Irailean 90 urte beteko dira faxisten estatu kolpearen ondorioz, frankistek Irungo hiria okupatu egin zutela. Eta irailaren 5a erreferentziazko egun sinbolikoa izango bada, data horren bueltan hainbat ekimen antolatuko ditu udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren arloak. Baina urte osoan zehar ari dira memoria egin nahian, eta 1936ko okupazioa eta ondoko frankismoaren garaietan gertaturikoa gogoan hartu eta isilarazitako historiaren pasarteak argira ekarri nahian.
Gorka Alvarez arloko zinegotziak aditzera eman duenez, azken urteotan memoria demokratikoan hainbat urrats egin dituzte Irunen. «Avenida Zubia Oroimen Demokratikoaren Leku izendatu dute aurten, eta zubiaren ondoan dagoen berdegunea 'Euskal Deportatuen Plaza (1936-1945)' izendatuko dugu aurki», gogoratu du, Udaleko Kale Izendapenerako Batzordeak onartutako plaza berriaren izena gogoan hartuz.
Baina ekimen sinbolikoetatik harago, Memoria Demokratikoaren irizpideak jarraituz, gertakari historiko haien inguruan egia arakatzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko ikerketa eta dibulgazioa garrantzitsua delakoan dago EAJko zinegotzia. Eta alde horretatik, Irungo Udalak 10.000 euro bideratuko ditu aurten Kera Emakume Ijitoen elkarteak, Marcelo Usabiaga Artxibo Errepublikanoaren elkartea eta Pausumedia elkarteen proiektuak diruz laguntzeko. Hiru proiektuetatik, bi gaztelaniaz izango dira, eta hirugarrena euskaraz.
Historiak isilarazitako hiru errealitate
Zentzu horretan, lehen proiektua profesional, teknikari eta elkarteetako kideei zuzendutako hiru tailer izango dira. Kera elkarteak proposatuta, mende luzeetan zehar isilarazitako ijito herriaren historia landuko dute tailerrak izango direla aditzera eman du Ane Toledo, Kera elkarteko kideak. Izan ere, ijitoen aurkako 200 lege baino gehiago identifikatu dituzte Errege-erregina katolikoen erregealditik Espainiako Trantsiziora arteko aldian. «Frankismoaren garaian zentratuko gara espresuki, baina historia liburuetan agertzen ez den ijito herriaren sufrikarioa, eta erromani herriaren erresistentzia emakumeen ikuspegitik landuko dugu», argitu du.
Zehazki, 'Resistencia Romaní' tailerreko hiru saio izango dira, Irunen egoitza duten eta arlo honetan interesa duten erakunde eta eragileei zuzenduta, emakume ijitoen errealitatea, Francoren diktadorearen garaian izandako historia eta egindako ibilbidea aztertuko dituzte.
Bestalde, Pausumedia elkarteak iaz Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena zela eta, Avenida Zubian antolatu zuen "Deserriratuen memoriaren zubia" erakusketaren ondotik, orain Irungo okupazioaren 90. hamarkadan memoria ariketa bat egin nahi izan du ere. Aitziber Zapirain, Pausumedia elkarteko kideak azaldu duenez, elkarte honek memoria historikoa lantzeko konpromisoa hartu zuen duela 10 urte, eta urtero ahalegina egiten dute norabide berean. Zapirainen ustez, garrantzitsua da herritarren artean pedagogia egitea, eta «historia berriz errepika dadin nahi ez badugu, bereziki belaunaldi gazteek jakin behar dute zer gertatu zen» dio.
Hartara, Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan, historialariek egindako azterlan guztiak, irudi-artxiboak, bonbardaketak ikusi zituzten pertsonen testigantzak eta abar baliatu dute, Javier Buces Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen zuzendaritzapean. Eta 1936ko hondamendiaren berri gazteei emateko dokumental bat egingo dute euskaraz.
Azkenik, 'Marcelo Usabiaga, un irunés rebelde. Ideas, palabras, pasos' liburua ere diruzlagunduko du Irungo Udalak. Marcelo Usabiaga Artxibo Errepublikarraren Elkarteak aurkeztutako proiektua da, eta Marcelo Usabiaga aktibista irundarraren ikus-entzunezko edukietan bildutako informazioekin, eta komunikabideetan zein Sabino Arana Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitatea bezalako erakundeekin egindako elkarrizketak biltzen ditu, duela 90 urteko gertakariak garai hartako protagonista historikoen eskutik azaltzeko.