«Kognizioaren galera dakarren gaitz bat izan arte itxaroten badugu zerbait egiteko, gehiegi itxarotea da». Harvard Medical Schooleko neurologia katedraduna Álvaro Pascualen esanak gidalerro du Do, Re, Ni elkarteak. Azken urteetan kognizio mailako gaitzek eta bereziki Alzheimerrak izan duen garapena dela eta, musikaren ariketa eta osasuna uztartzen dituen eremu bat sortu du “Do Re Ni” metodo berritzaile honek. Xabier Lizaso eta Olatz Zugasti musikariek abian jarritako metodoa garuna estimulatzeko baliagarria da, eta hau 2020an zientifikoki ikertu zuten Osakidetzako profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren dirulaguntzekin.
Orio, Urola Kosta eta Donostialdeko 70 urtetik gorako pertsonekin egin zuten ikerketa, eta garuneko prozesu degeneratiboen ondorioak mantsotzeko eraginkorra dela ondorioztatu zuten. Orduz geroztik, hainbat udalerritan eraman dute praktikara. 2024an Hondarribian abian jarri ondotik, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arlotik antolatutako 'Bizi Gogoz' programaren eskutik ere antolatu zituzten zenbait saio 2025ean.
Oraingo honetan, eta garunaren estimulaziorako musika baliatzen duen "Do Re Ni" proiektua eraginkorra dela frogatuta, programa indartzea erabaki du Hondarribiko Udalak. Xabier Lizaso musikari, pianista eta terapeutak gidatutako proiektu honetan, gaur egun 20 hondarribiarrek hartzen dute parte. Eta orain herritar gehiagori zabaltzeko asmoz, gorputz-perkusioan oinarritutako saio berriak jarriko dira martxan. Azaroaren 2tik aurrera, 16 astez, 65 urtetik gorako hondarribiarrek gorputz-perkusioan oinarritutako saioetan parte hartzeko aukera izango dute. Saioak astelehenetan egingo dira, 12:00etatik 13:00etara, Kultur Etxean. Parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharko. Nahikoa izango da saioetara bertaratzea.
Alzheimerrari "stop" musikari eraginez
Adinari lotutako Alzehimerra bezalako garuneko gaitzen gorakada nabarmena izan da azken urteotan. Eta proiektuaren eramailea den Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak azaldu digunez, gaitz honen eragina uste baino handiagoa da, eta inplikazioak are sakonagoak. «Gaitzarekin sozio-ekonomikoki sekulako arazoa dugu mundu mailan», dio. Estatu Batuetan Alzheimerrarekin armadan baino diru gehiago gastatzen dutela ohartarazi du, eta Gipuzkoako Foru Aldundia oso kezkatua dagoela honekin. «Egoera bideratu ezean, 10 urtetan kataklismo batera goaz, eta 20 urtetan adios! Eutsiezina izango da», azpimarratzen du.
Azken urteotan kognizio mailako gaitzek eta bereziki Alzheimerrak izan duen garapena dela eta, musikaren ariketa eta osasuna uztartzen dituen eremu bat sortu du “Do Re Ni” metodo berritzaile honek. Garuna estimulatzeko metodo hau 2020an zientifikoki ikertu zuten Osakidetzako profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren dirulaguntzekin.
Ikerketak, zahartze osasungarri bat lantzeko garaian, eta gaitz hauen eragin eta ondorioei balazta jartzeko, “Do Re Ni” metodoa efektiboa dela egiaztatu egin dute. Baina zein da metodoa? Zertan datza eta zertan lagun dezakete buru-osasuna zaintzen? Lizasok dioenez, «ohitura ez dugun zerbait egiten ikasten dugunean, gure burmuinean erabili ez ditugun bideak aktibatzen ditugu, eta errepikatuz, burmuinari egurra emanez eta izerdiaraziz, bide horiek autopista bilaka daitezke». Aldiz, musika estimulaziorako tresna bada ere, garunak garatzen dituen gaitasunak eguneroko gainerako jardueretarako baliagarria den hobekuntza eragiten duela dio: «memoria, atentzioa, orientazioa eta kognizioak behar dituen parametro desberdinak musikak indartzen ditu».
Xabier Lizaso musikariak "Do Re Ni" eta "Jokuz barru" izeneko proiektu hezitzaileak sortu zituen duela zenbait urte, musika, dantza eta antzerkiaren bitartez, haurren garuna garatzeko helburuarekin. Proiektua lehen aldiz duela urte batzuk Europan garatu zuen eta dagoeneko Euskal Herriko zenbait eskolatan ere ezaguna da. Oraingo honetan, «haurren burmuinaren plastizidaderik gabe, baina adineko pertsonek ere errepikapen gehiago eginez ikas dezaketela frogatuta, garuna hainbeste estimulatzen duen besterik ez dagoela» defendatzen du Lizasok.