, martxoaren 12an lortu zuten bi alkateekin bilera. Txingudiko Zerbitzuen Olaberriako egoitza nagusian egin zuten bilkura, eta greba komiteak Leire Zubiturren presentzia eskatu zuen arren, alkate biekin egin zuten azkenik. «Hiru orduko bilera izan zen, eta aitortu dute haien ardura dela, baina lanpostuen balorazio tekniko batean oinarritu beharra dagoela dena», dio Zabalak. Horrek luze joko luke langileen arabera, eta haiek aldarrikatzen dituzten hobekuntzak 345.000 euroko kostua duela kontuan hartuta, «41 milioi euroko aurrekontua duen enpresa publiko batentzat asumiblea da», haien ustetan. 

Alde horretatik, erabakiak hartzeko gaitasuna dutenak «ez daude beren erantzukizun politikoa onartzen ari» diote grebalariek. Eta ELA sindikatuko Alaitz Egiazabalek aditzera eman duenez, 2010etik metatutako erosahalmen galera %20ra iritsi da. Honen berreskurapena eta KPIari lotutako soldata-igoerak eskatzen dituzte. Izan ere, «lan nekeza, arriskutsua eta toxikoa» egiten duten beharginek urtean 28.000€ko ordainsaria jasotzen duten bitartean, FCC enpresari azpikontrataturiko langileek 33.000€ko soldata dute lan funtzio bertsuak egiteko.

Greba luzea eta bere ondorioak

Hortaz, «konponbide erraza eta azkarra» duelakoan daude grebalariak. Baina negoziazio mahaia «luzatzen eta gatazka kronifikatzen» uztea leporatzen diete agintariei. Txingudiko Mankomunitateko lehendakaria (Cristina Laborda, Irungo alkatea) eta lehendakariordea (Igor Enparan, Hondarribiko alkatea) hainbatetan interpelatu dituzte, gatazka honetan «haien erantzukizunaz ardura daitezen» eskatuz. «Baina greba eta gatazka luzatzen doa, eta gure indarrak agortu nahian dabiltzan bitartean, ebentualen eta gutxienezko zerbitzuen esku utzi dute uraren zerbitzua», diote langileek. Greban dauden honetan, ezinbestekoak diren zenbait zerbitzu ere azpikontratatu dituztela argitu dute, «baina lan gatazka konpondu eta negoziatu beharrean, egoera normalizatu nahian dabiltza, ezer gertatuko ez balitz bezala».

Hain justu, aste honetan Leire Zubiturrek berak bezeroak lasaitu nahi izan ditu iturriko uraren kalitatea bermatua dagoela azalduz, eta laborategiko lanpostuak gutxieneko zerbitzu diren heinean, beharrezkoak diren analisiak eta kontrolak egiten direla azpimarratuz. «Baina uraren zikloan eta estoldetan, prebentzio eta ohiko garbiketa lanak ez dira berdin egiten ari, eta epe luzera ondorioak ekarriko ditu berandu baino lehen», dio greba komiteko kideak.