1936an Irun suntsitu zuten faxisten bonbardaketen kontakizuna osatzeko ikerketa aurkeztu du Aranzadik

Koldo Nausia 2026ko irailaren 2a

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Antxeta Irratiak elkarlanean "Irungo Bonbardaketen Inguruko Txostena (1936ko abuztua-iraila)" aurkeztu dute Irungo Udaleko Memoria Demokratikorako arloaren laguntzarekin. Abuztuaren 9tik aurrera hiriak jasandako Alemaniako eta Italiako abiazioaren bonbardaketa sistematikoak aztertu ditu Irati Zuriarrain ikerlariak. Argitu duenez, frankismoa errelatoa kontrolatu eta estaltzen saiatu zen sarraskiaren irudi sinplifikatu bat eraikiz, baina irailaren 4ko sutearen aurretik «Irun urrun zegoen suntsitu gabeko hiri bat izatetik». Antxeta Irratiak ikerketaren dibulgazioa egiteko podcasta eta dokumental bat aurkeztuko ditu azaroan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak azken hilabeteetan 1936ko abuztuan eta irailean Irungo hiriak jasandako bonbardaketen kontakizuna osatzeko egindako ikerketa aurkeztu du gaur. Antxeta Irratia (Pausumedia elkartearen bidez) bultzatutako proiektua Irungo Udaleko Memoria Demokratikorako arloak urtero eskaintzen dituen dirulaguntzei esker garatu ahal izan dute. Gorka Alvarez arloko zinegotziak egun haietan Irunen gertatutakoak argitzeko aukera ematen duen txostena eskertu du, «Irun 45 egunetan gerran izan zelako, baina orain artean bakarrik azken egunetan gertatu zirenak jakin izan dugu, irabazleen ikuspuntutik». 
 
Zentzu horretan, "Irungo Bonbardaketen Inguruko Txostena (1936ko abuztua-iraila)" Irun altxamendu faxistaren menpe erori zeneko 90. urteurrenarekin udalak antolatu dituen ekimenekin bat egiten duela nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak. «Gure asmoa ez da historia berria kontatzea edo berrikustea, behingoagatik modu zientifiko batean gertatutakoa bere testuinguruan kokatu eta argitzeko aukera ematea baizik», azpimarratu du.
 
Helburu hori bera du Antxeta Irratiak ere. Eta iaz Franco diktadorea hil zela 50 urte betetzen zirela, Avenida Zubian Irungo Udalaren laguntzarekin antolatutako "Deserriratuen memoriaren zubia" erakusketa antolatu eta gero, aurten estatu kolpe faxistaren 90. urteurrenean murgildu da. Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzaileak argitu duenez, irrati elkarte komunitario gisa informazioa eskaintzeaz gain «badugu funtzio eta ardura sozial bat ere». Eta badira 10 bat urte memoria historikoa lantzen hasi zirela helburu jakin batekin. «Belaunaldi berriengana iritsi, garaitu eta garaile logikatik aldenduta, jakintzatik egin behar dugu aurrera, gertatutakoa modu zientifiko batean oinarrituta», dio Zapirainek.
 
Oraingo honetan, Aranzadik ikertu zezan bidelagun izateaz gain, dibulgazioak duen garrantzia aintzat hartuta, Antxeta Irratiak Irungo 1936ko bonbardaketei lotutako 5 podcast eta Amaia Kultur Zentroan aurkeztuko duen dokumental bat ere ekoizten ari da azaroan plazaratzeko.
 
Kontakizuna osatzeko metodo zientifikoa
 
Alde horretatik, Aranzadi Zientzia Elkarteak memoria historikoa berreskuratzen duenean «historia egiten du metodologia zientifikoa erabiliz». Aranzadiko Jabier Buces historialariak dioenez, «helburua ez da episodio historikoa edo batallita kontatzea, jendearen sufrimendua kontatzea baizik, gerora 40 urteko diktadura baten biktima izan ziren pertsonek sufritu zuten biolentzia». Gertatutakoa argitu eta biktimen eskubideak defendatzearekin batera, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko ezinbestekotzat jotzen baitu. Izan iragana argitzeko, izan geroari begira. «Gaur egungo panorama geopolitikoa ikusita, ondo dago gogoratzea zer izan zen hura, eta zer gertatu zen, belaunaldi berriek jakin dezaten zer den faxismoa, zer den diktadura bat, eta zer estatu kolpe bat».
 
