Carla Emazabel Amunarrizen lekukoa hartuko du larunbatean Olaia Goikoetxea Goikoetxeak Hondarribiko arrantzaleen Kutxa usadio zaharraren eramaile lanetan. Done Pedro Itsasgizonen Kofradia Euskal Herriko elkarte edo egiturarik zaharrena da, izan ere, 1.361. urtean sortu zen garaiko agintariek onartuta. Aurretik ere bazegoen arrantza handia Hondarribian, balearen ehizari buruzko lehen dokumentazioa 1200. urtekoa baita, Alfontso VIII. Erregeak urtero bale bat eskatzen zielako arrantzaleei.
Hartara, Kofradiak egutegian larriz markatutako hainbat egun dauzka urtero bizi dituztenak. Arrantzaleentzat garrantzitsuak diren San Pedro eguna bezala (ekainak 29), joan den astean ospatu berri duten Karmen Amabirjinaren jaieguna, itsas-prozesioarekin. Abenduan, berriz, gabonen atarian Txikitua banatzeko ohitura dute. Garai batean arrantzaleen miseria leuntzeko asmoz, Kofradiako kideei 5 kilo bakailao eta 7 litro olio oparitzen zitzaien gabon sari gisa. Eta gaur egun beharrezkoa ez bada ere, ohitura gordetzen dute.
Eta urtero, uztailaren 25ean, Santiago Egunean ere, garai bateko Kutxaren usadioa gordetzen dute berdin, arbasoengandik jaso zuten bezala. Kutxa eramateko arduraduna arrantzale baten alaba da beti, Kofradiako Abade Nagusiak hautatuta. Ohitura zaharra bada ere, Kofradian ere ez dakite zehatz-mehatz noiztik egiten den. «Inork ez daki, baina izan daiteke Euskal Herriko usadiorik zaharrenetarikoa», aitortzen du Olaia Goikoetxeak harrotasunez. 23 urte ditu, eta aurten berari egokitu diote Kutxa eramateko «ardura eta ohore handia».
Arrantzale leinuko herriko alaba
Olaiaren aita Itsasoan izeneko arrantza-ontzian dabil lanean, eta Norberto Emazabel Abade Nagusiak hautatu dezan hori ezinbesteko baldintza bada, arrantzaren sareak aski zabalak dira Goikoetxea familian. Olaiak kontatu digunez, bere bi aitonak ere arrantzaleak baitziren, eta amona sare konpontzailea. Alde horretatik, ulergarria da Kutxa eraman ahal izateak familian piztu duen poza. «Familian beti ikusi izan dugu ekitaldia, eta neska txikia zarenean pentsatzen duzu ea noizbait aukera izango ote duzun, eta aukera hori eman da», dio kontent.
Hondarribia itsas herria dela ez dago zalantzarik. Baina gesala usaina ez da denentzat berdina. Kaletar askok arrantza urrun ikusten dute gaur egun, eta Kofradiari lotutako ohiturak arrotz xamarrak zaizkie. Eta uda garaian ospatzen den heinean, Hondarribian dauden bisitarien erreklamu turistikoa ere bilakatu da azken hamarkadatan. Baina Olaiaren ustez, «arrantzaleen familientzat ez ezik, Hondarribian oro har Kutxari garrantzia ematen zaio», argitzen du. Eta azken asteetan jende askok zoriondu duela da horren seinale.
Arrantzale familiako alaba den heinean, beretzat aita arrantzale izatea normala da. «Beti ikusi izan dut itsasora zihoala lanera, eta lehorrera bueltatzen zela bi egun atseden hartzera», kontatu digu Olaiak. Gaur egun barkuetan wifia dutenez, harremanetan egon ohi dira sarri, baina lantokia itsasoa duelako hain zuzen ere, Santiago Egunak arrantzaleentzat duen garrantzia nabarmentzen du Olaiak, «udan kanpaina bete betean daude, baina egun horretan denak etxera datoz ospakizunerako, eta familia elkartzeko egun polita izaten da».
Ekimen sinbolikoa baino gehiago
Olaia Goikoetxeak aitortu digu, aurtengo uda lasai hartzeko asmoa zuela. Baina ekainaren 29an Kutxaren eramailea izango zela jakinarazi ziotenetik «mugitua eta gozatzekoa» bilakatu dela. Izan ere, hilabete osoa darama prestatzen. Jantziak eta Kutxa eramaileak soinean daraman mantoiaz gain, entrenamendu fisikoak egin behar izan ditu Kutxari egokitzeko, larunbatean ahalegin handia egingo baitu.
Arrantzaleen Hermandadeko arkupeetatik Alde Zaharreko parrokiara Kutxa buru gainean eramango du, eta barruan daraman Kofradiako urteko arrantza kontuen liburuak sakristian irakurriak izan ondoren, bedeinkazio guztiekin eta Kutxa barruan liburuak eta bi erlikiarekin egingo du itzuliko bidea musika bandak markatzen duen erritmoan. 18 kiloko pisua du Kutxak, eta ekitaldia amaitutakoan, prozesioa Hermandadeko arkura itzultzen da, musika bandarekin batera, arrantza oparotasun erritua hasiko du orduan.
Horretarako, bere buruari birak eman behar dizkio Kutxa buruan eusten duela. Eta tradizioaren arabera, zenbat eta bira gehiago eman, orduan eta ugariagoa izango da arrantza urtea. «Hori da tradizioak diona, baina ez da egia, sinbolikoa besterik ez da», dio Olaia Goikoetxeak, «ez diot bira kopuru bat nire buruari erronka bota, baina egunaren araberakoa izango da, ez ditut markak apurtzeko asmorik».
Nolanahi ere, sasoi onekoa behar da izan, eta horretarako prestakuntza nabarmena egin du Kutxa eramailea izango zela jakin izan zuenetik. Hilabete eskas honetan astelehenetik ostiralera entseguak egin baititu Jaitzubian. «Beko Errotan egin ditugu probak, ibilbidea 20 minutukoa dela kontuan hartuta eta hasieran Kutxa hutsik hasi nintzen, gero pixkanaka pisu gehiago sartu diogu», azaldu digu. Azken probetan 18 kilo baino gehiagorekin saiatu dela aitortu digu, «Santiago Egunean errazagoa suertatzeko». Gero eguraldiaren baitan, udagiroko eguna izan, euritsua ala beroa, aldagai guztiak kontuan hartu behar direla gogoratzen du.
Modu batean zein bestean, eta biraka egin ahal izango dituen zifrak alboratuta, bizitzan behin baino ez du izango herriko arrantzaleen usadio zaharra betetzeko aukera. Gozatzeko eguna izango dela dio, «datorren bezala bizitzea merezi duen horietarikoa».