Interes politiko eta ekonomikoak tartean sartzen direnean, elkartasun deiak basamortuan predikatzea bezala bilakatu ohi dira. Horren lekuko da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapen historikoa. Polisarioa sortu zela 50 urte bete direnean, Irungo Udalak sahararren bandera ("raya" hassanieraz) udaletxeko balkoian zintzilikatu du gaur SEADen 49. urteurrenean, sahararrekin hartutako konpromiso sendoa berresteko.
Gorka Alvarez, Udaleko Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako ordezkari berriak Txingudi Sahararekin Tadamum elkarteko ordezkariei harrera egin die gaur, elkarte honek Irunen eta Bidasoaldean garatzen dituen proiektuen berri jasotzeko. Besteak beste, urtarrilean antolatu berri duten Elikagaien Euskal Karabana, edota harrera familiak animatzeko kanpaina bete-betean daukaten Oporrak Bakean programa. Iaz 14 haur saharar etorri ziren Irun-Hondarribira (horietatik 5 Irunen) uztaila eta abuztuko hilabeteak Aljeriako errefuxiatu kanpalekuetako muturreko beroaldietatik ihes egin, eta uda bakean eta ondo elikatuak pasatzera.
Harreman aldaketak
Aurreneko aldia da, azken urteetan, Irungo Udalak saharar herriaren aldeko keinu publiko bat adierazten duela. Izan ere, urtero urtero, Oporrak Bakean programa diruz laguntzen badu ere, eta elikagaien karabanari ekarpen bat egiten badio ere (aurten 860 kilo arroza eman ditu udalak), azken urteetan Irunen uda igarotzen duten haur sahararrei ez diete harrera ofizialik egin, aspaldi bezala.
Ikusten ez dena ez da existitzen. Eta Espainiako Gobernuak azken urteetan saharar herriaren gatazka politikoan norabide aldaketa bat egin duenetik, PSE alderdiak ere, ohikoak zituen babes adierazpen publikoak eten egin ditu. EAJ udal gobernuan sartu berri da Irunen, eta gaur Irungo Udalak urrats bat eman du saharar herriaren bandera udaletxeko balkoian ezarriz. Baina Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, PSE-EAJ udal gobernukideen artean ez dira ados jarri ahal izan saharar herriaren aldeko udal adierazpen ofizial bat plazaratzeko.
Hala ere, banderari, eta beraz, saharar auziari eta bizi duten tragedia humanitarioari ikusgarritasuna emateko urte luzetan emandako aurreneko keinua eskertu du Tadamum elkarteak.
Denbora eta politikarien ahanztura
Mendebaldeko Sahara Espainiako 53. probintzia izan zela gogoratzen du Tadamum elkarteak, baita espainiar estatuak saharar herriarekin duen zor historikoa ere. 1975ean Espainiak «Marokoren atzaparretan abandonatu zituenetik», Aljeriak Tindufeko basamortuan erbesteratzea onartu zituen. Eta gaur egun 175.000 sahararrek kosta ahala kosta bizirauten dute ia mende erdi bete duen krisi baten ondoren. Baina nazioarteko politika nola dagoen ikusita, eta Frantziak, Alemaniak eta Espainiak Marokoren interesen alde lerrokatzeko hartutako azken erabakien ondoren, «etorkizun iluna dute, ez dute lagunik, eta haien auzia ez dago inoren agendan», dio goibel elkarteko kide batek.
NBEk erreferendum eskubidea aitortu zion Mendebaldeko Saharari 1991. urtean, baina nazioarteko legediaren gainetik inposatu dira haien itsaso eta lurren baliabideak ustiatzeko interes ekonomikoak. Hala, basamortuan erbesteraturik, euren jatorrizko udalerriaren izen homonimoa duten wilaya edo herri-kanpalekuetan aurkitzen dira, basamortuak alde batetik, eta bestetik Marokok bost zatitan eraikitako 2.700 kilometroko «lotsaren hesiak» mugatuta, aire zabaleko espetxe erraldoi batean.
Erakunde publikoek babesa adierazi ala ez, aldiz, heldu den udan hainbat familia bidasotar izango dira 7-12 urte bitarteko saharar neska-mutilak haien etxeetan hartuko dituztenak, urtero bezala. Eta urtero bezala, hainbat dira haien aldeko elikagai, arropa eta laguntza biltzeko kanpainetan parte hartzen duten elkarte eta eskolak. Oporrak Bakean programaz informatzeko deia luzatu dute.