Irati Zuriarrainek, txostena landu duen Aranzadiko ikerlariak argitu duenez, galdera bati erantzun nahi izan dio ikerketak: «Zer gertatu zen Irunen irailaren 4ko sutearen aurretik?». Izan ere, sutea gertatu orduko «Irun urrun zegoen suntsitu gabeko hiri bat izatetik». Lehen bonbardaketa abuztuaren 9an dokumentatu dute, eta abuztuaren 20tik aurrera sistematikoak bilakatu ziren «itsaso, are eta lurrez».
 
Gerra totala: garaileek estalitako sarraskia
 
Ikerlariak zehaztu duenez, ehunka bonba jaurti zituzten hurrengo egunetan, eta irailaren 4a heldu orduko «bonbardaketek hiria hondatzeaz gain, hustu ere egin zuen, biztanleriaren aldetik milaka irundarrek ihes egin zutelako». Txostenak jasotzen duenez, abuztuaren 30ean Irun ebakuatzeko agindua eman zuten agintariek, eta egun horretan 5.000 herritar Hendaiara ihes egin zuten zubia zeharkatuz, eta hurrengo egunean beste 4.000 lagunek egin zuten gauza berbera, gehienak emakumeak eta haurrak.
 
Izan ere, bonbardaketak ez ziren eraso puntualak izan, ezta soilik interes militarrekoak ere. Tren geltokia, makinen eta gasolina biltegia, errepideak, merkatua, etxebizitzak, komentuak, industria instalazioak... dena suntsitu zuten bonbardaketetan. «Abuztuaren 25ean, adibidez, 25 bonba jaurti zituzten 4 zauritu eraginez, abuztuaren 26an etxebizitzak jotzen dituzte 150 kiloko bonbekin, abuztuaren 27an 40tik gora bonba eta irailaren 1ean eraso masibo batean 150 bonba jaurti ondoren, irailaren 2an 259 bonba jaurti zituztela diote errebeldeen dokumentazioan bertan», dio Zuriarrainek. Argitu duenez, su-bonba edo inzendiarioak ziren, eta horrek frogatzen du «ez zutela inpaktuaren bidez soilik suntsitzea bilatzen, suteak pizteko gaitasuna dutelako». Italiako eta Alemaniako abiazioaren parte hartzea izan zela gogoratu du, eta beraz, gerora garatuko zen "gerra totalaren" atariko froga izan zela Irungoa, Gernikako bonbardaketa mugarri historikoa bada ere. «Bonba inzendiarioekin batera, beldurraren estrategia erabiltzen zuten hegazkinetatik panfleto mehatxuak jaurtiz», azaldu du. 
 
Historialariak argi du Irungo suntsipenaren irudi sinplifikatu bat eraiki zela gerora, eta horregatik «txosten honekin bonbak zenbatzeaz gain, kontakizuna osatzea» izan du helburu. «Frankismoak gertatutakoa estali eta errepublikanoak errudun bilakatzeko ahalegina egin zuen, errelatoa kontrolatuz. Sarraski hura estaltzeko ahaleginak egin zituzten faxistek, kazetariei zentsura, zigortu eta mehatxuak egin zizkieten eta garaileen kontakizuna iritsi zaigu», dio.
 
Hala ere, bertako zein atzerriko kazetarien dokumentazio ugari dago, eta altxamendu faxistaren agiriak ere. Bereziki hauek izan ditu Zuriarrainek informazio iturri. Alde horretatik, txosten hau lehen hurbilketa bat besterik ez dela pentsatzen du. «90 urte pasa dira eta denbora gure kontra doa, garai haietako lekukotasun zuzen gutxi geratzen direlako, baina dokumentazio asko egon daiteke oraindik, eta bigarren mailako lekukotasunak ere», argitu du, eta beraz, ikertzen jarraitu beharra dagoela dio.