Henry Mendez jaietarako kontratatzeagatik Irungo Udalaren «hipokresia» salatu du Itaiak

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 25a

Neska bat bortxatzeagatik kartzelara zigortua izan den Rafa Mir futbolaria publikoki babesteaz gain, Henry Mendez artista dominikarrak eskuin muturra hauspotzen duela salatu dute. Pintaketa matxistak ezabatzeagatik udalak Itaiako kideei 3.000 euroko isuna ezarri dien bitartean, diru publikoa «horrelako elementu bati» ematea leporatu diote agintari sozialistei. «Udalaren hipokresiak ez du mugarik», salatu dute, PSOEk Madrilen Henry Mendezen kontzertuak bertan behera uzteko eskatu izan badu ere, Irunen «komeni zaienean zabalduko dute progresismoaren eta feminismoaren bandera».

 

Irungo Udalak ekainaren 27ko San Juan plazako kontzerturako Henry Mendez kontratatu izana salatu du Bidasoko Itaiak. Artista dominikarrak izandako hainbat jarrera salatu ditu sareetan zabaldutako bideo baten bitartez. Henry Mendezek eskuin muturra hauspotzeaz gain, berriki Rafa Mir futbolariari babesa eman diola salatu dute. «Rafa Mir ezaguna da arrazista, homofobo eta faxista esplizitua izateagatik», azpimarratu dute Itaiako kideek. Gogoan hartu behar baita, 20 urteko neska bat bortxatzeagatik zortzi urteko kartzela zigorra jaso zuela, eta Elx futbol taldeak bere diziplinatik kanporatu badu ere, sententzia publiko egin ondoren, Henry Mendezek «Animo crack» mezua bidali zion bortxatzaileari sare sozialen bidez. 

Bestalde, duela aste batzuk Madrilgo Vallecas auzoan eskaini zuen kontzertuan «ez naiz sozialista, gorriak gorroto ditut» adierazi zuela gogora ekarri du talde feministak. Eta horren ondorioz, bertako PSOE alderdiak kontzertua bertan behera uzteko beharra adierazi zuen bitartean, Irungo Udaleko PSE-EEko ordezkari politikoek kontratatu izana gaitzetsi du Itaiak. «Irungo Udalaren hipokresiak ez du mugarik», salatu dute.

Itaiak bere salaketa bideoan Irungo Udalaren jokamoldea salatu du. «Horrelako elementu bati dozenaka milaka euro ordainduko dizkiote kontzertu bat emateagatik, bitartean Irunen pintada matxista agertzen direnean, horiek tapatu ez, eta guri tapatzeagatik 3.000 euroko isuna jarri digute», gogoratu dute.

Maiatzeko udal osoko bilkuran hitza hartu zuten Itaiako kideek isuna kentzeko eskatuz, eta udalak egiten duen propaganda politikoaren zentsura salatuz. Baina ez dute erantzunik jaso. Are gehiago, pintaketa matxistak ezabatzeagatik lau lagun identifikatu zituzten udaltzainek, eta alegazioak aurkeztu dituzten arren, sanmartzialetako txosnarekin bildutako dirua isunak ordaintzera bideratuko dituztela nabarmendu dute Itaia eta Bidasoko GKSko kideek. Honen aurrean, Itaiako kideek argi dute, «komeni zaienean zabalduko dute progresismoaren eta feminismoaren bandera. Irungo Udalaren hipokresiak ez dauka mugarik».

Aurrekariak Irungo agenda kulturalean

Alde horretatik, oroitarazi beharra dago honakoa ez dela Irungo Udalak kontrataturiko artistekin izan duen aurreneko antzeko dilema. Oraingo honetan Henry Mendezen kontzertuari buruz isilarena eman dute udal agintariek, Madrilgo PSOE alderdiak adierazi duen iritziarekin kontrajarria bada ere.

2024ko Gabonetako"Hator, Hator Irunera" kanpaina komertzial eta kulturalaren baitan, berriz, Iker Plazaolaren kontrako salaketak zirela medio, Irungo Udaleko Gazteria arloak abenduaren 30ean Pio XII.aren plazako karpan Lauzpabost taldearen Improshow umorezko bakarrizketa saioa bertan behera uzteko zorian egon zen. Bere parte hartzea programatua zegoen, eta taldeak presioei makurtu eta artista baztertzea erabaki zuen azkenik, eta hitzordua bere horretan mantendu zuten. Kasu hartan, Irungo Udalak argitu zuen, Iker Plazaola «sexu-indarkeriako salaketa serie baten inguruan inplikatua» zegoelako baztertua izan zela bakarrizketaria. 

Henry Mendez musikari dominikarraren kasuan, aldiz, bortxatzaile bat babestu du, eta bere eskuin muturreko iritzi politikoak dira bazterrak nahasi dituenak.