L1 eta L2 zerbitzuak indartzeko autobus elektriko bat gehiago erosiko du Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 24a

Cristina Laborda alkateak aitortu du L5 linearen lizitazioa luzatzen ari dela, eta urte eta erdiko atzerapena daramatzaten arren, udalak oraindik ere ezin duela Elitxu-Ficoba lotuko duen linea berria noiz martxan jarri ahalko duten zehaztu. Bien bitartean, ia 600.000 euroko diru partida onartu dute L1 eta L2 lineak indartzeko autobus elektriko berri bat erosteko.

Irunko Udalak autobus elektriko berri bat erosiko duela iragarri du Irunbus zerbitzua indartzeko. Cristina Laborda alkateak ostegunean Tokiko Gobernu Batzarraren erabakien berri eman du, eta aditzera eman duenez, autobus berriaren fabrikazio eta hornikuntza kontratua KL Buses S.L. enpresari eman dio udalak, gainerako autobus flotarekin bezala. Eta hau ere autobus elektrikoa izango da.

Guztira 588.450,83 euroko kontratua esleitu dute horretarako, eta egikaritze epea 50 asteetakoa dela argitu du alkateak. Kontatu duenez, autobusa 12 metro luzekoa izango da, eta L1 eta L2 ibilbideak egingo ditu, udalerriko bi linea erabilienak. Izan ere, 2025ean marka guztiak apurtu zituen Irunbus udal garraio zerbitzuak, eta linea guztietan hobekuntza nabaria izan zuen bitartean, orotara 2.310.641 bidaiarik erabili zuten (2024an baino %12 gehiago), eta horietatik ZAISA-OSPITALEA L1 zerbitzuak 1.606.499 erabiltzaile izan zituen. (2024an baino %11 gehiago). SAN JUAN plazatik LANDETXA-KATEA auzora doan 2. lineari dagokionez, 44.544 bidaiari gehiago jaso zituen iaz, %10eko igoera, eta hiri-garraio kolektiboaren sareko bigarrena da bidaiari kopuruari erreparatuta, guztira 484.146.

Bestalde,  Irungo alkateak etorkizuneko L5 linearen egoera argitu du ere. Gogoan hartu behar baita, 2025 urte hasierarako iragarri zuela Irungo Udalak hasiera batean, 2023ko udaberrian zerbitzua iragarri zuenean. Baina joan den apirilean Semura Bus S.L. enpresari esleitu berri dioten 20 hilabeterako (3,4 milioi euroren truke) kontratazio plieguaren lizitazioa batetik, eta L5 zerbitzuaren ibilbidea osatzeko Mendibil auzunean egin behar izan dituzten kale egokitzapen lanen ondorioz atzeratu egin zen.

Hala ere, Irunbus zerbitzuaren kontratazio berria esleitu ondoren, L5 linea uda honetan martxan jartzea aurreikusten zuten. Baina irundarrek itxaron beharko dutela aitortu du Cristina Labordak. «Oraindik lizitazioaren amaierarekin lotutako tramite guztiekin ari gara, eta kontratua sinatu arte eta gainontzekoak bukatu arte, ezin dugu data zehatzik eman», argitu du. 

L5 lineak Elizatxo hiribidea eta Ficoba lotuko ditu "zortzi formako" ibilbide bat osatuz. Zehazki, Fermin Calbeton kaleko geltokia izango du abiapuntu, eta ia 5 kilometroko ibilbidea egingo du. FICOBA-Kostorbe inguruak, Elizatxo auzoko gunerik garaiena eta Mendibil auzunea lotuko ditu, bertako bizilagunen eskaera historiko bati erantzunez. Tartean, hiriko ardatz nagusietatik pasako da, San Juan plaza, Colon ibilbidea, baita Gipuzkoa eta Iparralde hiribideetatik ere. Linea honen helburua da, orain artean Irunbus zerbitzurik ez zuten hiriko bi muturrak elkarlotzea, eta Elitxu-Lapitze eta Ficoba erdigunearekin konektatzea. Mendibil auzunetik ere pasako da, bizilagunen eskaerari erantzunez antolatu baitute zerbitzu berria "auzo malkartsua eta adindua" dela kontuan hartuta. Eta geltokia adineko erresidentziaren aurrean izango du. Era berean, Ficoban antolatzen diren azoka eta ekitaldietarako ez ezik, Real Unioneko partida egunetan ere zerbitzu emango du, ordu erdiko maiztasunarekin.