Irailaren 7an Hiriko Urrezko Intsignia jasoko duen Hondarribiko seme-alaba edo kolektiboa proposatzeko epea zabalik

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 17a

Uztailaren 20tik 27ra bitartean 16 urtetik gorako hondarribiarrek euren hautagaiak proposatzeko aukera izango dute. Ondoren, aurreko hiru edizioetan bezala, herritarrek bozkatuko dute, irailak 7an Jai Nagusietan herriko aitortzarik gorena jasoko duen pertsona edo erakundea erabakitzeko. Iaz guztira 1.876 lagunek bozkatu zuten, eta Alberto Lasa Ansalasek jaso zuen Hiriko Urrezko Intsignia. Aurreko bi urteetan, aldiz, Gloria Gonzalez-Aseginolaza biologo eta terapia genikoaren ikertzaileak, eta Carol Atxukarro Gonzalez, zinema makilatzaile, ileapaintzaile eta LGTBIQ+ ikurrak jaso zuten izendapena. 

Hondarribiko Udalak 2026ko Hiriko Urrezko Intsignia hautatzeko prozesu parte-hartzailea martxan jarri du. Irailaren 7an herriko jaietan hiriko izendapen edo aitortzarik gorena erabakitzeko herritarrek proposatu eta bozkatzeko eredua abian jarri zuen udalak 2023an. Eta urtetik urtera parte-hartzea emendatzen doala ikusita, aurtengoan ere, herritarren iritzia oinarri hartuko dute.

Horretarako, uztailaren 20tik 27ra, Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek beren hautagaiak proposatu ahal izango dituzte, udalaren webgunearen bidez edo BAZen. Hautagaiak pertsona fisikoak zein erakunde edo kolektiboak izan daitezke, baldin eta hondarribiarren alde egindako ekarpenagatik aitortza merezi badute. Izan ere, Hiriko Urrezko Intsigniaren bidez, Hondarribiko Udalak herriaren garapenean, bizitza sozialean, kulturalean, ekonomikoan edo bestelako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsona eta erakundeen lana, konpromisoa eta ekarpena aitortzen ditu.

Behin proposamenak jasotzeko epea amaituta, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hautagaitzak aztertuko ditu uztailaren 28tik abuztuaren 4ra. Eta baldintzak betetzen dituzten hautagaien artean, gehienez hiru aukeratuko dituzte azken bozketara igarotzeko.

Urrezko Intsignia jasoko duen finalista erabakitzeko bozketa abuztuaren 6tik 21era bitartean egingo dela iragarri dute. Ekimena abian jarri zutenetik urtero parte-hartzeak gora egin du. Iaz 1.876 bozka bildu zituzten guztira, eta 1.106 herritarren bozka jaso ondoren, Alberto Lasa Ansalak hunkiturik eta bere senide zein herrikideez inguraturik. Parrokiko Abesbatza eta Txistularien Alardeko zuzendari, Goxoki eta Zurbesta koruen sortzaile ere izan da. 1991-1995 Kultura zinegotzi zenekoan, Herri Kanta Jaialdia, Musika Eskolaren sorrera edota Psilocybe aretoa bideratu zuela gogoan hartu dute, besteak beste. Joan den urtean, Sorotan Bele musika taldeak 413 boto eta Maria Jesus Berrotaranek 354 boto jaso zituzten azken bozketa horretan.

2024an Gloria Gonzalez-Aseginolaza biologo eta eritasun arraroen eta terapia genikoaren goi mailako ikertzaile hondarribiarrak jaso zuen aitortza, 462 botorekin. Done Pedro Itsasgizonen Kofradiari (162 boto) eta Hondarribiko Ikastolaren sortzaileei (150 boto) eman zieten herritarrek. Eta Urrezko Intsignia herritarren bozka bidez erabaki zen aurreneko urtean, aldiz, guztira 1.022 pertsonek eman zuten bozka, hiru finalisten artean Carol Atxukarro Gonzalez hautatuz, Bartzelonan bizi den zinema makilatzaile eta ile-apaintzaile saritua, eta LGTBIQ+ ikur eredugarria izanagatik.