Inoizko aurrekonturik handiena atzo onartuta, gaur langileak greba mugagabean ditu Txinzerrek

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 11

Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak 2026an azpiegiturak modernizatu eta digitalizazioan sakontzeko inbertsioak barne, 41 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du atzo. 2025ean baino %5 gehiago. Langileak, aldiz, greba mugagabera jo dute gaur, udaberriaz geroztik 30 lanuzte eta greba egun egin ondotik. Azken urteetan %16 erosahalmena galdu dutela salatzen dute, eta haien soldataren hobekuntzak aurrekontuan 400.000 euro baino gutxiagoko inpaktua luke greba komitearen arabera.

Txingudiko Zerbitzuetako langileek greba mugagabeari ekin diote gaur. Legezkoa den bezala, duela 10 egun enpresa zuzendaritzari komunikatu zioten jada, eta aldez aurretik ere, urtarrilaren 28an Irungo San Juan plazan egindako agerraldian greba komiteak argi utzi zuen 2024ko abenduaren 31tik iraungita dagoen lan hitzarmena eguneratzeko  «negoziazioa aktibatu ezean, beste alternatibarik ez zutela». 2021eko hitzarmen kolektiboa baitute oraindik indarrean, eta Irungo Udaleko Udalhitz dokumentuan oinarrituta, haien lan baldintzak udal langileenekin parekatzeko aukera dute.

Otsailaren 5ean zuzendaritzarekin bildu ziren ekainaz geroztik aurreneko aldiz (martxoan plataforma aurkezteko egindakoaz gain), baina «negoziazioaren bilera-egutegia zehazteko bilkura besterik ez» zela izan aditzera eman du Alaitz Egiazabal ELAko langileen ordezkariak. Hain justu, atzo Txingudiko Mankomunitateko Asanblada ospatu zuten 2026ko aurrekontuak onartzeko, eta asanblada «akordio batera iristeko, eta langileen lan baldintzak aurrekontuetan aintzat hartzeko aukera» ikusten zuten grebalariek. «Horregatik eskatu genion zuzendaritzari gure arteko bilera urtarrilera aurreratzeko, baina ez zuten hala egin, baina gure aldarrikapenak aurrekontuetan asumitzeko modukoak dira, inpaktu txikia dutelako», argitu du gaur Egiazabalek Antxeta Irratiko Goizean Goizetik saioan, greba mugagabearen lehen egunean. «Aldarrikatzen dugun soldata hobekuntza, udal langileen baldintzetara ekiparazioa, urtean 400.000 euro baino gutxiago suposatuko luke» greba komitearen arabera.

Inoizko aurrekonturik handiena

Anartean, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak 2026ko jarduerarako 41 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du atzo, 2025ean baino %5 gehiago. Uraren zikloari dagokionez, 19.714.764€ko aurrekontua onartu dute, horietatik 9,7 milioiko inbertsioekin, iaz baino %11,6 gehiago. Hondakinen kudeaketarako, berriz, 14.777.440€ aurrekontua dute, inbertsioetan 1.609.600€ inguru bideratuko dituztelarik, bereziki ibilgailu eta hondakinen edukiontzi berriak erosteko. Kale-garbiketari dagokionez, 6.788.299€ gastua aurreikusten dute Irun eta Hondarribian. «Historiako aurrekonturik handiena» dela nabarmendu zuten agintariek asanbladan, azpiegituretan egin beharreko inbertsio-plana eta Txingudi Data Driven Bay proiektuaren eskutik zerbitzuen digitalizazioaren eta modernizazioaren aldeko apustu sendoa eginez, batik bat. Inbertsioei dagokienez, bereziki uraren zikloan egingo dituzte alde horretatik. Era berean, uraren tarifikazio berria eta 2026 urterako hondakinen-tasa aplikatzen hastea adostu dute. 

Historiako aurrekonturik handiena onartu du Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak 2026 urterako. 

Bestalde, atzoko Administrazio Kontseiluan, 2025 eta 2026ko ekitaldiei dagozkien soldata igoerak onartu zituzten. %2,5ko igoera 2025erako, eta %1,5ekoa 2026 urterako, %0,5eko igoera gehigarri baten aukerarekin. Ildo horretan, azken urteetako soldata bilakaera «indarrean dagoen araudiak ezarritako irizpide orokorretara eta baimendutako gehieneko igoeretara egokitu da», Txingudiko Zerbitzuek ohar baten bidez argitu dutenez. Eta 2020tik aplikatutako soldata igoera metatua %16,9koa izan dela azpimarratu dute. 

Alde horretatik, langileei aplikatzen zaien lan hitzarmena 2021ekoa dela onartu du ohar berean Txinzerreko zuzendaritzak. Eta joan den martxoan abiatutako negoziazioari begira, «akordioak errazteko lanean jarraitzeko» prest agertu da, eta otsailaren 5eko bileran «emandako urratsak modu positiboan» baloratzen dituzte. 

Langileen ezinegona

Langileen greba komiteak ez du berdin pentsatzen. «Modu arduragabean» jokatzen ari dela leporatzen diote zuzendaritzari. Eta gatazka bideratzeko erantzukizuna, Txingudiko Zerbitzuetako Administrazio Kontseilua osatzen duten Irungo eta Hondarribiko udal talde politikoen ordezkarien esku ere dagoela gogoratzen dute. Alaitz Egiazabalek dioenez, Txinzerren Olaberria auzoko egoitza nagusian egindako asanbladaren sarreran langileek «haiek duten ardura oroitarazteko eskuorriak banatu dizkiete ordezkari politiko guztiei».

Haatik, greba komiteak argi du ez agintariek, ez zuzendaritzak, ez dutela haien lana behar bezala baloratzen. Izan ere, «lan neketsua, arriskutsua eta toxikoa» egiten duten beharginek urtean 28.000€ko ordainsaria jasotzen duten bitartean, FCC enpresari azpikontrataturiko langileek 33.200€ko soldata dute lan funtzio bertsuak egiteko. Alde horretatik, zuzendaritzak egiten duen lan balorazioan, Txinzerreko kamioi-gidariek 26.000 euroko ordainsaria beharko luketela aditzera eman diete.

Greba mugagabea hastea erabaki aurretik, 30 lanuzte eta greba egun egin dituzte Txinzerreko langileek.

Nolanahi ere, «gatazka bideratzeko egin daitekeen guztia» egiteko prest azaldu dira langileak. Eta une honetan, zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko proposatu dien egutegiarekin aurrera egingo dute. «Guk epeak laburtu eta negoziazioa azkartu nahi genuke», azaldu du Egiazabalek, «sentsazioa dugu oraingoan ere epeak luzatzen jarraitu nahi dutela». Mementoz, otsailaren 16rako langileek Lanpostuen Balorazioa (LB) azterketa eta proposamen bat aurkezteko eskatu die zuzendaritzak. «Martxoan hasi ginen gure eskaerekin, eta berez lan hau ez dagokigu guri egitea», kexu da ELAko ordezkaria. Hala ere, hortik helduko diote negoziazioari. Eta ondoren, beste hiru bilera monografiko proposatu dizkiete maiatza bitartean egitekoak: fibrozementua eta txandakako sistema, erosahalmenaren galera eta lan baldintzen ekiparazioa eztabaidatzeko.