Hondarribiko Udalak herri mailan euskarari lehentasunezko tratamendua emateko saretze lanketa sakona eraman du agintaldi honetan. Garoa Lekuona Euskara Saileko hautetsi denetik, Euskara Mahaia eratu eta eragile ezberdinak elkarlanean jartzearekin batera, euskararen erabilera sustatzeko Ekintza Plana garatzen ari da Hondarribiko Udala piskanaka baina etenik gabe. Bide-orri argia dute, eta honi lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte hiru urteotan. Hondarribia UEMAko kide izendatu eta, azken udalbatzan Esnatu dinamikarekin bat egitearekin, hainbat konpromiso hartu dituzte euskararen normalizazioa bultzatzeko.
Bestalde, Euskal Azoka birformulatu dute, Bordari-Satarka literatur lehiaketa indartu da, Euskaraoke Herrikoia antolatu dute, eta joan den asteburuan Gau Beltza euskal tradizioan oinarrituta berreskuratzeko herri mailako lehen ekimena antolatu dute. Lekuonak aitortu duenez, «Alde Zaharreko ekitaldia bereziki gainezkatu gintuen, ez genuen hainbeste jende espero, eta herri eragile boluntarioekin antolatutako ekimena izan dela kontuan hartuta, hurrengo edizioetarako bestelako neurriak aztertu beharko dira». Nolanahi ere, Gau Beltza euskaraz ospatzeko «txip aldaketa» eman delakoan, abiapuntua besterik ez delakoan dago.
Euskararen erabilera eta herriko hizkera
Herritarren jarrera aldatu egin dela dio Garoa Lekuona. Euskararen erabilera herrian apala bada ere, agintaldi hasieran «alarma gorria piztu eta egoeraz jabetzeko» lanketan herri eragileak aktibatzeko beharra azpimarratu zuen. Eta hein handi batean, kontzientzia piztu dela pentsatzen du. Euskara prestijiatu eta herri-nortasunari lotzea bilatu dute estrategia bezala. Eta ildo beretik, ikasturte honetan Hondarribiko hizkerari dizdira atera nahian, AEKrekin eta Blagan elkartearekin batera, udalak herri hizkera berreskuratu eta belaunaldi berriei transmititzeko Guazemizia ekimena abian jarri dute.
Garoa Lekuonak argitu duenez, ez dute hizkerari buruz datu-bilketa berririk egitea proposatzen, egindakoa balioan jarri baizik. Orain artean adituek herriko hizkeraren ezaugarriak jaso baitute. Hainbat ikertzailek lan handia egin dute hura bildu eta dokumentatzeko. Txomin Sagarzazuk 2000. urtean ondutako “Hondarribiko eta Irungo euskara” lana, baita Ketxus Poncek bertako hitzak bildu, eta haien esanahia ezagutarazten egindako lan eskerga ere, Hondarribia aldizkarian. Baina «ahozko transmisioak atzera egin du, bereziki bertako hizkera elikatzen zuten itsasoko eta nekazaritzako ofizioek pisua galdu dutelako», gogoratzen du Euskara hautetsiak, «baina egunerokoan erabil daitezkeen hitzak berreskuratu nahi ditugu, hondarribiarrek haien egunerokoan erabil ditzaten».
Alde horretatik, ahozko hizkuntzak herri baten nortasuna gorpuzten badu, euskalki edo kasu honetan, azpieuskalkien kasuan zer esanik ez. Hizkera ez formala herriaren kultur ondarearen parte da, eta Hondarribian aberatsa dela dio. Hala ere, gero eta gutxiago entzuten da euskara herrian, eta belaunaldi gazteen %95a baino gehiago euskara dakien arren, euskara batuan eskolatua izan da, eta hori da erabiltzen duena. Gero eta gutxiago ere. Kezka partekatua baita herrian. Hondarribiarren %72a euskalduna bada ere, 2021ean erabilera %16koa zen kalean, Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, 2016ean %24koa zen bitartean, eta gazteen artean %10era ere ez da heltzen.
Hala ere, herrian bada nahikeria edo bertoko euskararekiko atxikimendua. Gazteek Herri Olinpiadetako taldeen izenak aukeratzerakoa, adibidez, ohiko dute herriko hizkera erabiltzea. «Baina askok ez dakite gero zer esan nahi duen zehazki», dio Lekuonak, «herriko hizkerak badu doinu berezi bat, eta bere hitzak eta ateraldiak, eta ezagutza hori da lortu behar duguna». Izan ere, belaunaldien arteko harremana eta herri-kohesioa bultzatu nahi du Guazemizia proiektuak. Azken batean, euskararen erabilera hizkuntza ez formalean bultzatu.
Blagan euskara elkarteko Estitxu Arretxe eta Iker Abanzabalegiren arabera, herriko ahozko ondarea eguneratu eta herritarren artean zabaltzeko nahi batetik hasi da lanketa. Izan ere, «hainbat arrazoirengatik eten bat gertatu da Hondarribiko hizkeraren transmisioan, eta Guazemiziaren asmoa ondare hori herritarrei itzultzea da».
Modu parte-hartzailea
Zinegotziak azpimarratu du, AEKko Uxue Criado eta Anitz Zapirain eta Blagan elkarteak garatutako ekimena dela honakoa. Eta aurrekontu parte-hartzaileetatik eratorritako proiektua dela. Zentzu horretan, «ondo errotzeko ahalik eta modu parte-hartzaileenean egin nahi da». Eta horretarako, mugarri ugari izango ditu Guazemiziak. Lehena abenduan ospatuko den Euskal Azoka berrituan, Hondarribiko hizkeraren inguruan ardaztuko baitute. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 30ean egingo duten ttoparan.
Bitartean, jakin-mina pizteko zirikatze kanpaina antolatu dute. Egunotan, hainbat bideo argitaratu dituzte sortu berri den @guazemizia Instagram profilean. Eta Hondarribiko hizkera erabiltzen dutenek, hitz edo esapide bereziak ezagutzen dituztenek, edota horien inguruko oroitzapenak eta bizipenak partekatu nahi dituztenek guazemizia@gmail.com helbidera idatzi dezakete.