Hondarribiko Auzoekin programak interesa piztu du atzerrian ere

Koldo Nausia

Adinekoen bakardadea prebenitzeko zaintza komunitarioa sustatzen duen proiektua, 2024an Zabalduz kooperatibarekin eta Adinberrirekin elkarlanean abian jarri zuten Hondarribian. Eta gaur egun Auzozain Sarea osatzen dihardute, baina Gibeleta-Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalean ekintza komunitarioak martxan dituzte. Danimarkako Aarhus hirian ospatu den zaintzari buruzko nazioarteko kongresu batera gonbidatu dute Hondarribiko Udala orain arteko esperientzia partekatzeko.

Hondarribiko Udala adinekoen zaintza komunitarioan eta bakardadea prebenitzeko politiketan punta puntako proiektua martxan du. 2024an abian jarri zuten Zabalduz kooperatiba eta Adinberriren eskutik, eta garatutako Auzoekin programak atzerrian interesa piztu du dagoeneko. Joan den apirilean Albanys Montilla, Venezuelako Komunen eta Gizarte Mugimenduen ministrordea Euskal Herrian izan zela Hondarribira hurbiltzeko aukera aprobetxatu zuen, eta Hondarribiko udal agintariekin egindako bileran AuzoEkin proiektuarekin interesatu zen.

Oraingo honetan, Hondarribiko Udala Danimarkako Aarhus hirian ospatu den zaintzari buruzko nazioarteko kongresu batera gonbidatu dute esperientzia partekatzeko. Bakardadeari eta harreman sozialei buruzko nazioarteko kongresu horretan, gizarte-isolamenduari aurre egiteko Europako hainbat lurraldetan garatzen ari diren estrategiak, politikak eta esperientziak ezagutu eta partekatu ahal izan dute. Bertan Hondarribiko Udalarekin batera, Social City Vienna (Austria), Santa Casa da Misericórdia do Lisboa (Portugal), Fingal County Council (Irlanda) eta Aalsteko Udalak (Belgika) garatzen dituen proiektuak aurkeztu dituzte. 

Josu Peña, Hondarribiko Gizarte Kohesiorako zinegotziak azaldu digunez, pertsona, komunitatea eta auzo dinamikak indartuz, Hondarribiko AuzoEkin ekimenak atzerrian interesa piztu du. «Aitortu behar dugu hasieran galdu samar genbiltzala, baina zahartzaroa etorkizuneko erronka handienetako bat dugu gizarte bezala, eta Adinberriren eskutik aukera aprobetxatu genuen Hondarribian auzoak indartuz zaintza hobetzeko», dio zinegotziak.

Hondarribia, zahartutako herria

Zabalduz kooperatibarekin hiru urteko hitzarmena sinatu zuten, eta herrian adinekoen diagnostiko bat egin ondoren, behar handiena izateaz gain, dinamika komunitarioa abian jartzeko aproposenak ziren auzoetan hasi ziren lanean, Gibeleta-Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalean hain zuzen. Bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako 1.073 lagun daude Hondarribian, eta egindako diagnostikoan Jaitzubia 60 urtetik gorako zahartze-tasarik handiena duen Hondarribiko auzoa zela zehaztu zuten, bizilagunen %32,5. Baina Puntalea (%32), Gornutz (%31,3), Akartegi (%30,5), Portua (%30,3) eta Arkolla (%27,5) auzoak ere, herriaren batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira. Eta auzo gazteenak Zimizarga (%12,9) eta Amute-Kosta (%18,3) diren bitartean, Mendelu (%25) eta Alde Zaharra (%20,8) dira besteak. «Ezin dugu ahaztu Hondarribiak zahartze-tasa handiagoa duela inguruko udalerrietan baino», gogoratzen du zinegotziak.

Era berean, 80 urtetik gorakoen tasa %7,7koa da herrian. Eta aurreko datuen dinamika errepikatzen da. Zimizarga (%2,4) eta Amute-Kosta (%5,4) auzoetan dago bertako bizilagun kopuruen proportzioan tasarik txikiena. Aldiz, Portua auzoa da alde horretatik auzorik zahartuena, portuarren %11,5 laugarren adinekoa baita. Era berean, Arkolla (%11,2) eta Gornutz (%10,8) ere tasa altuak dituzte. Josu Peñak azpimarratu duenez, «esku-hartzerako garaian ere hau kontuan hartu beharra dago». Izan ere, Portua auzoan beren etxeetan bakarrik bizi diren 98 lagun daude gaur egun 80 urtetik gorakoak.

Proiektua garatzen joan dira, eta Auzozain Sarea hiru mailatan antolatu dute. Auzozain Profesionalak (udaltzain, mediku, gizarte-langileak eta abar...), adineko pertsonak berak aukeratuko dezakeen akonpainamendua egingo duen boluntarioa, Auzozain Pertsonala izango dena (dendari, ostalari, bizilaguna eta abar...), eta azkenik, Auzozain Dinamizatzailea. Azken honetan «gaur egun kafe tertuliak, adimena hobetzeko tailerrak eta ibilaldiak egiteko taldeak ere egiten dira», gogoratzen du Peñak.

Danimarkan aurkeztu dute proiektua, eta beste herrialdeetako esperientzietatik ere ikasi ahal izan dute. Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, bere ustez, «ikuspegi komunitariotik aurerratuagoak gaude hemen, gizarte zerbitzuen egituraketaren aldetik, baina adinekoen zaintza eta zahartzaro aktiboan Europan osasungintzaren bidetik daude aurreratuagoak», kontatzen du, «kongresuan asko ikusi eta ikasi dugu». 

Alde horretatik, Osakidetzatik adinekoen osasunari lotuta, aurrerantzean bakardadearen prebentzioari garrantzia handiago eman beharko zaiola uste du. Baita Gizarte Zerbitzuekin lankidetza sakondu ere.