1976ko irailaren 8an, Hondarribiko Alardearen egunean, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko herrian egindako mobilizazioan hil zuten 24 urteko irundar gaztea. Enrique Pascual guardia zibilak tiroz hil zuen. Epaitu eta zigortu zuten hilketagatik, baina ez zen kartzela zapaltzera iritsi. Izan ere, Burgosko Kapitaintza Orokorraren dekretu baten bidez auzia artxibatzea erabaki zuten, eta 1977an aske utzi zuten.
Orain, 50 urte geroago, Espainiako Gobernuak aitortu du arrazoi politikoengatik hil zutela Josu. Aitortza modu ofizialean egin dute, eta joan den uztaila hasieran Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Ángel Víctor Torres Pérezek eman zien eskura dokumentua Josu Zabala Erasunen familiari.
Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialdek azpimarratu du, estatuaren biktimaren aitortza lorpen «ukaezina» dela. «Isiltasun instituzionala hausten duelako, ate bat irekitzea dakarrelako, Zabala Erasun familiak mende erdiz amore emateari uko egiten ez dionaren indarraz kolpatzen jarraitu duen atea», esan du Garaialdek. Hala ere, familia egia judizialaren bila ari da oraindik. Estatuko indarkeriaren biktimek pairatzen duten diskriminazioa jasan baitute mende erdiz.
San Pedro kalean herritarrek egin duten lore eskaintza
Gaur, aldiz, Hondarribian, Josu akatu zuten txokoan egin dio Hondarribiko herriak omenaldia hilketaren 50. urteurrenean. Hondarribiko eta Irungo Udalek eta Egiari Zor Fundazioak antolatutako ekitaldian erakutsi dute, mende erdi eta gero, haren memoriak bizirik jarraitzen duela. 1976 urteko Alarde egun hura, trantsizio garaiko une latz baten erdian gertatu zen. Eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak gogoratzen duenez ez zen gertaera isolatua izan. «Kontatu izan digute trantsizioa baketsua eta eredugarria izan zela, baina Hondarribian eta Euskal Herriko txokotan ere errepresioa egon zen, eta giza eskubideen urraketak ere», argitu du alkateak.
Guardia Zibilaren indarkeriaren aurrean, Josu Zabala Erasun hil eta Hondarribiko herriak segituan hartu zuen lekukoa, eta eskualdean ez ezik, Euskal Herri osoan azkar hedatu ziren mobilizazioak. Herriak kaleak hartu zituen, eta poliziaren erantzuna errepresioa izan zen, jazarpena. Josuren hilketa ikur bilakatu zen trantsizioan, eta Hondarribian irailaren 8 hartan gertaturikoa herritarren memorian iltzatua geratu bazen, horren irudiko izan da gaurko omenaldia. Josu ezagutu edota egun haietako lekukorik ez baita falta izan 50 urte ondoren antolatutako omenaldian.