Eusko Jaurlaritzak eskualdeko osasun publikoaren azpiegitura gabeziak estaltzeko zenbait inbertsioen berri eman du azken aldian. Joan den astean Oinaurreko osasun-zentroa eraikitzeko kontratuaren esleipenaren berri eman zuen bitartean, Erdiguneko anbulatorioaren zerbitzuaren osagarri izango den Alarde kaleko behin-behineko lokalaren obrak hasi zituzten udan. Hala eta guztiz ere, Erdiguneko osasun-zentroan 2020 urtetik erabiltzen diren barrakoiak kentzeko datarik ez dagoela gogoratu du Osasun Bidasoa Plataformak. Eta Bidasoaldeko osasungintza publikoaren egoerak etengabe okerrera egiten jarraitzen duela salatu du.
Joan den ekainaren 13an Irunen egindako mobilizazio jendetsuaren ondotik, uda igaro da, eta plataformak plazaratu berri duen azterketa txostenaren arabera, larrialdietan langile gutxiago daude eta ez dago pediatria-arretarik. «Gero eta paziente gehiago bideratzen dituzte zentro pribatuetara, eta urologia, errehabilitazioa eta Minaren Unitatea kolapsatuta daude», kexu da plataforma.
Larrialdi zerbitzuen kasuan, zehazki, udan Bidasoko Ospitaleko larrialdi-zerbitzuak behar baino langile gutxiagorekin jardun duela gogoratu dute. Plataformak bildutako datuen arabera, eguneko txanden %61ean lau mediku baino ez dira egon lanean, beharrezkoak ziren bostak izan beharrean. Eta txanden %2,5ean, hiru mediku soilik osatu dute. Gainera, lan txanda guztien %20 batean aparteko orduen bidez bete dituzte, eta horietatik %62 beste eskualde batzuetako medikuekin egin dute.
Hortaz gain, «ez da pediatrarik egon ez Bidasoko Ospitaleko larrialdietan, ez Irungo Erdialdeko anbulatoriokoetan», salatu dute. Gogoan hartuta, 2025eko apirilaren 14an Bidasoko Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenean, Osakidetzak Irungo Erdialdeko Etengabeko Arretako Gunean (EAG/PAC) pediatrak egongo zirela hitzeman zuela. Lanegunetan 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan zein jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara.
Kontsulta eta diagnostikoetarako itxaron-zerrendak
Era berean, espezialista batekin kontsulta lortzeko gehiegizko itxaronaldiak diagnostikoak atzeratzea eragiten ari dela salatzen du Oasun Bidasoak, eta «horrek pazienteen bizitza arriskuan jar dezake». Oroitarazi dutenez, Osakidetzak ez du Urologia edo Minaren Unitateko itxaron-zerrenden berri ematen, eta gainerako espezialitateetan, 60 egunetik gorako itxaron-zerrendak pairatu behar dituzte bidasotarrek, traumatologia, errehabilitazioa eta otorrinolaringologiako kasuetan, ehundik gora eguneko itxaronaldiekin. (Ikusi beheko taula)
Hain justu, osasun profesionalen eskasiak eragindako itxaronaldiak direla gogoratu dute. Argitu dutenez, lau urte baino gehiago baitira Bidasoan urologorik gabe daudela, eta gaur egun Donostiako Ospitaleko urologoek aparteko orduak eginez eskaintzen dituzte kontsultak Bidasoko Ospitalean. Era berean, Minaren Unitateak urtebete baino gehiago eman zuen hitzordurik eman gabe, eta jarduera berriz hasi bazuen ere, profesionalak lekuz aldatu dituztenez, berriro ere zerbitzua eten egin dela diote. Errehabilitazio Zerbitzuan, aldiz, beharrezkoa izango liratekeen hiru profesional beharrean, bakarra dagoela nabarmentzen dute.
|
ESPEZIALITATEA |
ITXARONALDIA (EGUNAK) |
|
ERREHABILITAZIOA |
166 |
|
OTORRINOLARINGOLOGIA |
143 |
|
TRAUMATOLOGIA |
110 |
|
KIRURGIA OROKORRA |
79 |
|
OFTALMOLOGIA |
77 |
|
DERMATOLOGIA |
75 |
Pribatizazioaren faboretan
Egoera honek guztiak, osasungintza publikoaren desmantelamendu prozesu bat dakarrela salatzen du plataformak. Praktikan nabarmen ugaritu baitira Donostiako Quirón/Poliklinikara bideratutako pazienteak. Diotenez, «osasun pribatura bidaltzen ari dira traumatologiako kontsultak, urologiako ebakuntzak, oftalmologiakoak (kataratak) eta traumatologiakoak (protesiak), baita lehen Bidasoaldean egiten ziren koloneko minbizia goiz detektatzeko programako kolonoskopiak ere». Eta kasu horietan, ebakuntzen ondorengo jarraipena ez dela bermatzen ari gaineratu dute.
Alde horretatik, profesionalen motibazio galera nabarmena dela azpimarratu du Osasun Bidasoa Plataformak. Eta osasun langileek hainbatetan salatu duten bezala, «lan-giro etsigarria» sortzen dutenez, profesional askok beste eskualdeetako osasun zentroetara lekuz aldatzea erabakitzen dute. Eta horrek arazoa areagotu besterik ez du egiten.