Hondarribiko Udalak abian jarritako AuzoEkin proiektuaren helburu nagusia adinekoen desiratu gabeko bakardadea saihestea, eta zaintza komunitarioa sustatzea bada ere, lerro artean auzoz-auzo ekimen ezberdinak barneratzen ari dira. Joan den udaberrian adineko pertsonekin eta partaide ezberdinekin abian jarritako Kafe Tertulia eta ekintzen haritik, norbere auzoaren historia eta oroitzapenak partekatzeko espazioa ere bilakatzen ari da. Eta oinarri hori hartuta, Zabalduz kooperatibako teknikariekin batera, argazki zaharren erakusketak antolatzen ari dira auzoz-auzo.
Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotziak argitu duenez, «auzo aktibazioa eta komunitatea indartzeko helburua du». Lehen froga joan den udan egin zuten Arkolla-Zimizargako argazki zaharrekin, bereziki auzoko baserrienak. AuzoEkin proiektuaren eskutik, Ballestanea jatetxean antolatzen dituzten kafe tertulietatik abiatu zen ideia, eta Hondarribiko Udal Artxibategira jotzeaz gain, bizilagunei eskatuta 30 bat argazki zahar bildu zituzten, eta Santiagotxoko jaiak aitzaki hartuta aurkeztu zuten erakusketa. Joan den urriaren 23an, aldiz, Mendelu auzoko argazki zaharren erakusketa aurkeztu zuten Mendeluenean. Eta urriaren 29an, ostegunean, Alde Zaharreko irudiekin egindako bilduma aurkeztuko dute.
Josu Peñak dioenez, «argazki zaharren atzean historia dago eta istorio asko kontatzen dira, eta horiei esker auzokideak elkar ezagutu eta parte hartzeko aukera ematen du». Orain artean egindako bi ekimenetan frogatu dute argazki horiek izkutatzen dituzten istorioak berreskuratzen dituztela, eta «auzoen memoria bizia gordetzeko modu bat da, azken urteetan auzoak jasan dituen aldaketak aipatu eta konturatzeko».
Horiek hala, Alde Zaharra nola aldatzen joan den, haren historia eta bizilagunen oroitzapenak partekatzeko arratsalde berezi bat antolatu dute auzoko argazki zaharren erakusketaren bidez. Erakusketa Gipuzkoa plazan aurkeztuko dute 17:00etan. Eta erakusketa ikusi ondoren, Arkupe Galerian elkartuko dira solasaldi txiki bat egiteko. Bertan, auzoko bizitza nolakoa zen gogoratuko dute, auzokideen arteko harremanez, elkarri ematen zitzaion laguntzaz eta zaintzez hitz egingo dute. Helburua baita, funtsean, gaur egun ere komunitatea nola eraikitzen dugun hausnartzea. Udalak iragarri duenez, jarduera amaitzeko, merienda bat izango da, oroitzapenak partekatzen jarraitzeko, eta elkarrekin egoteko.
Ekimena herriko ahalik eta auzo gehienetara zabaltzeko asmoa dute antolatzaileek. Eta iragarri dutenez, Arkolla-Zimizarga, Mendelu eta Alde Zaharreko erakusketen ondoko geltokia, Amute-Kostan horrelako beste erakusketa bat egiteko helburua dute.