Azken urteetan ugariak eta ohikoak bilakatu dira gure eskualdean mugetako-kontrolak salatzeko eta migratzaileek berezkoa duten aske mugitzeko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioak. Joan den irailean bertan, «Bidasoaren gaineko muga administratibo absurdoa» salatzeko 7 kilometroko bizikleta martxa antolatu zuten Hendaia-Irun artean Recycl´Arte, Irungo Harrera Sarea, J´Accuse, Bidasoa etorkinekin, Atelier Vélo Txirrind´ola eta Cimadek. Eta pertsonak ilegal bilakatu eta akatzen dituzten muga eta politika antimigratorioen aurrean, gizarte antolatua dagoela oroitarazteko, Mugak Zabalduz karabanak gure eskualdea zeharkatuko zuen uztailaren 12an. Cimade elkarteak hamaika alditan salatu du ere, Hendaiako Erretentzio Zentroaren funtzionamendua eta frantses estatuak migratzaileen atxikitze epeak luzatzeko eta legeak gogortzeko daraman dinamika.
Schengen eremuan uhartea
Oraingo honetan, aldiz, 2025a amaitzear dagoela, Frantziak barne-mugen kontrolak berrezarri zituela hamar urte betetzen direla gogoan hartu nahi izan dute eragileek. Migratzaileak laguntzen dituzten sare eta kolektiboek argitu dutenez, azken hamar urteetan frantses gobernuak Schengen eremuan 1985ean ezarritako mugimendu askatasuna zapaltzen duten kontrolak ezartzeko hartutako erabakia salatu nahi dute. Eta urtemuga ilun hori nabarmentzeko mobilizazioa antolatu dute abenduaren 6 honetan, larunbatean, goizeko 11:00etan Hendaiako tren geltokian.
Frantziako estatuak Europako legediaren aurkako neurriak hartu, eta migranteen ehiza egiten duela salatuko dute. Era berean, milaka lagunen sufrimendua eragiteaz gain, hamar urteko kontrol politika antimigratorio honek emaitza tamalgarria izan dituela oroitarazi dute, «bederatzi erbesteratu hil dira Bidasoa ibaia zeharkatzen edo trenbideetan».
Etorkinekin Diakité Federazioko Amaia Fontangek europar «migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» egiten ditu egoera honen erantzule, eta frantses estatua zuzenean. «Afera honek argirat eman du hemen inposatu diguten muga bat dagoela, guk egunero trebeskatzen duguna, baina migranteek ezin dute, ez dira libreki ibiltzen ahal, migranteen ehiza antolatzen dutelako eta poliziaren presentzia handia izanik, muga lortzen duenak pasatzen, hartu eta berriz hegoalderat bidaltzen dute», salatzen du.
Kontrolen zorrozteko dinamika etengabea
Urtez urte neurriak zorroztu eta estrategiak bihurritzen dituztela salatzen dute. Izan ere, 2025eko martxoaz geroztik Force Frontières dispositiboa abian jarri zuen Frantziak. 6.000 pertsona kontrolatu dituzte orain artean, eta horietatik egoera irregularrean zeuden 28 atzerritar atxilotu dituzte, eta hauetatik 11 lagun Espainiako agintarien esku utzi zituztela dio prefeturak. Era berean, inteligentzia egitura polizial berria plantan eman dute Bidasoaldean «migratzaile sareak» kontrolatzeko.
Amaia Fontangek argi du «Europa harresi bat izango dela, migranteen eskubideak murriztuko ditu gehiago, migranteak gaitz guztien hobendun egin nahi dituztelako, eta kanpotarra bilakatzen dute etsaia», horri buru egiteko, zubiak eraiki eta giza eskubideak defendatu behar direla argituz.
Abenduaren 6an, 11:00etan, Hendaiako tren geltokian mobilizatuko dira hau guztia salatzeko. Ekintzarako deialdi hau CAFI-ANAFEk zuzendu du, baina sarean lan egiten duten migratzaileen laguntzarako erakunde guztiek parte hartzen dute, eta hainbat alderdi politikok eta sindikatuk sustengatzen dute. Etorkinekin Diakité Federazioa eta bere tokiko taldea, Bidasoa Etorkinekin, Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugak Zabalduz, Amnesty International France eta Baiona/Angelu/Donibaneko bere tokiko taldeak, Irungo Harrera Sarea, LFI Hendaia, Gipuzkoako SOS Arrazakeria, La Cimade, eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak ere. Era berean, CGT, FSU, Solidaires, LAB sindikatuak, eta GES (Gaucches Eco Socialiste), EHBai, Berdeak edota Les Ecologistes alderdi politikoak ere atxiki dira.