Emeki emakume elkartearekin batera, Marlaxka Xake Kluba, Blagan euskara elkartea, Papillon Zinekluba, Emigrad@s Sin Fronteras eta Saindua Gaztelekuarekin elkarlanean, gogoeta, salaketa eta elkartasuna ardatz hartuko duen programazioa aurkeztu dute gaur.
Igor Enparan Araneta alkateak azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoari dagokion arazoa dela. Eta beraz, «denon ardura da horri aurre egitea, indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa eguneroko lana da, eta erakundeok, herritarrok eta gizarteko eragile guztiek elkarrekin jardun behar dugu berdintasunean eta errespetuan oinarritutako Hondarribia eraikitzeko», esan du. Alde horretatik, Hondarribiko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu egitarauak jasotzen dituen ekimenetan parte hartzera eta indarkeria matxistaren aurkako konpromiso kolektiboa agerian jartzera.
Azaroak 25a baino askoz gehiago
Urtero bezala, azaroaren 25ean bertan “Sare morea ehuntzen” ekimena egingo dute goizean, Martxoak 8 plazan. Emekik Hondarribiko ikastetxeekin elkarlanean antolatutako ekimen honetan, ikasleek egindako tximeletekin sarea osatuko dute. Arratsaldean, berriz, prebentzioan eta hezkuntzan jarriko dute arreta, eta indarkeriarik gabeko harreman osasuntsuen inguruko dinamika egingo dute gazteekin Saindua Gaztelekuan.
Egunari amaiera emateko, herritarrak Martxoak 8 plazan elkartzera deituko dituzte, 18:00etan, indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena adierazteko eta konpromiso kolektiboa berresteko.
Hala ere, elkarteek eta udalak prestatutako programazioak bost aste hartuko ditu. Izan ere, azaroaren 4an hasi zen "Komunitate emozionala" tailerrarekin. Eta hilaren 18an, Emeki elkarteak emakumeen arteko harremanak sendotzeko eta elkartasun-sareak ehuntzeko beste saio bat antolatuko du. Amatasunaren inguruko gogoetak ere izango du tokia, "Amatasuna / isiltzen dena" tailerra azaroaren 20an eta 21ean egingo baitute gai horren inguruan gutxitan azaleratzen diren bizipenak partekatzeko.
Osasun-arretaren inguruko ikuspegia ere landuko dute azaroaren 12an, Miren Mujika Garatek eta Garbiñe Elizegi Narbartek Kultur Etxean eskainiko duten "Hizkuntza, kultura eta generoa: osasun-arretaren erronkak" hitzaldian, Blagan Euskara Elkartearen eskutik. Hurrengo egunean, hilaren 13an, María Goñi Osácarrek "Iruñeatik Hondarribira xakeaz" hitzaldia eskainiko du Kasino Zaharrean.
Kirolak eta kulturak ere protagonismo berezia izango dute egitarauan, indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzeko eta emakumeen parte-hartzea sustatzeko tresna gisa. Bixi-Bixi emakumeen pala ttopara egingo da azaroaren 14an, Jostaldin. Eta hilaren 16an, berriz, X. Emakume Xake Ttopara izango da Kasino Zaharrean Marlaxka elkartearen eskutik. Eta kirolak aldarrikapen-izaera ere hartuko du azaroaren 22an, Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko dituen Mugaz Muga triatloiarekin.
Literaturak eta arteak ere izango dute beuden tartea. Azaroaren 17an, "Literatura lan(da)tzen" saioaren barruan, Elena Ferranteren Adiskide paregabea eleberria izango dute hizpide Zuloaga Etxean. Hilaren 22an, berriz, Alaia Martinek eta Olatz Salvadorrek "1:1 Eskala" emanaldia eskainiko dute Itsas Etxean.
Kultur eskaintzak abenduan ere jarraituko du. Hilaren 2tik 16ra, "Irregulartasuna indarkeria anizkoitza eta deszentralizatua da" erakusketa izango da ikusgai Arma Plazan. Abenduaren 2an egingo dute inaugurazioa, hitzaldi batekin batera.
Kultur Etxean izango dira, halaber, abenduko beste bi proposamen: hilaren 6an, Bar Bahar filmaren proiekzioa, eta hilaren 10ean, María José Noáin Mauraren "Historiaurreko emakumeak" hitzaldia. Egitarauari amaiera emateko, "Wikiemakumeak" tailerra egingo da abenduaren 11n, Emekin.