Ez da lehen aldia pintaketa faxista, homofo eta arrazistak gure eskualdeko hormetan eta kaleko altzari edo espazio publikoetan agertzen direla. 2024ko abenduan Lesakan eta Irungo Lakaxita gaztetetxean egin zituzten, “Guerra sin cuartel”, “Stop LGTBI”, "Defend Europa" edota "Fuera Degenerados” bezalakoekin. Eta 2024ko abenduan Irungo Moskuko gaztetxearen kontrako erasoen ondotik, 2025ean GKSk faxismoari aurre egiteko kanpaina abiatu zuen. Eta ekainean "Fuera Moros" zioten mezuen pintaketak azaldu ziren Irungo Palmera Montero gunean eta Urantzu kalean. Eta joan den udazkenean Irungo erdigune osoa mezu misoginoz betea esnatu zen.
Eraso eta egile ezberdinak egon daitezke ekintza hauen guztien atzean, baina ohikoa bilakatu bada ere, Hondarribiko Udalak irmoki gaitzetsi ditu joan den asteburuan Guadalupeko komun publikoetan agertu diren pintaketa xenofobo, arrazista eta faxistak. Halako mezuak onartezinak direla azpimarratu du udalak, eta "gure herriak defendatzen dituen errespetuaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren aurkako eraso zuzena" direla salatu du. Gogoan hartu behar da, ez dela lehen aldia Guadalupen edota Hondarribiko Kai Berrian halako pintaketak agertzen direla.
Gaur Hondarribiko Udalak plazaratu duen ohar batean aditzera eman duenez, "horiek idazten dituztenek erabateko itxikeria agerian uzten dute, eta aldi berean gizakiok bizitza hobe baten bila mugitzeko dugun oinarrizko eskubidea ahazten dute". Gogora ekarri nahi izan dute, gaur egun munduko hainbat lekutatik datozen pertsonek egiten duten bezala, "milaka euskaldunek ere bere garaian geure herria utzi behar izan zuten, etorkizun duin baten bila".
Hondarribia "herri irekia, anitza eta errespetuzkoa da", udalak dioenez, eta argi adierazi nahi du ez duela onartzen "inor jatorriagatik, arrazagatik edo bestelako arrazoiengatik iraintzen edo baztertzen duen jokabiderik".
Azaldu dutenez, pintaketak berehala kentzeko neurriak hartu ditu. Eta era berean, herritarrei dei egiten die "errespetuan, aniztasunean eta bizikidetzan oinarritutako herria eraikitzen jarraitzeko, eta gorrotoa edo diskriminazioa agertzen diren tokietan argi eta garbi salatzeko".