Ekitaldian, Cristina Laborda Irungo alkateak ere parte hartu zuen, PSE-EEko eta EAJ-PNVko hainbat udal gobernu kiderekin batera. Memoria elkarteak gaur egun munduan bizi dugun gerra inperialistak izan zituen gogoan, baita gaitzetsi ere. «Gerrate hau inperialista da, baliabideak kontrolatzeko eta korporazio handiak aberasteko da, bitartean gehienek bere bizitza, etorkizuna eta duintasunarekin ordaintzen dute. Gerrak gosea, heriotza eta sufrimendua besterik ez dakar», salatu zuten hitzartzean. Era berean, faxismoa berriz hazten ari dela ohartarazi zuten, «beldurra, gerra eta gorrototik elikatzen baita».
Alde horretatik, gaur egun sufrimendu hori Palestinan, Libanon, Iranen eta munduko beste hainbat lekutan ikusten ari garela oroitarazi zuten, eta honen guztiaren aurrean, «ez arma, ez armadarik, ezta militar aurrekontu gehiagorik ere» ez dutela nahi azpimarratu zuen memoria elkarteak, «eskolak, ospitaleak, etxebizitza duinak eta zerbitzu publiko sendoak» aldarrikatuz.
Bestalde, ekitaldian errepublikar bandera Gloria del Puertoren bilobak ezarri zuen, haren omenez. Bidasoaldetik nazien kontzentrazio esparruetara erbesteratuetako 250 euskaldunetako bat izan zen bera, eta aurreskuarekin ere omendu zuten. Nicolas Guerendiain errepublikar elkarteko Marijo Noguesek aditzera eman duenez, Irungo kaleei izena jartzen dien udal batzordeak, Avenida Zubiaren aurrean dagoen plazatxoa, ‘Euskal Deportatuen Plaza (1940-1945)’ izendatzea onartu du. Memoria elkarteek proposatuta, batzordeak onartu badu ere, udalbatzak berretsi beharko du. Baina maiatzean zehar hau aurkezteko ekitaldi bat antolatuko dutela iragarri dute.