Joan den astean EAJ-PNV udal taldeak Hondarribia Bizirik lelopean, 360.000 euroko partidak proposatu zituen 2027ko udal aurrekontuak hobetzeko asmoz. Zehazki, kiroldegiaren etorkizuneko beharrak identifikatzeko azterketa integrala egitea, Pump Truck zirkuitua eraikitzea, ludoteka eta Haur Txokoen bideragarritasun azterketa bat egitea, Guadalupeko mahaiak eta bankuak berritzea, edota kultur arloan Hondarribiko Udalak erakusketa areto irisgarri bat lortzeko proiektuak aurkeztu zituen.
Eta astebete beranduago gaineratu duenez, beste hiru proposamen gehiago aurkeztu berri ditu, guztira 188.000 euroko inbertsioarekin. Jeltzaleen arabera, ekimen horien helburua da udal zerbitzuak hobetzea, herriko elkarteen jarduera erraztea eta Udaltzaingoaren instalazioak egokitzeko urratsak egitea. «Udal administrazio hurbilago eta irisgarriago baten aldeko apustua» egiten dutela azpimarratu du EAJ-PNVk, «herritarren eta Hondarribiko gizarte-bizitzari ekarpena egiten dioten eragileen beharrei erantzuteko».
Aurkeztu dituzten hiru proposamenen artean inbertsiorik handiena eskatuko lukeena, Udaltzaingoaren egoitzaren kokapen berri bat aztertzeko eta dagokion obra-proiektua idaztekoa da. Orotara 150.000 euroko diru-partida proposatzen dute jeltzaleek. Maria Serrano EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak argitu duenez, «etorkizuneko beharrei erantzuteko hobekuntzak garaiz planifikatzea garrantzitsua da», eta horregatik Udaltzaingoaren egoitza kokatzeko aukera ezberdinak aztertzea proposatzen du.
Bestalde, 18.000 euro proposatu dute elkarteentzako eta gobernuz kanpoko erakundeentzako (GKE) aholkularitza-zerbitzu bat eskaintzeko, haien kudeaketak eta administrazio-izapideak errazteko helburuarekin. Maria Serranok dio, elkarteek funtsezko lana egiten dutela Hondarribian, eta «garrantzitsua da beren jarduera garatzeko udalaren laguntza aurkitzea».
Era berean, talde jeltzaleak 20.000 euroko partida proposatu du udal lokalen erabilera aztertzeko, espazio horiek herriko elkarteen eskura jartzeko zein aukera dauden argitzeko.