Ane Unanue, EH Bilduko hautetsiak azaldu duenez, 1928an ospatzen hasi zen Euskal Jiraren kasuan, «Irungo nortasun eta historiaren parte izan arren, Irungo Udaletik ez dirudi oztopo horiek bideratzeko elkarlanik abiatu denik». Elkarteak berak argitu duenez, abenduan izandako bileran jakinarazi zioten udalari aurtengo edizioa ez antolatzeko erabakia, eta 2027ko edizioa antolatzeko laguntza eskatu zioten. Baina Joxeja Zabalo, elkarteko kideak joan den astean Antxeta Irratian salatu zuenez, ez dute bestelako erantzunik jaso. Horregatik, «harriduraz» hartu dute elkartetik alarma jo ondoren udalak hartutako erabakia. Izan ere, pandemiaz geroztik antolakuntza eta egoera ekonomikoaren aldetik zailtasun handiak izan dituzte. Eta azken edizioak hainbat elkartek antolatutako ekimenei esker bildutako diru dohaintzari esker, boluntarioen lanari esker, eta elkarteko kideek haien gain hartutako gastuekin egin dute aurrera.
Joan den urtean, aldiz, Euskal Jiraren 45. edizioa ospatzeo udalarekin elkarlana indartu egin zuten, urtetan antolatutako programaziorik oparoena eskainiz. Eta udalak ekimena iraunarazteko beharra azpimarratu zuen. Baina elkarteak dirulaguntza izenduna galdegin du azken urteetan, antolatu ondoren urtero justifikatu beharreko ohiko laguntza ekonomikoen deialdian mantendu beharrean.
EH Bildutik ere «kezka handiarekin» hartu dute udal gobernuak Euskal Jira antolatzeko hartu duen erabakia. Alde horretatik, egoeraz jabetuta, 2024 urtean Irungo EH Bilduk Irungo kultur eragileen egoera aztertzeko eta haien jarraipena bermatzeko prozesu parte hartzaile bat egiteko 25.000 euro adostu zituen udal gobernuarekin. «Baina 2026an oraindik prozesu horren berririk ez dugu, eta azken berriak ezagututa, egoerak okerrera egin duela esan daiteke», nabarmendu du Unanuek.
Elkartegintza sustatu eta babestea ezinbestekoa dela dio EH Bilduk. «Hiritarren parte hartzea eta komunitatea sustatzeaz gain, Irungo kultur sarea ere indartzen dute elkarteek, eta Irungo Udala haien aliatu izan beharrean, Euskal Jira elkarteak mahaigaineratutako zailtasunei muzin egiten die», salatu du Ane Unanuek.
Horrelako erabakiek ez dute soilik Irungo kultur sarea ahultzen, bere ustez, ekimen hauek berezkoa duten izaera komunitarioa eta parte hartzailea ere desagerrarazten dutelakoan baitago EH Bildu. «Udalak urteak lanean eman dituzten eragileak egun batetik bestera alboratu ditzakeela transmititzen da», diote, udala herritar eta eragileengandik hurbilago egon beharko lukeen erakundea dela oroitaraziz, «PSE eta EAJren Udal Gobernuari Irungo kultur sareak sustatzeko benetako elkarlanak abian jartzea eskatzen diogu, eta urteetan Irunen kultura bultzatzeko lanean egon diren horiekin errespetuzko harremanak eraikitzea».