Joan den martxoaren 20an hasi zituzten San Migel-Anaka hirigintza garapenaren lehen lanak. 2008az geroztik Irungo Udalak aurreikusitako hirian inoiz eraiki den etxebizitza promoziorik handienak 14 hektareako eremua hartzen du, eta 2030 urterako 1.285 bizitokirekin auzo berri oso baten sorrera suposatuko du. Horietarik 887 etxebizitza babes publikokoak izango dira. Eta proiektua bost fasetan garatuko bada, Gibeanaka biribilgunearen alboko sustapen pribatuak izango dira lehenak eraikitzen. Baina lehen esku-hartzeak, eremuaren beste muturrean egin dituzte. Lakaxita gaztetxearen aldamenean, Sancheski lantegia zenekoaren eremuetan.
Irungo Udalak iragarri zuenez, lehen lanak bi hamarkada luzez abandonaturiko eremuan sastrakak kentzekoak ziren. Baina sastrakak baino gehiago izan da desagerrarazi egin dutena. Lakaxita gaztetxeko kideek martxoaren 23an salatu zutenez, «Sancheski lantegia zenekoaren aldamenean, ia bi hektareako biodibertsitate balio handiko basotxo bat suntsitu dute, inolako abisurik eman gabe». Aste berean, Antxeta Irratiko 'Denon Basoa' saio monografikoa egin zen Lakaxita gaztetxeko lorategitik bertatik, Basobiziak Plataformako kideekin batera.
25 hegazti espezieen bizileku
Zehazki, bertan osasuntsu zeuden lizarrak, urkiak, sahatsak, sagarrondoak, pikondoak eta gereziondoak errotik atera edota ebaki egin dituztela salatu dute. Eta hegazti askoren babesleku eta bizilekua hunkitu dute. Udalak hirigintza planetan 20 urtez prekarioan mantendu duen eremua zaindu duen gaztetxeko kide Hilariok kontatu digunez, «kumaketa garaia hasi baino lehen zuhaitzak kendu behar zituztela esan zuen langileetako batek». Eta hori legala ote den zalantzan jartzen dute talde ekologistek. Izan ere, bertan egindako behaketen arabera, 25 hegazti espezie identifikatu izan dituzte bi hektareako berdegune horretan.
Azken urteetan bertan habia egun izan dute haitz-usoek (Columba livia), sorbeltz arruntak (Apus apus), txirritxo txikia (Charadrius dubius), okil txikia (Dendrocopos minor), mika edo urraka (Pica pica), urubia (Strix aluco), kaskabeltz handia (Parus major), sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta), enara azpizuria (Delichon urbica), urretxindorra (Luscinia megarhyncos), txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus), gerri-txoria (Certhia brachydactyla), txepetxa (Troglodytes troglodytes), birigarro arrunta (Turdus philomelos), zozoa (Turdus merula), txantxangorria (Erithacus rubecula), buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros), etxe-txolarrea (Passer domesticus), buztanikara zuria (Motacilla alba), txorrua (Carduelis chloris), kardamirua (Carduelis carduelis) eta txirrikiskila arrunta (Serinus serinus).
Udalaren justifikazioa
Hala eta guztiz ere, Gorka Alvarez, Azpiegitura, Obra eta Mantenu arloko zinegotziak aipatutako eremuan egindako eskuhartzea justifikatuta dagoela aditzera eman du. Antxeta Irratiak udal ordezkariari galdetuta, honek aitortu du «aspaldi aurreikusita zegoen» etxebizitzen sustapena dela, eta «desarrollismoaren ondorioak» direla. Hala ere, eremuaren balio naturala gutxietsi egin du Irungo EAJko bozeramaileak, eta 1.285 etxebizitza ekarriko dituen auzo berri horretan, «espazio bere berriak» sortuko dituztela argitu du. Haatik, planoen arabera, artifizializatutako berdeguneak izango dira.
Suntsitu duten eremua ordenazioz kanpo zegoela kontuan hartu behar da. Hala ere, basotxoak biodibertsitate handiko gunea osatzen zuela diote ezagutzen zuten auzokideek, fauna eta flora askotarikoa uztartuz, eta ingurumenaren orekarako funtsezkoa. Izan ere, «CO₂ xurgatzen duen naturagunea suntsitu eta hormigoia nagusitu» nahi dituztela salatu dute Lakaxita gaztetxeko erabiltzaileek.
Dagoeneko existitzen ez den bi hektareako basotxoa.