Mintzalaguna: «Izen-emate handi honek garbi utzi digu Irunen badagoela jende asko euskaraz hitz egin nahi duena, baina non eginik ez duela»

Mintzalaguna egitasmoak egundoko arrakasta lortu du aurten Irunen. Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak azaldu digunez, iaz Taupa elkartearen eskutik egitasmoa berreskuratu eta 116 lagunek izena eman ondoren, ikasturte honetan 56 lagun gehiago animatu dira, eta 25 talde elkartzen dira astero euskaraz mintzatzeko. Hala ere, euskara maila egokia duten bidelagun gehiago behar dituzte talde berriak osatzeko aukera dagoelako. «Lagun berriak egin eta Irun euskaldunagoa eraikitzeko parada» dela gogoratzen du Mertxe Gerriko Taupa elkarteko kideak, «inguru euskaldunik ez duten horientzako guk geuk sortu behar ditugu gune euskaldunak eta saretu».

Mintzalaguna egitasmoak ikasturte honetan izaten ari den arrakasta ikusita, Taupa elkarteak eta Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak bidelagun berriak animatu daitezen deialdia luzatu dute. Joan den urrian ekin zioten ikasturte berriari, eta gutxienez astean behin ordubetez 25 talde berri elkartzen ari dira, bidelariak euskaraz dakiten bidelagun irundarrekin euskara praktikatzen. Baina euskara ikasten ari diren hainbeste bidelarik izena eman dute aurten, non euskaldun zaharrak edo maila egokia dutenen beharra dagoela taldeak osatu ahal izateko.

Mertxe Gerriko, Irungo Mintzalaguna egitasmoaren eramaileak azaldu digunez, aurten 56 lagun berrik eman dute izena, eta horietatik 7 bidelagunak dira. Kontua da, izen-emate berriak daudela, eta talde berriak sortzeko aukera dagoela, baina bidelagunak behar dira horretarako. «Taldeak lauzpabost lagunekoak izan ohi dira, denek hitz egiteko aukera izan dezaten eta konfiantza giro bat sortu dadin» argitu du, eta horrexeagatik ez dituzte taldeak handitu nahi, helburu hori bertan behera geratzen delako.

Irungo euskaltzaleak bidelagun izatera animatu daitezen deia egiten du. «Askoren kezka izaten da ez duela behar adinako euskara, baina ez dira maisuak izan behar, helburua ez da teoria esplikatzea, talde eroso bat sortzea eta mintzapraktika egitea, eta batzuetan zalantzak baldin badaude horretan lagundu dezakete», dio Gerrikok. Bere ustez, jende asko dago Irunen euskaraz egin nahi duena, baina inguru sozial euskaldunik ez duenez, zailtasunak topatzen dituena. Eta Mintzalaguna haientzako arnasgune txiki bat bilakatzen da. «Izen-emate handi honek garbi utzi digu Irunen beharra dagoela, eta badagoela jendea euskaraz hitz egin nahi duena, baina non eginik ez duena», dio.

Alde horretatik, bidelagunen figura ezinbestekoa dela gogoratzen du. «Beste hizkuntza bat praktikatu nahi dugunean, ingelesa edo frantsesa izan, herrialde horietara joaten gara, hemen guk geuk sortu behar ditugu gune euskaldunak eta saretu behar dugu, eta horixe da bidelagun batek eskaini dezakeen laguntza», argitu du Taupa elkarteko kideak. 

Mintzalaguna Irun euskaldunagoa lortzeko

Astean behin euskaraz aritzeko aukera ematearekin batera, euskalduntze prozesuan ari diren herritar horiek lagundu eta Mintzalaguna «euskararen erabilera sustatu eta Irun euskaldunago bat eraikitzeko» tresna dela sinetsita dago Gerriko. Ekimen honetan parte hartzen duten bidelarien profil anitza besterik ez da ikusi behar hortaz jabetzeko. «Ikasten ari direnak eta agiri bat behar dutenak behartuta daude, baina beste askok nahi dutelako egiten dute, edo kanpotik etorri direlako eta ikusi dutelako hemengo hizkuntza euskara dela, baina zailtasunak dituztenez, erdara jotzen dute», azaltzen du Mertxe Gerrikok.

Gogoratu beharra dago, 2024-2025 ikasturtean etenaldi bat egin ondoren, Mintzalaguna programa biziberritu zutela iaz Irunen. Aurreko edizioan 25 kide besterik ez ziren bitartean, joan den urtean 21 talde osatu zituzten, eta guztira 116 lagunek hartu zuten parte (horietatik 18 bidelagun). Gainera, horietatik 100 bat berriak izan zirela nabarmentzen du Josu Iguiñizek, Irungo Udaleko Euskara zinegotziak. «Aurrera egiteko jakin behar dugu nondik gatozen, eta ez dakit arrakastaz hilko garen, baina argi genuen Mintzalaguna bultzatu beharra genuela euskararen erabilera sustatzeko tresna egokia delako, eta Tauparekin harremanetan jarri ginen iaz, eta oso pozik gaude emaitzarekin», azpimarratu du. Zinegotzi jeltzaleak gogoratu du, «norbere helburu eta gaitasunarekin, baina Mintzalaguna denei irekia dagoela». 

Esan bezala, ikasturte honetan urrats bat gehiago egin nahi izan dute. Eta "Emaidazu berriro ongi etorria, mintzatzera nator eta" lelopean, Irungo Udal Euskaltegia eta AEK zein Herri Jakintza euskaltegiek ere bat egin dute ekimenarekin. Aurten gainera, Irungo Hizkuntza Eskolak ere parte hartzen du.

Ekintza osagarriak

Taupa elkarteak gogoratzen duenez, 18 urtetik gorakoa izan eta euskaraz komunikatzeko gai izatea besterik ez da behar parte hartzeko. Eta astean behin ordubetez elkartzeko tartea eskaintzea. Gainera, urtean zehar ekintza osagarriak egiten dituztela kontatu digu Mertxe Gerrikok. «Irungo Mintzalaguneko beste taldeekin ez ezik, Hondarribiko eta inguruko eskualdeetako taldeekin harremanetan gaude eta euskalkiak ezagutzeko aukera emateaz gain, aisialdia euskaraz gozatzeko parada ere bada», dio. Izan ere, mendi irteerak edota museoetara bisita gidatuak antolatu ohi dituzte. Urtean zehar zenbait Mintzodromotan parte hartzeko aukera ere izaten dute, eta aurten gainera, Irakurterraza Tailerra antolatu dute, eta 14 lagunek parte hartzen dute. 

Hurrengoa abenduaren 6an izango da. Durangoko Azokara bisita antolatu dute, eta Irundik eta Hondarribitik autobusa antolatu dute. 11:15ean Mintzodromoa eta Arbaso eguna rol-jolasa egingo dute, azoka bisitatzeko aukera izango da, eta Mintza Kantuz saioa egin aurretik elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango da. Taupa elkarteak argitu duenez, txangoaren prezioa 15 eurokoa da, eta bazkaria barne 28 eurokoa. Izena emateko 688 865 398 telefonora deitu behar da, eta Gerrikok gogoratu duenez, ekintza osagarri hauetan parte hartzeko ez da zergatik Mintzalaguna ekimenaren partaide izan behar.

Era berean, asteroko mintza talde batean aritu nahi duen orok, www.irun.org webgunean dagoen Mintzalaguna atarian izena eman dezake, baita Euskara Zerbitzuan eta euskaltegietan galdetuta ere, edo gorago aipatutako telefono zenbakian.