PSE-EEk 6 milioi euroko proposamenak egin ditu udal aurrekontuetarako, erdia baino gehiago etxebizitza politikak indartzeko

Antxeta Irratia 2025ko urr. 23a, 09:32

Hondarribiko etxebizitza arazoari aurre egiteko 3,4 milioi euro bideratzea proposatu dute sozialistek 2026ko udal aurrekontuei begira. Alokairu soziala eraikitzeko udalak lurzoruak erostea eta etxebizitza politikak garatzeko sozietate publiko bat sortu nahi du PSE-EEk, baita familientzat etxebizitzarako laguntzak ematea ere.

Udal aurrekontuan txertatzeko sei milioi eurotik gorako balioa duten proposamenak aurkeztu ditu Hondarribiko PSE-EE udal taldeak. Herrian «inor atzean gera ez dadin» helburu dutela aditzera eman dute sozialistek, eta hondarribiarren benetako beharrak asetzeko eta Hondarribia «bidezkoagoa» eta «bizigarriagoa» egiteko proposamenak egin dituzte. 

Alde horretatik, etxebizitza lehentasunetan eman du PSE-EEk proposamen horietan, eta «ezinbestekotzat» jo du udalak lurzoruak erostea alokairuzko edo tasatutako etxebizitza publikoa eraiki ahal izateko. Horretara, hiru milioi euro bideratzea proposatzen dute sozialistek. Argitu dutenez, Hiri Antolamendu Plan Orokorrak (HAPO) Etxenikenean jasotzen duen formula pribatuak saihestu nahi ditu PSE-EEk, «etxebizitza ezin duelako interes pribatuen edo espekulazio eragiketen mendekoa izan».

Era berean, etxebizitzaren garestitzeak hunkitu dituen familiei laguntzeko 250.000 euroko diru partida proposatu dute, eta beste 150.000 euro gehiago etxebizitza udal sozietate publiko bat sortzeko. Argitu dutenez, «Tudelenean, Presan, Muliaten, Karmelitasen eta Etxenikenean etxebizitzen eraikuntza kudeatuko duen bulegoa behar du udalak». Eta modu berean, sozialisten ustez, pisu turistikoen erregulazioa edota aste honetan bertan Igor Enparan alkateak Denis Itxaso Etxebizitza sailburuarekin egindako lan-bileran aztertu duten Etxebizitza Gune Tenkatuaren balizko izendapenak ekarriko lituzkeen neurriak sustatu beharko lituzke sozietate horrek.