Palestinako "Genozidioa dirau!" lelopean mobilizatzera deitu dute ostiralean Zabaltza plazan

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 18a

Azken asteetan «komunikabideek isilarazi eta agenda politikotik desagertu» den Palestinako genozidioa lehen planora ekarri nahi dute berriz, eta su etena faltsua izan dela salatu. Sinatu zenetik, Israelgo estatu sinonistak ia 500 palestinar akatu dituela gogoratzen dute. Abenduaren 19an, 19:00etan, mobilizatuko dira Zabaltza plazako Gabonetako Merkatuan "Genozidioa dirau!" lelopean.

Irun Palestinarekin elkartasun taldeak “Genozidioa Dirau” lelopean elkarretaratzera deitu du Irunen, abenduaren 19an, Zabaltza plazan. Arratsaldeko 19:00etan eman dute hitzordua, eta aurrekoetan San Juan plazan mobilizatu diren bitartean, oraingoan Zabaltza plazan egingo dute, Gabonetako Merkatua hor kokatua dagoenez, jende asko biltzen dela aprobetxatu nahi baitute haien aldarrikapenei ikusgarritasuna emateko. 

Uberka Bravo, Irun Palestinarekin elkartasun taldeko kideak azaldu digunez, azken asteetan komunikabideek isilarazi eta agenda politikotik desagertu den Palestinako genozidioa lehen planora ekarri nahi dute berriz, eta su etena faltsua izan dela salatu. «Su etena sinatu zenetik ia 500 hildako eman dira, beraz ez dakit noraino hitz egin daiteke su eten batez, guri dagokiguna da palestinar herriaren alde mobilizatzen jarraitzea, eta komunikabideetan azken asteetan desagertu den gaia izanik, berriro ere agenda politikoan jartzea», azaldu du Antxeta Irratian.

Alde horretatik, eskualdean palestinar herriaren aldeko epe luzeko hainbat ekimen dira azken hilabeteetan iraun dutenak. Hondarribian udan hasi zuten asteazkenetako elkarretaratzea mantentzen duten bezala, Irungo Landetxa auzoan 50 bat bizilagun dira astelehenetik ostiralera 20:00etan elkarretaratzea egiten dutenak Porcelanaseko biribilgunean, auzoaren sarreran. Abuztuan hasi ziren, eta ez dute amorerik eman. «Gure kasuan, eskualdean iniziatiba ezberdinak babesten saiatu gara, Landetxakoa eta Hondarribiko lagunek egiten dutena», dio Bravok, «genozidioaren salaketa, palestinarrek Jordan ibaitik Mediterraneo Itsasora duten eskubidea aldarrikatzea eta palestinarrek nazioarteari egin dioten Israeli boikotaren deia luzatzean ardaztuta beti». 

Horiek horrela, palestinarren aldeko aldarriak kalera aterako dituzte eguberri atarian. Abenduaren 19an, 19:00etan, Zabaltza plazan. 

Palestinaren aldeko horma-irudia

Bestalde, Irun Palestinarekin Elkartasun Taldeak bat egin du ere, Larreaundi-Olaberria auzo elkartetik sustatutako Palestinaren aldeko horma-irudiaren margotze lanekin. Auzoko artista batek zirrimarra egin ondoren, joan den larunbatean hasi ziren auzolanean margotzen. Eta atzo Pio Baroja institutuko batxilergo artistikoko ikasleak aritu ziren goizean haien aletxoa jartzen.

Auzo elkartetik gogoratu dutenez, abenduaren 20an, larunbatean 10:00etatik aurrera murala bukatzeko asmoa dute, eta nahi duen orok margotzen laguntzera deitu dute. Berio kalean dago horma-irudia, Oinaurrera doan saihesbidearen sarbiderako biribilgune berriaren ondoan.