Irungo jaiak gazte-nerabeentzat ere badirelako Gaztegunea antolatu dute ekainaren 25etik 27ra

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 17a

Irungo Udaleko Gazteria arloak Gaztegunea antolatu du Santiagoko Euskal Jai frontoian. Ekainaren 25etik 27ra gazteei zuzendutako espazio honetan kultura, kirola, sukaldaritza eta kontzertuak proposatuko dituzte. Guztira 13 jarduera izango dira 9 urtetik gorako gazte eta nerabeentzat, eta AsexoraT zerbitzuaren prebentzio sexu-afektiboa ere egingo dute bertan jokoen bitartez. 

Eszenatokia prest dago Santiago frontoian, ekainaren 25etik 27ra bitartean bertan gazteentzat antolatuko dituzten kontzertuetarako. Baina azken urteetan bezala, ikasturtean zehar Martindozenea eta Artiako gaztelekuetan gazte eta nerabeei eskaintzen zaizkien aukerak jaietan indartzeko apustua egin du Irungo Udalak. Eta datozen egunetan karpa ere instalatuko dute eszenatokiaren aurrean. Bertan hiru egunez, adinaren arabera egokitutako 13 jarduera egingo dituzte Gaztegunea izeneko espazio seguru horretan.

Udalak iragarri duenez, ekainaren 25ean Gaming Gunea, hegaldi-simulagailuekin eta Mario Kart World txapelketa egingo dute. Ekainaren 26an nerabeek bi erronkari aurre egiteko aukera izango dute. Batetik, "Street escape: El secreto de la llave de hierro" ihes-jokoa, eta bestetik Denontzat klubak antolatuko duen "Gazteconquis" OCR oztopo lasterketa eta trebezia-txapelketa.

Hortaz gain, bingo musikala eta Serko, Hazas eta La Neni DJ Set artisten kontzertuak programatu dituzte, eta Irungo Gaztelekuetatik aurten abian jarritako Konekta Sessions ekimenetik DJ lanetan hasi diren Irungo Aimar (ekainaren 26an, 20:00etan) eta Tati (ekainaren 27an, 21:30ean) DJ gazteen emanaldiak izango dira. 

Gazteen beharretan pentsatuz

Hortaz gain, Gazteguneak Irungo gazteen proposamenak kontuan hartzen ditu, eta IrunBixi foroan gazteek proposatutako hainbat jarduera programatuko dituzte ekainaren 27an goizean. Ur-jokoak egingo dituzte, eta  arratsaldean argazki-rallya Irunen zehar, bingo musikala, eta ohiko IrunTXEF saioa. Azken horrek Japoniako sukaldaritza izango du ardatz gisa aurten.

Aldi berean, espazio segurua izanik, gazteekin prebentzio lana egiteko aprobetxatu nahi du udalak. Hartara, urtean zehar eskaintzen duten AsexoraT zerbitzuko Maialen Dorronsorok hainbat joko eta dinamika antolatuko ditu, errespetuan oinarritutako harreman afektibo eta osasuntsuak sustatzeko. Zehazki, ekainaren 25ean eta 26an AsexoraT sexu eta afektibitate aholkularitza-zerbitzua egongo da Gaztegunean, hainbat dinamika parte-hartzailerekin. Eta ekainaren 20an, Herri Bazkariarekin batera, AsexoraT zerbitzua ezagutzera emango da Clown jarduera baten bidez. Kasu honetan, 18 urtetik gorako gazteei zuzenduta. 

Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako udal ordezkariak aditzera eman duenez, «duela hainbat urte erabaki zen gazteei ahotsa ematea jaietako jardueren programa sortzeko orduan. Santiagoko karpa hau erreferentea da jada Irungo gazteen artean, eta gune honi esker, haien gustu eta interesekin bat datozen jarduerak presta ditzakegu». 

Gazteguneko programa

Ekainak 25, osteguna

  • 11:00 - 14:00 eta 16:00 - 21:00 | Gaming Gunea eta hegaldi-simulagailuak (9 urtetik gora).

  • 17:00 - 21:00 | Mario Kart Worldeko txapelketa (9 urtetik gora) *

Ekainak 26, ostirala

  • 17:00 - 18:00 | Street Escape: El Secreto de la Llave de Hierro (9 urtetik gora) *

  • 17:30 - 19:30 | Gazteconquis: oreka probak, sokak, pisua… eta askoz ere gehiago! (12 urtetik gora) *

  • 20:00 - 20:30 | DJ Aimar

  • 20:30 - 21:30 | Kontzertua: Serko

Ekainak 27, larunbata

  • 11:00 - 13:00 | Urezko jokoak (9 urtetik gora), IRUNBIXI Irungo haur eta nerabeen parte-hartze foroak antolatutakoak.

  • 17:00 - 18:00 | Argazki rallya: Click & Run! (9 urtetik gora) *

  • 18:00 - 19:30 | IrunTXEF: Japan edition! (9 urtetik gora) *

  • 20:00 - 21:30 | Bingo musikala

  • 21:30 - 22:00 | DJ Tati

  • 22:00 - 23:00 | Kontzertua: Hazas

  • 23:00 - 00:00 | La Neni DJ Set

* Jarduera hasi baino ordu erdi lehenago eman beharko da izena.