"Gerraren eta faxismoaren aurka, Antolatu!" lelopean, Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) hitzaldi-topaketa antolatu du ekainaren 20an, Peña kalean. 12:15ean faxismoa, autoritarismoa eta bizi dugun olatu erreakzionarioari buruz informatzeko hitzaldia emango dute, eta ondoren bazkaria egingo dute. Ikasturte honetan pintaketa eta eraso ezberdinak egin dituzten talde neonazi eta faxisten presentzia nabarmena izan da Irunen, eta «eskuin muturreko talde antolatuen estrategia baten parte» delakoan, Sanmartzialen atarian gauden honetan jendartea informatu eta antolatu beharra dagoela dio GKSk.
Eraso faxisten gorakada Irunen
GKSko Patxi Muñozek azaldu digunez, ikasturte osoan zehar talde neonazi eta faxisten presentzia nabarmena izan da gure eskualdean, gaztetxe mugimenduaren kontra ez ezik, migranteen kontrako diskurtso arrazista eta homofoboaren apologia egiten duten pintaketak egin baitituzte. Halakoak agertu izan dira joan den udaz geroztik, Hondarribiko Guadalupen eta Kai Berrian, Irungo Santiago eta Landetxa-Kateako frontoietan, edota Lakaxita gaztetxeak jasan dituen hiruzpalau eraso zuzenetan ere, “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak ohikoak bilakatu baitira Irungo gaztetxean.
Era berean, 2024ko abenduan GKSk Eguzkitza kalean okupatutako Moskuko Gaztetxearen kontrako erasoak ere pairatu ditu GKSk zuzenean. Kasu hartan, esbastika nazien pintaketekin batera, gazteak bi lehergailurekin erasotuak izan ziren egoitzaren barruan bilera batean zeudela. Lesakan ere, frankismoaren biktimen oroigarri edo totema apurtu zuten abenduaren hasieran, Aginako Lepoan, eta esbastika nazia marraztu zuten bertan.
Devenir Europeo talde neonazia
GKSko ordezkariek argi dute, hau guztia «eskuin muturreko talde antolatuen estrategia baten parte» dela. Izan ere, "Europa Defense" dioten pintaketak ere agertu izan dira. "Devenir Europeo" Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan eragin handia duen talde faxista da, hainbat erakunde neonaziekin harremanak dituenak. Eta talde honek Europako eskuin muturreko mugimenduekin koordinatzen du bere jarduera, batez ere Frantzia, Alemania eta Italiako talde faxistekin sareak osatuz. Sare sozialetan aktiboak dira, propaganda banatzen eta ekintza zuzenak sustatzen, eta horien artean Euskal Herrian egindako hainbat eraso ditugu azken aldian.
Bidenabar, ekainaren 20an GKSk antolatu duen hitzaldian jendea informatu eta «datorren olatu erreakzionarioaren aurrean prestatzeko» helburu dute. Europako herrialde gehienetan hedatzen ari den diskurtso erreakzionarioaren gorakada gurean dugula diote. Alde horretatik, «ikasturte bukaera ailegatzen ari dela, eta Sanmartzialak ate joka ditugula, giroa gaiztotua dagoenez garrantzitsua iruditu zaigu azaltzea zertaz ari garen, aurrean dugun mehatxuaz jabetzeko», dio GKSko kideak.
Agintarien ez ikusiarena
Gazte mugimendu antifaxistak euren burua antolatu beharra duela sinetsita daude. «Irungo Udalaren partetik eta agintariengandik ez dugu ezer espero, ez ikusiarena egiten dute, eta zorrotz salatu beharrean, isilarena emanez eskuin muturra zuritzen ari dira, oso eroso daude horrela, baina diskurtso erreakzionarioari bide ematen ari diote ohartu gabe», salatzen du GKSko ordezkariak. «Argi daukagu talde neonazi hauen presentziaren aurrean, guk egin beharko diegula aurre», azpimarratzen du.
Horren irudiko ditugu, Irunen aurten emandako eraso eta pintaketak. Aipatutako guztien ondotik, Uranzu kalean eta Palmera Montero gunean otsailaren 25ean agertutako "Moros Fuera" zioten pintaketa arrazistak besterik ez baititu Irungo Udalak gaitzetsi. Kasu honetan udal eraikin batean azaldutakoak izanik, «gertakari puntuala» zelakoan utzita. Aldiz, eskuin muturraren mezu populista eta sinpleak erosten dituenik ez da falta. Eta Irunen negua luzea izan bada talde neonazien erasoen ondorioz, «beldurraren doktrina eta segurtasun ezaren diskurtsoa» probesten ari direla diote, helburu politikoak lortzeko.
'Auzo Patruilak' Irunen
Horren irudiko, apirilaz geroztik interneten antolatzen hasi, eta dagoeneko kaleak hartu dituzten "Auzo Patruila" fenomenoa dago. Sare sozialen bitartez, ia 700 lagun biltzen dituen "Lo Vi en Irun" taldea osatu dute hilabete eta erdiko epean, eta horietatik 30-40 lagun artean kaleko segurtasuna zaintzeko aitzakiarekin, kaleko patruilak antolatzen dituzte asteburuero, ostirala eta larunbatero, gauerdian hasi eta goizeko ordu txikitan. «Oso arriskutsua da hau, bizilagunak direla esanez, ustez neutral irudia ematen dute, baina talde hauen koordinazioan eskuin muturra eta VOX inguruko mugimenduak daudela jakin badakigu», dio GKSko Patxi Muñozek, «argi dago frustrazioari norabide erreakzionario bat eman nahi izan dioten goi burgesiak bultzatutako talde antolatuak daudela, sare sozialetan oso mezu matxista, homofobo eta transfobo esplizituak bideratzen dituztenak, iritzi sortzaileak dira».
Arrazakeriaren kasuan, aldiz, kale segurtasunaren aitzakiapean «beldurraren doktrina» haien helburu politikoetarako aprobetxatzen dituztela dio. «Alde batetik daude kaleko talde neofaxistak agitazio gogor bat egiten dutenak, baina azal asko daude honetan, eta beldur irrazionala sustatzen dute, itxuraz neutralak diren bizilagunen izenean hitz egiten dutenak, baina benetan badakigu nortzuk dauden atzean», argitzen du Bidasoko GKSko kideak.
Antxeta Irratiak Irungo Udalari galdetuta, Auzo Patruila hauei buruzko baloraziorik ez du egin nahi izan. Agintariek garrantzia kendu nahi izan diote, txaleko horiekin Irungo kaleak gauez zaintzen dituzten bizilagunek zuzenean ez esku hartzeko protokoloa plazaratu dutelakoan. Aldiz, barne komunikazioetan, talde honetan ehiza baimena eskuratu eta etxean su-arma bat edukitzeko deialdia egin dute, baita kalera irteteko spry-pimienta (piperbeltz gel edo gasa) gailuak erosteko gomendioa luzatu ere. Esan bezala, Irungo Udalak ez du talde antolatu honi buruz baloraziorik egin nahi izan.