Montañenean berriz negoziatutako akordioa izenpetu du Hondarribiko Udalak promotorearekin

Antxeta Irratia 2025ko eka. 12a, 12:16

Otsailean eztabaida politiko nabarmena sorrarazi zuen Montañeneako promozioan, udal gobernuak berriz negoziatutako 84 etxebizitzak ahalbidetuko dituen hitzarmena izenpetu zuten atzo. Residencial Montañenea sustatzailearekin adostutakoaren arabera, lanak 2026 urtea amaitu baino lehen hasiko lirateke, eta udalak 25 eta 32 etxebizitza publiko artean jasoko ditu.

Hondarribiko udal gobernuak ekainaren 19an onartzera eman nahi duen Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrak (HAPO) aurreikusten dituen 1.500 etxebizitzetatik eraikitzen hasi ahalko diren lehenetarikoak dira Montañeneakoak. Jaizkibel kanpaleku eta Garbigunearen artean dagoen lursail honetan, hasiera batean promotorak bakarrik etxe pribatuak eraikitzearen truke Hondarribiko Udalak jasotzea aurreikusten zuen 5,1 milioi euroko konpentsazioari uko egin dio. Eta 84 etxebizitza arte eraikitzeko akordioa birnegoziatu du aurten, Etxebizitzaren Legeak ahalbidetzen duen bizitegi publikoak ahal bezain beste sustatzeko.

Estitxu Urtizbereak, Hirigintza ordezkariak argitu duenez, etxebizitzen heren bat «prezio kontzertatukoak» izango dira. Izan ere, 2018an 22 familiek promotorearekin adostuak zituzten prezioak garestitu gabe mantenduko dira azkenean. Udalak sustatutako akordio berriaren ondorioz, hauek 90.000 eurotan garestitu nahi baitzituen promotoreak bertan eraikiko dituen etxebizitza libreak. Azkenik, hauek tasatuak izan gabe, bere hasierako prezioan mantentzen lortu du udalak, familia horien faboretan.  

Esan bezala, HAPO berriak aurreikusten duen promozioa da Montañeneakoa, baina udalak etxebizitza publikoa eraikitzeko aukerak maximizatu nahi izan du bertan ere, «herriak bizi duen etxebizitza larrialdia lehenbailehen arindu nahian». Urtizbereak azaldu duenez, «HAPO dokumentua onartu eta berehala garatzen hasi ahalko diren hiru ekimen osatzeko lan handia hartu dugu, hirigintza planean xehetasunez landu direnak, Montañenea, Kubo Madalena/Labreder eta Etxenikenea». Montañenearen kasuan, eraiki behar ziren 45 libreen ordez, 84 eraikiko dituzte. Horietatik %30 libreak izango dira, heren bat babestua, eta beste herena aipatutako prezio kontzertatuan. 

Atzo izenpetutako akordioa eta gero, udalak eraikuntza prozesu osoa zorrotz jarraituko duela argitu du. Eta horretarako Jarraipen Batzorde bat eratuko dute, Udal zein sustatzailearen ordezkariek osatua, eta aldian-aldian elkartuko da hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko. Udalak 25 eta 32 etxebizitza artean jasoko ditu, eraikitzen diren etxebizitzen batez besteko tamainaren arabera.

Beste bi promozio lehenbailehen garatzeko

Horiek bala, HAPOa onartu gabe badago ere, udal gobernuak ahal duen heinean lanak aurreratzen doa, «herriak etxebizitza publiko parke ahalik eta zabalena lortzeko» helburuarekin. Aipatutako beste bi sustapenei dagokienez, aldiz, Madalena/Labreder ekimenari esker, 30 etxebizitza eraikiak eskuratuko ditu Hondarribiko Udalak alokairu sozialera bideratu ahal izateko. Hauek Labrederren jasoko ditu, Kubo Madalena eremuan 34 pribatu egingo ziren lekuan, orain 36 pribatu eraikitzea baimentzearen truke.

Hortaz gain, Jabier Ugarte kalean “Euskaraz Kapen” murala dagoen orubean, BAZ aurrean, erdi-soto, behe solairu, gehi hiru solairu izango dituen eraikin bat lortuko du udalak, azpiegitura dotazionaletara bideratuta. Bertan, adibidez, udalak Herritarren Arreta Zerbitzua kokatu dezakeela diote. Proiektuak etxeak eraikitzea baino gehiago izango dela iragarri du Igor Enparan alkateak. Izan ere, Alde Zaharrerako sarrera hori kale estu bat izatetik, irisgarria izango den plaza bilakatu nahi du udalak, eta gune historikora igotzeko bigarren igogailua ere bertan kokatuko dute. Bertan gainera indusketa arkeologikoak aurreikusten dira, garai batean Polborinarekin egin izan zen bezala. 

Hala ere, etxebizitza larrialdiari berehalako erantzun nagusia, Etxanikenea eremuan emango du HAPO berriak. Estitxu Urtizbereak argitu duenez, Labrederren atzealdea eta hilerriaren parean dagoen orube handi horretan 345 etxebizitza eraikiko baitituzte. Lehengo HAPOan 250 aurreikusten ziren bitartean, oraingoan gainera hau «lehenbailehen eraikitzen hasi ahal izateko» ez da Plan Partzialik beharko, HAPO dokumentuan xehetasun handiz zehaztu delako.