Hondarribiko artistek herriko kaleak hartu dituzte. Hondarribiko Udalak bertako artisten sorkuntzak herriko paretak apaintzeko dinamika hartu du azken urteetan, baita martxa hartu ere. Hainbat baitira horren lekuko ditugun hormak herrian. Judas Arrieta margolariaren eskutik auzolanean bultzatutako proiektuak ditugu horietariko batzuk, Mendelun saihesbidearen azpiko horman auzoko bizilagunekin egindako proiektua, edota Hondarribia Kultura ekimenaren baitan ere, 2024ko udaberrian Muliateko Kandido Saseta plazan auzoa batzeko helburua zuen murala. Irudi berria, kultura bizia lelopean ‘Etorkizuna’ izendatu zuten 3,40 x 20 metroko horma irudia.
Urte bereko abenduan, aldiz, Euskara Sailetik bultzatuta, eta Euskal Azokaren egitarauaren kultur ekimenen baitan, Jabier Ugarte kaleko BAZ bulegoaren parean, Naiara Goikoetxea artista hondarribiarraren eskutik mural baten margoketa egin zuten 12-18 urte arteko gazteen parte hartzearekin. Eta jarraian, 2025eko urtarrilean, Itsas Etxea izan zen sorkuntzarako margo-oihala. Ainara Oskoz Bergaretxe hondarribiarrak, Jone Iturriaren laguntzarekin “Murgildu” izeneko murala egin zuten Itsas Etxea auditoriumaren kanpoaldeko hormetan.
Eta dinamika honek ez du etenik. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, «hutsik dauden espazio publikoak biziberritu eta herriko artistei eta talentuari aukera eman nahi dizkie Hondarribiko Udalak». Eta oraingo honetan, Ane Gomez Landa artistak Zumarditik Kostako baratzeetara doan tunelean esku-hartu du. Hondarribia Sormen Hiria bekari esker garatu duen proiektuak tunelaren hormetan utzi du aztarna. Artista gazteak dioenez, «hausnarketarako gonbidapen» bat ere izan nahi du.
Herriko baratzeak balioan jartzea
Izan ere, “Baratzak Bizirik” erakusketak herriko lurrak egunero lantzen dituzten nekazariak eta horri lotutako bizimoduak jarri ditu erdigunean. Artistak dioenez, eguneroko paisaiaren parte badira ere, «ez diegu arreta nahikoa eskaintzen, baina elikagaiak ekoizteko eremuak baino gehiago dira, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzaren gordailuak, eta herriko paisaiaren, kulturaren eta nortasunaren parte».
Hau guztia kontuan hartuta, Hondarribia Sormen Hiria bekaren bidez garatutako proiektua ez da Kostako tunelean ikus dezakegun hora-irudira mugatzen. Baratze horiek lantzen dituzten pertsonak, haien esperientziak eta eguneroko lana jaso nahi izan baitu artistak, eta horretarako herriko baserritarrekin elkarrizketak egin ditu sorkuntza-prozesuan. Bildutako materialarekin hiru minutuko bideo bat sortu du, eta horma-irudiaren zirriborro eta margotze fasearen irudiekin proiektuaren garapenaren berri ematen duen erakusketa antolatu du Maddalen Arte Gunean. Etxeko txikienek ere izango dute beren lekua erakusketan. Margotzeko horma bat izango dute, sormenari bide eman eta gure lurretan zer landatzen dugun ikasteko aukera izan dezaten.
Aipatutako erakusketa azaroaren 1era arte bisita daiteke larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 14:00etara. Baina astean zehar bertaratu nahi dutenek hitzordua eskatu dezakete honakoa posta elektronikora idatziaz maddalen.arte.gunea@gmail.com