Hondarribiko Udalak herritarren ahalegin fiskalaren pareko zerbitzuak eskaintzea lortu duela aldarrikatu du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 29a

2023tik udal gobernu berriaren aurrekontuek izan duten gauzatze maila balioan jarri du Abotsanitz udal taldeak, 2015etik 2023ra EAJ-PNVk exekutatu gabeko proiektuen ondorioz piltatutako 62 milioi euro arteko altxortegiaren aldean. Udal gobernu berriak «diru publikoaren kudeaketa efizientea eta aurrekontu errealak eta egingarriak» egin dituela dio udal talde nagusiak. «Iraganean gertatzen ez zen moduan», gastu eta diru-sarreren arteko «benetako oreka» lortu dutelakoan daude. 

 

2025eko udal kontuen likidazioa egin ondoren, Abotsanitz kudeatzeko gai dela, eta «aurrekontuak errealak eta egingarriak» egin dituela aldarrikatu du. Agintaldi honetan udal gobernuak «herritarren diruaren kudeaketa eta gobernantza eredua» balioan jarri nahi izan du alkatetza duen udal taldeak. Eta horretarako, aurreko bi agintaldien emaitzekin alderatu du azken hiru urteetako udal aurrekontuen bilakaera. 
 
Abotsanitzek argitu duenez, EAJ-PNV gobernuan zela, 2015etik 2023ra «aurrekontu irrealak osatzen zituzten». Diotenez, San  Nikolas  zubia edo Saindua  gaztelekua bezalako proiektuak urtero errepikatzen ziren aurrekontuetan, gerora gauzatu gabe jarraitzeko. Eta horrek Hondarribiko Udalaren kontuetan eragina izan zuen.
 
Pilatutako dirua, egingabekoen ondorio
 
Izan ere, EAJk udalaren ekonomiaren egoera osasuntsua azpimarratu izan du, eta Juan Maria 'Txisun' Altunak, garaiko Ogasun ordezkariak, harro nabarmendu zuen 2022an hamarkada bete zuela Hondarribiko Udalak zergak eta tasak igo gabe. Baina Abotsanitzek dio «altxortegiari begiratu besterik ez dela egin behar» ohartzeko diru publikoaren kudeaketaren garapena. Gogoratu dutenez, 2016ko kontu likidazioa egin zenean 42,16 milioi euro zeuden altxortegian, eta 2021eko likidazioan soberakina 62 milioi euroko langa pasa zuen. «Agintaldi eta erdian, 20 milioiko igoera izan zuen altxortegiak, zerbitzuak eskaini beharrean, altxortegia erabiltzen ez zen diru batekin bete zelako», dio Abotsanitzek.
 
Haatik, 2023tik udal gobernu berriaren aurrekontuek izan duten gauzatze maila balioan jarri nahi izan du Abotsanitzek, «kudeaketa efiziente eta erreala» egin duelakoan. 2025eko kontu likidazioa jarri dute horren adibide. 34.262.533€ zituen  2025eko hasierako aurrekontuak,  2024 urtearekin alderatuta ia %18ko igoerarekin, inoizko handiena. «Gastu eta diru-sarrerei erreparatzen badiegu, harrotasunez esan genezake, beste urte batez, historian gastatu eta jaso den aurrekonturik handiena dela», azpimarratu du Abotsanitzek, herritarrekin hartutako konpromisoa bete dutelakoan. «Urte  horretan  egin  zitezkeen  proiektuak  bakarrik  jasoko  genituela hitzeman genuen aurrekontuetan, herritarrek egin beharreko esfortzu fiskalaren pareko zerbitzu eta proiektuak garatuz, eta gastu eta diru-sarreren benetako oreka bat bilatuko  genuela», gogoratu dute.
 
Hain justu, Igor Enparan alkateak 2023ko abenduan Antxeta Irratian argi utzi zuen aurrekontuen lanketari begira haien asmoa zein zen. «Ez duena balio da, urteetan ikusi dugun ehunka proiektu egingo direla aipatu, eta gero ez gauzatzea. Horrek frustrazioa eragiten du herritarrengan, behin eta berriro saldu zaielako kea», azaldu zuen. Denok azkar jarduteko beharra dugula aitortu zuen, «baina guk egingarriak direnak aipatuko ditugu».
 
Alde horretatik, eta udalaren aurrekontuen eta altxortegi soberakinaren bilakaera aztertuta, «agintaldiaren hiru laurdenak bete ditugun honetan, ozen esan genezake hitzetatik ekintzetara pasa garela, baita aurrekontuetan ere, eta bai planifikazioa zein gauzatze-maila errealak eta baikorrak izan direla, iraganean gertatzen ez zen moduan», nabarmendu du Abotsanitzek.
 
2025 urtean zehar udalak garatu dituen inbertsioak oroitarazi ditu Abotsanitzek: Txiplao eta Santa Engraziako zebra-bideak, Damarri kalearen asfaltatzea, San Markos parkean esku-hartzea, Santiago kalea zaharberritzea, Arrantzale Auzoko berriritartzea, Muliate eta Zezen plazan Led argiak instalatzea, Udal Liburutegiko eta Euskaltegiko teilatuak berritzea, Saindua Gaztelekua, Mendelu Eneako OpenGelako lanak, Udaletxeko behe solairuan esku-hartzea, Loraitz haur-eskolan aerotermia sistema ezartzea, Guadalupeko Gotorlekuko lanak, Gizarte Zerbitzuen obra, Udaleko Zerbitzariak berritzea, Kalbarioko bidea berritzea eta Amuteko Kirolgunea berritzea. 
 
Altxortegi soberakinaren kudeaketa
 
Bestalde, urtetan exekutatu gabeko proiektuen ondorioz Hondarribiko Udalak altxortegian pilatutako dirua arduraz kudeatu beharra dagoela dio Abotsanitzek. Zentzu horretan, EAJ-PNVren agintaldietan 60 milioi eurotik gora banketxean gordeta edukitzeagatik, udalak urtero 100.000 euroko komisioak ordaintzen zituela salatu dute. Orain, aldiz, diru hori inbertitu egin du udal gobernuak. Horri esker, Hondarribiko Udalak urtero milioi euroko etekina lortzen ari dela nabarmentzen du Abotsanitzek, «herritarrentzako zerbitzu gehiago eskaintzeko».