Bideoak

Estitxu Urtizberea: «Udalak Alardea antolatzea irtenbide bat izan daiteke, baina inolaz ere konponbidea»

Koldo Nausia/Aimar Lopez 2025ko urr. 29a, 13:00

Urriaren 27an, Alardeaz hausnartzeko elkarrizketa publikoa antolatu zuen Antxeta Irratiak herritarren eta Estitxu Urtizberea alkateordearen artean. "KonponBIDEAN" lelopean, Kultur Etxean herritarren galderak ere erantzun zituen udal ordezkariak ordubeteko saioan. Herrian aspaldi «inposatu diren idatzi gabeko arauak» eta udalak betearazi beharreko «XXI. mendeko legeak» izan zituen hizpide. 1996az geroztik gotortutako gatazka konpontzeko «arrazoia eta emozioen arteko krisia kudeatu» eta duela hiru urte abiatu duten «elkarrizketaren bidean sakondu» beharra dagoela dio.

Antxeta Irratiak elkarrizketari bide emateko aspaldi abiatutako prozesua du Hondarribian, Alardeari buruzkoa. Hala, Alardeaz Blagan podcasta edota joan den maiatzaren 23an eszenatoki berean Igor Enparan alkatearekin "Elkar entzunaz konponbidea eraiki" egindako elkarrizketa irekiaren ondotik, joan den astelehenean Estitxu Urtizberea alkateordeak onartu zuen herritarren aurrean azalpenak emateko erronka.

Kultur Etxeko areto nagusian, Alardearen gatazkari irtenbide bat emateko dauden aukera posibleak aztertu zituen, eta ahoan bilorik gabe hitz egin zuen udal gobernuan sartu zirenetik hartu dituzten erabakiez, eta aurrera begirako irtenbide egingarriez. 29 urtez gotortu den Alardearen gatazka, Berdintasun Legea betearazteko beharra, Hondarribiko Udalak jaietako espazio publikoaren kudeaketan 2023tik hartutako neurriak, edota hiru urte hauetan herrikideen artean, zein auziaren ikuspuntu ezberdinak dituzten eragileen artean ere, elkarrizketan sakontzeko egindako saiakerak baloratu zituen.

Arrazoia eta emozioen arteko krisia

Alde horretatik, agintaldi honetan, herritarren sentimenduak eta nahiak irudikatzeko egindako alardeari buruzko inkesta soziologikoaren datuak oso kontuan hartzen ditu Estitxu Urtizbereak. Izan ere, herritarrek alardeaz hitz egiteko beharra adierazi dute, eta inkestatuen %65ak gatazka elkarrizketa bidez konpontzeko beharra adierazi zuten bitartean, aldaketa baten beharra dagoela aitortzen dutenen %80ak irtenbide berriak bilatu behar direla diote. Hala ere, oraindik «arrazoia eta emozioen arteko talka» kudeatu beharretan daudela aitortu du Urtizbereak. «Kontraesanen krisi emozionala adierazten duelako, nire gogoko aukera tradizionalagoa izan daitekeelako agian, baina XXI. mendeko gizakia naizenez, eskubideen alde egiten dut, eta nire nahien gainetik gai naiz ikusteko eskubide hori bermatu behar dudala», argitzen du. 

Horri helduta, eta egungo egoerarekin bakarrik inkestatuen %7a eroso dagoela ikusita, «baditugu arrazoi nahikoak lanketa bat abiatzeko», dio udal ordezkariak. Hain zuzen ere, hortik ekin zioten joan den udaberrian Itsas Etxean antolatutako Herritarren Foroari. Baina hondarribiar askok barrenak hustutzeko balio izan zuen arren, tamalez, ez zituzten gatazkaren alde guztiek ariketa horretan murgiltzea lortu. «Jarrera tradizionalistena dutenen ausentzia nabaria izan zen, bakan batzuk parte hartu bazuten ere», azpimarratzen du. 

Zentzu horretan, «herritarren %30 bat irreduktiblea dela erakutsi du, eta behar bada asumitzen hasi beharko dugu hori», dio Urtizbereak, «ez dutela beren iritzia aldatuko». Aldiz, elkarrizketaren bidea irekia mantendu behar da «beti» bere ustez. Orain artean ez delako elkarrizketa efektiborik eman. «Ez da 30 urtetan hizketan aritu garela eta ez duela ezertarako balio izan, keba! Duela hiru urte hasi gara hitz egiten, eta eboluzio handia eman dela uste dut, beste gauza bat da herritarrek aldaketarako duten gosea», argitu du Estitxu Urtizbereak.

Orain, aldiz, Hondarribiko Udalak gaia estrategikoa dela erabaki eta baliabideak jarri dituen mementoan, «espazio seguruak sortu eta konfiantza minimo bat sortzen hasi da», eta bere hitzetan, «arazoa da ez gaudela entrenatuta, eta horretan sakondu behar dugu».

