Albanys Montilla, Venezuelako Komunen eta Gizarte Mugimenduen ministrordea (Barquisimeto, Venezuela, 1997) Euskal Herrian izan da, Elkartasun Keinua Venezuelarekin kolektiboak gonbidatuta. Testuinguru horretan, larunbatean (apirilak 25) Euskal Herria–Venezuela II. elkartasun topaketak ospatu ziren Astigarragan, Montillaren parte-hartzearekin.
Bidasoaldeko proiektu komunitarioak
Euskal Herrira bisita aprobetxatu du Venezuelako agintariak Bidasoa eskualdeko hainbat proiektu eta ekimen komunitario ezagutzeko ere. Helburu horrekin, astelehenean Hendaian izan zen Antxeta Irratiak gonbidatuta.

Irrati komunitarioaren 25 urteko proiektua eta etorkizuneko erronkak ezagutu zituen bertatik bertara, Agus Hernan eta Aitor Errazkin Basurko, Antxeta Irratia eta Pausumedia elkarteko arduradunekin.
Antxeta Irratian gaur egun garatzen ari diren bideoaren inplementazioa, sare sozialen erabilera estrategikoa eta, bereziki, gazteak irrati komunitarioetara hurbiltzeko estrategiak aztertu zituzten. Aldi berean, Montillak Venezuelako komunetan antolatutako irrati komunitarioetan garatzen dituzten esperientziak partekatu zituen, komunikazio herrikoiaren ikuspegitik, betiere, informazio eskubidea eta adierazpen askatasunaren garrantzia nabarmenduz.

Ondoren, Irunen, BDSKOOP eraldaketa fabrika, eta bertako bi proiektu kooperatibo ezagutu zituen. Tokian tokiko banaketa eta paketeria zerbitzua bizikletaz eskaintzen duen Badoa, eta elikadura burujabetzaren bidean ibilbide luzea egin duen eskualdeko Labore Txingudiren saltokia ere bisitatu zituen.
Harrera instituzionala Hondarribian
Arratsaldean, aldiz, Hondarribiko udaletxean harrera instituzionala egin zioten udal agintariek. Bertan izan ziren Abotsanitz eta EH Bilduko udal gobernuko ordezkariak: Igor Enparan Araneta alkatea, Estitxu Urtizberea alkateordea (Hirigintza eta Mugikortasuna), Garoa Lekuona (Euskara eta Ingurumena), Lupe Queiruga (Hezkuntza, Gazteria, Prebentzio Komunitarioa eta Kirola), Josu Peña (Gizarte Kohesioa) eta Aitzol Arroyo zinegotzia.
Udal areto nagusian bilera egin zuten, eta Igor Enparan alkateak Hondarribiaren historiaz eta herriko etxeak gaur egun dituen erronken berri eman zion Albanys Montillari, baita udaletxetik martxan dituzten hainbat proiekturen berri eman ere. Bereziki aipatu zituzten, etxebizitza larrialdiari aurre egiteko garatzen ari diren udal politikak.

Albanys Montillak, bere aldetik, Venezuelako proiektu komunalen nondik norakoak azaldu zizkien udal ordezkariei, baita herrialdeko egoera politiko berriaz ere. Interes berezia agertu zuen Hondarribian garatzen ari den “Auzoekin” zaintza komunitarioko egitasmoari buruz. Horren xehetasunak Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eman zizkion Venezuelako Komunen eta Gizarte Mugimenduen ministrordea.
Bilkura amaitutakoan, Igor Enparan alkateak Alde Zaharrean zehar bisita gidatua eskaini zion Venezuelako ordezkaritza politikoari.