Aparkalekuen araudian geldialdia egitea erabaki dute aski informaziorik ez duten hondarribiarren zalantzak argitzeko

Koldo Nausia

Aparkalekua Orekaz antolatu proiektua hutsetik garatzeko prozesua 2025eko azaroan hasi zutenetik, 250 herritar inguruk parte hartu dute antolatutako bilera irekietan, eta urriko Udal Osoko Bilkuran onartzera eman nahi zuten zirriborroak herritarren, teknikoen eta alderdi politikoen ekarpenak jaso ditu. Hala ere, «azken asteetan sare sozialetan informazio desitxuratua zabalduz sortu den zalaparta eta ezinegona ikusita» gaur aurreikusia zegoen Hasierako Onespena gelditzea erabaki du Udal Gobernuak. Igor Enparan alkateak argitu duenez «herritar guztien onerako den araudia onartzeko presarik ez dago eta udalean informatzeko prestutasun osoa dago».

2025eko azaroaz geroztik Aparkalekua Orekaz antolatu proiektua garatzeko prozesuan Udal Batzorde politiko eta teknikoetan «inoiz ez da prozeduraren kontrako iritzirik jaso». Horregatik hain justu, Estitxu Urtizberea Hirigintza udal ordezkariak harrituta azaldu da, atzo Hondarribiko EAJk prozedura geldiaraztea eskatu duela ikustean. Jeltzaleek diotenez, «askok ez dakite zehazki zer neurri aurreikusten diren», eta batzordeetan ez bezala, prozedurarekin bat ez datorrela aditzera eman du EAJk «ez delako nahiko izapidetzea hasi eta gero alegazioak aurkezteko aukera ematea».

Hala ere, Udal Gobernuak gaur aurreikusia zuen Hasierako Onespena gelditzea erabaki badu, «azken asteetan sare sozialetan informazio desitxuratua zabalduz sortu den zalaparta eta ezinegona ikusita» izan da. Urtizbereak azaldu duenez, agintaldi honetan «ohituak gaude urte askotan herrian abordatu ez diren gaiak abordatzen ditugunean zalaparta interesatua sortzen dela udalaren jarduera oztopatzeko». Salatu duenez, hala gertatu da terrazen ordenantzarekin edota alardearen gaia jorratu nahi izan denean ere. 

Oraingo honetan «sare sozialen bidez herritarren artean ezinegona  piztea lortu dute», kexu da Hirigintza ordezkaria. Baina Udal Batzordean alderdi guztiek egindako lan teknikoa babestu zutela gogoratu du, eta inork ez duela bi urte hauetan kontrako iritzirik eman.

Partaidetza eta informazio prozesu zabala

Udal Gobernuak «legeak agintzen duena baino partaidetza handiagoarekin» osatutako zirriborroa dela gogoratu du, izan ere, hasieratik aparkalekuen ordenantza berria «kontsentsuzkoa» izan zedin herri osoa inplikatu nahi zuela azpimarratu zuen, eta horretarako hutsetik abiatutako araudia lantzen hasi aurretik, ingenieritza enpresa batek  2024an egindako azterketa teknikoaren emaitza eta lehen proposamena gizarteratzeko bilera irekia egin zuten Itsas Etxean 2025eko abenduaren 16an. Izan ere, 2024ko udan hasi ziren zirkulazio handiena duten eremuetan konteo lanak egiten, eta 2025eko udan, TAO froga pilotuak egin zituzten Pasaia kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan, «eremu bakoitzaren problematika» ulertzeko.

Egindako diagnostikoaren arabera, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude erroldatuta, eta urteko sasoiaren arabera kanpoko ibilgailuen presioa handia izan ohi da. Aldiz, espazio publikoan 3.574 aparkaleku besterik ez daude herrian. Hartara egoiliarrentzako lekuak zehazteko garaje eta aparkaleku pribatuak ere aintzat hartu dituzte azterketa teknikoan, baina Alde Zaharra eta Portua auzoetan inguruko eremuak osagarri behar dituztela argi geratu zen. 

