4 milioi eta 800 mila euroren gastua gain hartu du Nafarroako Gobernuak Altzateko saihesbidea gauzatzeko

Lizar Elexpuru

Berako erdigunetik egunero pasatzen diren ia lau mila auto inguru, herriko kanpoaldetik bideratuko ditu saihesbide berri honek. Obren geldiunearen ostean, azaroan berrartuko dituzte eta proiektua osorik gauzatu ahal izanen da 2028rako. Nafarroako Gobernuak asumitu du gastua inbertsio programa berrian.

Altzateren berriztatze lan integrala hilabete honetan bukatutzat eman dute. 2025ean hasitako obrek oditeri zaharkitu guztia eraldatu zuten, eta hilabete honetan bertan errepidea berriz ireki dute. Gauzak horrela, Berako Udalak ez du atsedenik hartuko, eta esku hartze oraindik eta anbiziotsuago bat martxan jarria dute jada. Berako mugikortasuna guztiz eraldatuko duen esku hartzea izanen da; trafiko sostengaezin bat herritik kanporatuko duen sahiesbidea. 

Lehen fasea, 2027ko maiatza

Sahiesbidearen lehen fasearen obra lehiaketara aurkeztu zuten pasaden urteko azaroan. Urte bat pasa den honetan, buruko min ugari eman ditu lanak, bai finantzaketa aldetik, baita lurrak eman dituen arazoengatik ere. Esteban Agirrek onartu digunez, azaroan berriz martxan jarriko dute lana eta 2027ko maiatzerako espero da Eztegaratik Matzadara joanen den tartea irekitzea. 

Lehen fase honen ondorioak nabariak izanen dira. Zeharbide berriak Ibardin eta Lizuniagarako trafiko guztia hartuko du. Horrela, norabide hartako auzoetarako sarbide azkar eta eraginkorra lortuko da, 700 eta 800 ibilgailu artean murriztuz da trafikoa. 

Bigarren fasea, diru laguntza bidez, gauzatzeko prest

Sahiesbidearen exekuzio proiektua bukatzeke dago, baina bost milioi euroko aurrekontua baldintzatu zuten, udalak gastuari aurre egiteko gehiegizko kantitatea. Dena den, Agirreren erranetan «albiste on» bat jaso zuten urriaren 14ean Nafarroako Gobernuaren aldetik.

Urriaren 1ean Nafarroako Gobernuko parlamentariek Bera bisitatu zuten, Berako mugikortasun problematika honen inguruko xehetasun guztiak jasotzeko, eta begi bistan, herriaren beharrak ezagutzeko. Berako mugikortasun eta hirigintza zinegotziak konten aitortu zigun parlamentariek, Berako Udalekoak «zorionez entzunak” izan zirela.

«Diru hori jada jarri digute, 4 milioi eta 800 mila euro. Berri ona da, horrekin  egoera aldatuko delako. Bertze 3000 kotxe kenduko dira, eta Altzaten barrena bakarrik Ibardinera joaki diren kotxeak 1000 inguruan geratuko dira. %75ean murriztuko da trafikoa».