Gizartearen transformazioaren beharra

Kultur Etxeko ikusleen galderei erantzunez, elkarrizketak Alardearen gatazkari konponbide azkarrik ezingo diola ekarri aitortu du alkateordeak. «Beti pentsatzen dugu elkarrizketa bitartez adostu behar dugula erdibideko zerbait, baina agian adostu beharko ditugu non dauden marra gorriak, izan ere, azken hiru urteetan marra gorriak ere aldatu egin dira», dio Urtizbereak, aldi berean, Hondarribiko Udalak aldaketak bortxatu ditzakeenik ukatuz: «imajinatu dezagun udalak antolatzen duela alarde publiko eta parekide bat, badago %30 hori ez dena hor txertatuko, eta zer egiten dugu horiekin? Agian gure buruari egin behar diogun galdera da, zer ondorio izango dituzten hartutako erabakiek, azkarregi joan nahi izateak alarde publiko, bakar eta parekidearen helburua urrundu dezakeelako».

Hortaz, pazientzia eskatzen udal ordezkariak. «Hau oso prozesu motela da, baina iruditzen zait agintarien urte askotako erabakirik ez hartze horren ondorioz, herritarrek orain duten gosea handia dela, presa dago, baina gizartearen transformazioa beharrezkoa da aldaketak sendotzen joateko», nabarmendu du. Eta horretan belaunaldi gazteenek zeresan handia daukatelakoan dago alkateordea, «haiek ez dutelako bizipenen amorrua edo motxila hori, gatazkan jaio dira, baina beraiek dira etorkizuna».

Honi lotuta, herritarrak hausnartzera gonbidatu ditu Estitxuk. Izan ere, «alarde bakarra nahi duten hondarribiarrak ohartu beharko dira, ezberdin pentsatzen duten horiekin desfilatu nahi dutela azken finean, beraz amorrua eta presio soziala baino, elkartzeko bide bakarra maitasunaren bidea da», aldarrikatzen du.  

Irtenbidea ala konponbidea

Baina gizartearen transformazioa elkarrizketaren bidetik motela izan badaiteke, Hondarribiko Udalak urtero jaietan espazio publikoaren kudeaketa egitera behartuta dago. Eta alkateordeak aitortu du, agintari diren heinean ardura dutelako «bake sozialaren izenean edo tentsioa ez areagotzearren» euren buruari nolabaiteko balazta jarri izan diotela azken hiru urteetan.

Hala ere, Hondarribiko Udalak 2023tik hartutako erabakiek eragileak mugitzera behartu dituela uste du alkateordeak, eta Berdintasun Legea eta segurtasuna betearazteko aplikatutako neurriak nekez atzera egingo dutelakoan dago. «Jaizkibel konpainiak bigarren urtez desfilatu du konpainia bezala, eta hori atzetik datorrenak oso zaila izango du deusezteko», argitu du, «eta aurten ere irailaren 7an Arma Plazan izan dute haien espazioa». Urrats txikienek ere eszenatokia eraldatzen dutela uste du, eta horrekin batera, herritar askok aldaketari beldurra galtzen hasia diotela. 

Aldi berean, HAOSEk alkate-dekretuari helegitea aurkezteko auzitegira jo du aurten, eta Segurtasun Sailari irailaren 8an manifestazio baimena eskatu izana ere jarri ditu alkateordeak udalaren erabakiek eragindako erreakzioen adibide modura. «Ez dut uste dagoeneko jaun ta jabe direnik herrian, eta haien espazioa txikitzen doan heinean, beharbada behartuak ikusiko dute haien burua jarrerak aldatzera», erantzun zion Kultur Etxean HAOSEk herrian «idatzi gabeko araua» inposatzen jarraitzen ote duen galdetu zuen ikusle baten galderari.

Haatik, 30 urteotan Alardeari buruz idatzi gabeko arauaren kontra hitz egiteko «beldurra, presio soziala eta tentsioa» agerikoa dela uste du Estitxu Urtizbereak. Askok norbere harreman hurbiletan senti dezakete hori, baina arlo politikoan ere «Alardeak, bozka eta kalkulu politikoen beldurretan» eragin handia daukala azpimarratzen du. «Askok aipatu izan dute gatazka baretu izan dela, eta egia da ez dela 1996ko gertakarien ondotik emandako egoera, baina bake sozial faltsu bat eman da azken urteetan», azaltzen du, agintariek hiru hamarkadaz hartu ez dituzten erabakien ondorioz salbuespen egoera normalizatzera eraman bada ere.

Oraingo udal gobernuak eta Hondarribiko Udalak joka dezakeen paperari buruz, aldiz, «udalak maniobra askoz ere gehiagorako alderik ez du» bere ustez. Eta udal gobernuak alarde publiko eta parekidea antolatzeko erabaki posible bati buruz galdetuta, Estitxu Urtizbereak «nigatik balitz bihar bertan» aitortzen badu ere, alkateordeak gatazka gainditzeko aukera gisa ikusten dutenei argi utzi nahi izan die, halako aldebakarreko erabaki batek, «irtenbide» bat izan daitekeela, baina inolaz ere «konponbidea».