Aipatutako lehen bilera horren ondotik, 2025eko abenduaren 18tik 2026ko urtarrilaren 12ra bitartean aurretiazko kontsulta fasea ireki zuten, eta herritarrek 9 galdera besterik ez zituzten egin. Partaidetza saio hartan 70 lagunek parte hartu zuten, eta ondoren, otsailaren 25ean ospatutako Mugikortasun Mahaian 25 lagun bildu ziren. Geroago, balizko TAO eremuak hunkituko lituzketen hiru eremu nagusietan bilera sektorial bana egin zutela gogoratu du Urtizbereak. Zehazki, 2026ko martxoaren 10etik 12ra Amute-Mendelu, Portua-Alde Zaharra-Puntala eta Akartegin egindako saioetan, 64, 48 eta 54 lagunek parte hartu zuten hurrenez hurren.

Udal Gobernuak dioenez, jasotako ekarpen guztiekin zirriborroa egokitu egin dute, eta aldaketak egin eta gero, zirriborroa urriaren 15ean jaso zuten udal talde politikoek. Eta azken batzorde politikoan, urriaren 22an adostu zuten denek lehen dokumentu osoa udalbatzara eramatea. Igor Enparan alkateak gogoratu du, agintaldi planean jasota duela udal gobernuak aparkalekuak arautzea, baina 2024-2026 urtaldirako Udaleko Mugikortasun Mahaiak ere terrazen ordenantza eta hiribusaren proiektuarekin batera, aparkalekuak arautzeko beharra helburuetako bat adostua zuela. «Hau herritarren eskaera luze batetik dator», azpimarratu du, «eta guk ere argi geneukan aparkalekuen ordenatu beharra dagoela herrian, bizilagunen egunerokoan eragiten duelako».
 
Bestalde, araudi horrek zenbait helburu bete behar dituela nabarmendu du alkateak. Benetan behar diren egoiliarrentzako plazak bermatzea, dentsitate handieneko eremuetan. Txandaketa bermatzea herriko zerbitzuetara jo ahal izateko, autopilaketak eta kutsadura saihestea aparkatzeko joan-etorriak ekidin asmoz, eta zonaldeka arautzea, auzo bakoitzeko beharrei erantzuteko araudia behar duela izan.
 
Sozializatzeko beharra
 
Alde horretatik, udal agintariek Iñaki Beluaga udaltzainburua eta Maialen Ausin Mugikortasun teknikariarekin batera egindako agerraldian, «orain arte teknikoek egindako lan handia» nabarmendu dute. Eta gaur onartzeko asmoa zuten zirriborroa, bide erdia besterik ez dela argitu dute. Izan ere, Hasierako Onarpenetik eratorritako dokumentuari alegazioak aurkezteko epea zabala izango da. Baina herritarrak behar bezala informatuta. Izan ere, desinformazioaren ondorioz «oinarri sendorik gabe edo okerrak diren alegazioak aurkeztuz gero, prozesua asko moteldu daiteke». Estitxu Urtizbereak argitu du, beraz, hobe dela informatu eta zalantzak argitu zirriborroa onartu baino lehen.  
 
Hala ere, azken asteetan udal ordenantzaren zirriborroa onartzeko udalbatzaren atarian sare sozialetan sortutako zalaparta kontua hartuta, Hasierako Onespena atzeratzea erabaki du Udal Gobernuak osoko bilkuraren egun berean. Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, «ez dugu presarik araudia onartzeko, eta ez da berehala indarrean ezarriko», gogoan hartuta prozesuaren erdian aurkitzen dela, «baina beharra dagoela ikusita, Hasierako Onespenaren ondoren alegazioak egiteko epean aurreikusia genuen zirriborroaren sozializatzeko ahalegina aurreratu, prozesua gelditu eta zalantzak argitzeko eta informatzeko prestutasun osoa daukagu».
 
Alde horretatik, oraindik informazio saioak noiz eta zein formatuetan antolatuko dituzten ez dute erabaki. Baina orain arte dagoen informazio, txosten eta akta guztiak Hondarribiko Udalaren webgunean daudela gogoratu dute.