Tren-makinek bagoiei tira egiten dieten bezala, Maddalen Arte Garaikiderako espazioak kulturaren haritik tiratzen jarraitzeko, eta herriko sortzaileei aukera berriak eskaintzen ari die etengabe. Proiektuaren hasiera Judas Arrietak josi ondotik, errealitate berriak ehuntzeko arduraduna, Sandra Cuesta Aizkorbe komisario berria da orain. Eta Harira urteko proiektuaren bigarren erakusketa estreinatu zuten bertan joan den asteburuan.
Cuestak azaldu duenez, urteko lehen erakusketa, Eugenio Ortiz Miguel artistaren "Rabelais Kanta" Kultur Etxean itxi ondotik, Maddalen gunera itzultzen dira orain, eta Harira proiektu artistiko guztiek bezala, Maider Goikoetxea Enparan artistaren “Herritik irten gabe” izeneko erakusketak ere, musikarekin uztartuko dute. Izan ere, apirilaren 24an (20:00etan) Ane Segurolaren proiektu musikalaren eskutik, Saguxar taldearen kontzertua emango dute Maddalen Arte Gunean bertan.
Hondarribia arretaz begiratuta
Erakusketa maiatzaren 15era arte bisita daiteke ostiraletan 18:00tik 20:00etara, igandetan 11:00tik 13:00ra, eta larunbatero goiz eta arratsaldeko ordutegian. Baina artistak berak azaldu duenez, hitzordua eskatuz gero prest dago bisita orduz kanpo ere egiteko. Goikoetxeak aitortu duenez, ez dago bere obra erakusketan aurkeztera ohituta, «ez dut halako beharrik izan orain arte» dio. Eta Maddalen espazioan aurkezten duen bilduma 1998az geroztik sortutako lanek osatzen badute ere, ez daude bukatuak. «Ez ditut bukatu nahi, beti gustatu zait etorkizuna eta iraganarekin jokatzea, eta jakin badakit obra hauek oraindik asko eman dezaketela». Marrazkiak, collageak, eta herrian bertan bildutako maskor, harri eta bestelako materialekin egindako eskulanei egindako argazkiak dira gehienak.
Azaldu duenez, 1998 inguruan sortutako “Heidi” liburutik abiatutako proiektua da espazioan sartu eta ezkerraldeko horman bisitariak aurkituko duen collage modukoa. Glasgow hirian (Eskozian) bizi den Hondarribiko lagun batek, Nerea Bellok, oparitutako liburu batetik abiatutako proiektua da honakoa.
Baina erakusketaren parterik handiena, Hondarribian zehar eta herriko testura eta koloreak ardatz dituen material ezberdinen bidez osatutako bilduma da. Hondarribiko itsasbazterretan bildutako arrantza-hari edo pitarekin aurten egindako koadroen “Zurda” izeneko obra batetik, eta bestetik, Kai Zaharrean eta Jaizkibelgo arroketan bildutako maskor, harri eta azulejuetan transferitutako irudiak.
Hauek ur azpian sartu eta egindako argazkiak aurkezten ditu. Maider Goikoetxeak dioenez, «egunaren arabera, ordutegiaren arabera edo eguzki izpien arabera irudia aldatzen doa, eta argazkiak oso piktorikoak dira, margolanetik bainator ni». Irudi bereziak dira denak, aitortu duenez, bisitari gehienek ez baitakite argazkiak ala margolanak ote diren. Nola edo hala, artea dela oroitarazten du, eta beraz «ikusi beharrean, arretaz begiratu behar» dela azpimarratzen du.
Xarma handiko espazioa
Obra guztiak Hondarribitik atera gabe osatutakoak dira, eta herriko kolore, testura eta istorioak kontatzen dituzte. Alde horretatik, urrutira joan gabe, bere lana Maddalen Arte Gunean erakutsi ahal izatea berezia dela dio Maider Goikoetxeak. «Nire familia arrantzalea da, eta Maddalen karrikan bertan betidanik bizitutakoa», azpimarratzen du, «leku hau oso berezia da niretzat, xarma handia dute espazioak eta bere zutabeek, auzoko eliza izan zirenak». Erakusketan, hain justu, bere amona Alejandraren irudi bat ezarri du, Maddalen espaziotik ikusten den balkoitik begira.
Gogoratu beharra dago, herriko artistentzako espazioa bilakatuta, kasualitatez, joan den abenduan ere, Naiara Goikoetxeak ‘470 nanometro’ obra aurkeztu zuela bertan, Hondarribia Sormen Hiria bekari esker Maddalen Arte Gunean egindako egonaldi-artistikoaren emaitza gisa. Eta bere kasuan, Soroeta-Gain baserrian jaiotakoa izanik, auzoko artistak ari direla kulturarako espazio berria erabiltzen.