Abuztua estreinatzeko Udako Merkatua antolatu dute San Pedro kalean

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 24a

Herriko 20 dendari, artisau eta sortzaileen postuak bilduko ditu Hondarribiko Udako Merkatuak abuztuaren 1 eta 2an. San Pedro kalean egingo da eta tokian tokiko kontsumoa suspertzeko azoka eskaintzarekin batera, hainbat tailer eta jarduera antolatu dituzte bertako eragileen laguntzarekin. Aurtengo nobedade nagusia, musika eta zuku ekologikoen dastaketak izango dira, larunbatean Sagarrek sagar ekoizlearekin, eta igandean El Curry Verde jatetxearen eskutik.

Herriko dendari, artisau eta artisten lana balioan jarri eta haien produktuak merkaturatzeko sendotutako espazioa bilakatu da Hondarribiko Udako Azoka. Abuztuaren 1 eta 2ko asteburuan San Pedro kalean ospatuko dute berriz. Udalak aditzera eman duenez, egutegian aldaketak egin behar izan dituzte Arraun Festa dela eta. Bi ekimenek bat egin ez dezaten astebete aurreratzea erabaki dute. Bi egunetan 11:00etan irekiko dute azoka, eta larunbatean 21:00ak arte zabalik egongo bada, igandean ordubete lehenago itxiko da.

Estitxu Urtizberea, Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotziak argitu duenez, eguraldi txarra bada, azoka bertan behera utziko dute. Baina udako sasoi bete-betean San Pedro kalean horrelako merkatu bat antolatzea udalak aurrera daraman politika komertzialarekin bat dator erabat. «Aurreko gobernuak Butroi pasealekuan antolatzen hasi zuen, baina haizea egon ohi da eta itzalik ez duen eremua da, aldiz, San Pedro kaleak xarma berezia du eta pasoko bidea denez egokiagoa da», azpimarratu du azken urteetan kokagunearekin asmatu dutelakoan.

Bertakoa, kalitatezkoa eta bakarra

Bestalde, azoka hauen arrakastaren oinarrian produktuaren kalitatea dagoela uste du Urtizbereak. «Herriko artisauek eta dendariek saltzen dituzten produktu gehienak seriez kanpokoak dira, eta dituzu beste inon aurkitzen», gogoratu du zinegotziak, «eta Udaletik landu dugun Merkataritza Plan Estrategiko berriaren ardatzetako bat, horixe bera aurreikusten du, horrelako merkatuen bidez bertakoa ikusarazteko espazioak eskaintzea». 

Alde horretatik, plana osatzeko egindako azterketen arabera, herriko merkataritza-sareak azken urteetan Internet bidezko plataformek suposatzen duten mehatxuari ongi eutsi diote, eta denda kopurua mantendu ahal izan da. Baina bisitariez gain, hondarribiarrek herrian bertan kontsumitzeko ohitura sustatu nahi dute. «Diru ihes handia dago, jendea herritik kanpora doalako erosketak egitera, eta tokian tokiko kontsumoa sustatu nahi dugu», azpimarratu du Urtizbereak.

Ahalegin horretan kokatzen dute Udako Merkatua. Baita urtean zehar herrian antolatu ohi dituzten antzeko azokak ere, Gabonetako Merkatua izan, edo Bertako Produktuaren Astean antolatu ohi dutena izan. Abuztuko lehen asteburuan antolatu duten Udako Merkatuarten zazpigarren edizioak hogei postu, dendari, artisau edo proiektu bilduko ditu. 

Eskaintza eta berritasunak

Azokan bertan eskainiko dituzten postuekin batera, hainbat tailer eta jarduera osagarri proposatuko dituzte aurtengo edizioan. Abuztuak 1, larunbatean, programak 4eta2-k antolatutako Pinta con telas haurrentzako tailerrarekin hasiko da 12:00etan, bost urtetik gorakoei zuzendua. Edari naturalak lantzeko apustua egin dute, eta horretarako 13:00an Sagarrek sagardo ekologikorako sagar ustiakuntza irundarrak bere zuku ekologikoen dastaketa eskainiko du. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, euskarazko ipuin-kontaketa egongo da, eta 20:30ean programatutako sari eta opari zozketarekin amaituko dute.

Abuztuak 2, igandean, 12:00etan hasiko dira Lamiarri Tattoo Studiok eskaintzen duen Cometas al cielo haurrentzako tailerrarekin. Musika 12:30ean iritsiko da Bombadil Sound-en zuzeneko biniloen hautaketarekin, El Curry Verde-k proposatutako udako zukuen dastaketa lagunduz. 17:00etan, Amparo eta Maitere kale-antzerkiak San Pedro kalea animatuko du, eta 19:30eko sari-banaketa egingo dute. Izan ere, aurreko urteetan bezala, bezeroen artean erosketa-txartelak banatuko zozkatuko dituzte.