Mendelu auzoaren etorkizunak arduratzen du Hondarribiko Udala. Auzotarrekin eratutako mahaian eskuartean dituzten proiektu nabarmenei jarraipena egiten diete, baita auzo elkartearen iritziak jaso eta informazioa partekatu ere. Joan den asteazkenean elkartu dira berriz udaleko Osoko Bilkura Aretoan.
Uholde arriskuen lanketa
Azken urteetan, itsas-koefiziente altuekin eta marea biziekin batera, hainbatetan eman baitira uholdeak bertan. Bereziki, Letxunborro errekak gainezka egiten duelako. Eta auzoko hainbat etxebizitza (Josu Langilekoak) zero kotatik behera eraikiak daudelako. Joan den otsailaren 13an Mendelu auzoaren inguruko arazo honi aurre egiteko bilera egin zuten Hondarribiko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA). Erakunde honetako zuzendari nagusia Asier Lopez Etxebarria eta Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkateaz gain, Jose Maria Saez de Galdeano URAko Planifikazio eta Obretako zuzendaria eta Lorea Zangitu udal arkitektoak ere hartu zuten parte bilera hartan. Izan ere, hondar-zakuak jartzeaz gain, bestelako injenieria edota hirigintza neurriak aztertzen ari dira. Gogoratu, joan den ekainean aurkeztu ziela udalak auzoko bizilagunei udalak enkargatutako Azterketa Hidrografikoaren txostena.
Bidegorriari aterabideak
Mugikortasunean ere, Mendelu hunkitzen dituen zenbait proiektu izan dituzte aztergai Mendeluko Mahaian. Izan ere, Hendaia, Irun eta Hondarribia lotzen dituen egurrezko pasabide berria otsailean inauguratu zuten. Eta bidegorriaren azken zatia, Plaiaundi eta Amute artekoa, oraindik lizitatu gabe dago Espainiako Gobernuaren aldetik, baina Ministerioaren konpromisoa dagoela ikusita, hala Irungo nola Hondarribiko EAJk, «Bidasoa eskualdeko herritarrei mesede egiten dien akordioa lehenbailehen bete ahal izatea» eskatu dute.
Plaiaundi eta Amute arteko bidea egin eta gero, Amuteko zubian dagoen bidegorrirainoko azken pasabidea falta da Txingudi bailarako hiru hiriak lotzeko. Gonzalo Carrionek, Hondarribiko EAJko bozeramaileak, Abotsanitz-EH Bildu udal gobernuari eskatu dio proiektu hau «lehentasunen artean sar dezala». Eta obra proiektua esleitu eta egiten hasi orduko, ibilbideak aurreikusten dituen partikularrenak diren lursailen oztopoa argitu dezala, errepidearen egungo konfigurazioan ezin delako bidegorririk eraiki, eta Amutaldeko atzealdetik egin behar denez, udal tramitazioak Ministerioarenarekin batera joan beharko dutelako.
Bestalde, otsaileko udalbatzan Amute-Kosta eta Mendelu auzo elkarteek, Balazta elkartearekin batera mozioa aurkeztu zuten. Eta udal gobernuari bidegorria egin ahal izateko, hainbat lur desjabetu beharko direla oroitarazi dute, Aldatz nautika eta Sagarzazuko orubea besteak beste. Izan ere, orain arteko proiektua BIOK eraikinaren atzeraino besterik ez zen heltzen, eta Amuteko zubiarekin lotzeko tartean lur partikularrak daude.
Aldundiaren inbertsio plana errepideetan
Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo eta Hondarribiko udalekin adostu duten 50 milioi euro inguruko errepide sarea hobetzeko inbertsio planak ere, Mendelun mugarri izan daiteke. Inguru horrek «egituraketa oso konplexua» du, baina Hondarribiko sarrera hobetzeko helburuarekin, N638 eta GI636 errepideak lotuko dituzten bi biribilgune berri eraikiko dituzte, saihesbide berri bati lekua emanez. Felix Urkolak, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuakargitu duenez, «Amutalde kaletik 13.000 ibilgailutik gora pasatzen dira egunero, eta arazo horiek konpontze aldera, herri batetik bestera joateko bariante alternatibo bat egin nahi da» GI636ko gasolindegiaren ekialdetik abiatuta. Honi esker Mendelu auzoak Zubimuxutik jasotzen duen trafikoaren karga arinduko duelakoan dago aldundia.
Argitu dutenez, Zubimuxuko eremu horretan lanketa ugari geratzen zaizkie bai aldundiari, baita udalei ere, baina gaur egun norabide bakarrekoak diren sarrera-irteerak bikoitzak bilakatzeko aukera aztertzen ari dira, eta bi auzoen arteko lotura egokiagoa egiteko neurriak hartuko dituzte, bai oinez, baita bidegorriz ere.