AZTI erakundeak urtero Eusko Jaurlaritzako URA Agentziarentzat egiten duen azterketen azken emaitzek adierazi dutenez, Euskadiko itsas-isurialdearen kostaldeko uren kalitate maila hoberena da. Europar Batasunaren irizpideak jarraituz, oro har "optimoa" da, Oiartzun ibaiaren Pasaiako portuan eta Bidasoaren bokalean izan ezik.
Txingudi badian, Europar Batasunak agintzen dituen kalitate irizpide zorrotzen arabera, uraren kalitatea ona bada ere, 2024 urtean ez da "optimoa" izan. Analisietan TBT (eztainu tribulitoa) substantzia kimikoaren presentzia detektatu dute, jada 2022an gertatu izan zen bezala. Hala ere, honakoa ez da kezkagarria AZTI erakundeko adituen arabera.
Debekatutako hondakin-substantzia
Argitu dutenez, sustantzia kimiko honen erabilera 1960. hamarkadan ontzioletan orokortu egin zen itsasontzien kroskoak margotzeko. Itsas-belar, lanperna edota muskuiluak ontzira itsastea saihesten duen biozida bat da, eta barkuen erregai kontsumoan ez ezik, ontziaren mantenu lanetan ekonomia bat ekartzen zuen. Aldiz, 1992. urteaz geroztik, itsas-biodibertsitatean kalte eta ondorio endokrinoak eragin ditzakeen substantzia hau aztertzeko beharraz ohartarazi zuten zientzialariek. Eta 1999an Nazio Batuen Munduko Itsas Erakundeak (OMI) kimiko hauen erabilera mugatzeko lehen gomendioak eman zituen. 2002an hasi ziren lehen debekuak ezartzen, itsas-garraio eta merkantzia-ontzietan. Eta Europar Batasunak 2003. urteko apirilaren 14an onartu zuen OMI erakundeak bultzatutako urgentziazko AFS Hitzarmena. Orduz geroztik, Europako (782/2003) araudiak biozida honen salerosketa eta erabilera debekatzeaz gain, 2008tik halako biozidadun margoak dauzkaten ontziek debekatua dute Europako portuetan sartzea.
Hala eta guztiz ere, AZTI Tecnaliak 2008an egindako ikerketa-txostenak aitortzen duenez, TBTa estuarioetako sedimentuetan pilatua geratu daiteke hamarkada luzez, eta litekeena da Txingudiko badian lohiak dragatzean ala uholde garaien ondorioz mugitzearekin batera azalarazi izana. Dena den, Bidasoa ibaiaren bokalean egindako azterketan uraren kalitate ona nabarmendu du AZTIk, Europako zuzentarauak oso zorrotzak direla azpimarratuz, eta aintzat hartzen dituzten 18 aldagaietan, oro har, baldintza guztiak betetzen dituela.
Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoako Kantauri itsasoaren kostaldeko ur-irekietan egindako azterketa guztiek emaitza baikorrak eman dituzte. Jaizkibel atzealdeko eta Bidasoa ibaiaren bokaletik hurbil dagoen eremua Getaria-Higer eremuari dagokio, eta Pasaiako portuan, Oiartzun ibaiaren bokaleko urek Europako kutsadura irizpideak gainditu baditu ere, honek ez du ur-irekietan eraginik izan.
Ur-zikinen ohiko beste isuri batzuk
Gogoratu beharra dago, alde horretatik, azterketak ez duela Lapurdiko kostaldea aintzat hartzen. Eta AZTIko adituek Lema, Ulises eta Sumideros proiektu zientifikoekin egiaztatu ahal izan dutenez, itsas-hondakin plastikoekin gertatzen den bezala, gainerako kutsadura ere ur-korronteek iparraldera daramate. Alde horretatik, Hendaiako ur-zikinen araztegiak azken urteetan izan dituen funtzionamendu arazoak direla medio, uda honetan ere Ondarraitz hondartza hainbatetan itxi behar izan dute bainuarentzat. Hendaiako herriko etxeak argitu izan duenez, ur-zikinen isuriak zirela eta, «urak ez zuelako bainurako gutxieneko kalitatea bermatzen».
Ezin ahantzi daiteke, bestalde, Eusko Jaurlaritzak hainbatetan debekatu izan duela muskuiluak, lapak, lanpernak eta bestelako itsaskiak Bidasoa ibaiaren marearteko eremuetan arrantzatzea, ur-zikinei lotutako bakterioen presentziaren ondorioz. Zehazki, uretan kakaren presentzia zelatatzen duen ecoli bakteriaren presentziagatik. Izan ere, Txingudiko Mankomunitateak azken hamarkadatan araztegi azpiegituretan egindako inbertsioei esker, ur-zikinen kudeaketak hobera egin du nabarmen. Baina badira oraindik ere, sistema honetara lotuak ez dauden nekazalguneak gure eskualdean, ur-zikinak hobi-septiko bidez kudeatzen dituztenak, eta euri-uren baitan noizean behin gainezka egin ohi dutenak.
Hondarribian, adibidez, 2019an Txingudiko Zerbitzuak eta Hondarribiko Udalak berak, 20 urtez entzungor egin diela salatu zuten Txiplao errekaren arroko bizilagunek (Txiplao Errekaren Arroako Saneamendurako Auzotarren Kolektiboa). Guadalupe azpiko Postigu nekazal-etxetik Txiplao gaineko muinora bitartean bizi diren 125 etxebizitzetatik gora, Jaizkibel kanpaleku eta inguruan diren nekazal-etxeetako ur-zikinak Txiplaoko errekara isuritzen baitute. Ur-zikin hauek, usain txarrak eta arratoiak ekartzen ditu, baina arazo nagusia, Zumardiaren atzealdetik Molla Ibilbideraino, eta hortik Bidasoa ibaira, kutsadura iturri onartezina dela salatu izan dute bizilagunek.
Herritarrek ere, bestelako produktu kimikoen isuri puntualak salatu izan dituzte azken urteetan URA Agentzian, Irungo Meaka auzoan, Bidasoa ibaian bertan (Behobian) edota Mendeluko errekastoan, besteak beste. Baina hauek ez dute aipatutako analisietan eraginik izan.