Ikasturte honetan Irunen talde neonazi eta faxistek egindako eraso eta pintaketa homofobo eta arrazistekin kezkaturik azaldu da SOS Arrazakeriak erakundeak. Irungo hainbat gazte mugimenduk eta talde antifaxistek salatu dute, eskuin muturra oinarri duten talde antolatuen estrategia baten parte direla.
Aurten Irunen ez ezik, Hondarribian eta Lesakan ere halako pintaketa ugari azaltzearekin batera, Irungo Lakaxita eta Moskuko gaztetxeen kontrako eraso zuzenak ere salatu dituzte Lakaxitako gazte asanbladak zein GKSk. Abenduan 200 lagunetik gora bildu ziren Urdanibia plazan eraso hauek gaitzesteko, eta faxismoaren kontra borrokatzeko antolatzen hasteko. Bortzirietan, aldiz, Agiñako Lepoan frankismoaren biktimen orotarri edo totema moztu eta esbastika bat marraztu zuten udazkenean, eta Hondarribian, Guadalupen edota Kai Berrian antzeko pintaketa agertu izan dira aurten.
Hondarribiko eta Lesakako udalek ekintza hauek berehala salatu zituzten bitartean, Irungo Udalak, aldiz, ez ikusiarena egin du irailaz geroztik emandako eraso eta pintaketei buruz. Behin bakarrik gaitzetsi ditu. Joan den otsailean Uranzu kalean eta Palmera Montero gunean azaldu ziren “Moros fuera!” zioten pintaketak hain justu. Kasu honetan, migratzaileei aholkularitza juridikoa eskaintzen dien Adiskidetuak elkarteak erabiltzen duen udal eraikin baten kanpoko hormetan eta leihoetan egindako pintaketak ziren, eta «onartezinak diren mezu arrazistak» salatu, baina «gertaera puntualtzat» jo zuen udalak.
Haatik, SOS Arrazakeriak salatu duenez, horrelako ekintzak «ez dira puntualak». Arrazakeriaren aurkako erakundeak Euskal Herriaren luze-zabalean halakoak zerrendatu eta urtero bilana plazaratzen baitu. Diotenez, «gure gizartean oso errotuta jarraitzen duten arrazakeria eta xenofobiaren erakusle dira». Eta azken aldian emandako gorakada erreakzionarioaren aurrean, administrazio publikoari neurriak hartzeko gomendatzen diote.
Gerard Carrere, SOS Arrazakeriako kideak azaldu digunez, kaleko hormetan pintaketa arrazistek «gizatasuna kendu eta gorrotoa» zabaltzen dute. Eta haien atzean zer dagoen ikertzeko protokolo bat beharrezkoa ikusten du. Izan ere, indarkeria arrazistak gora egin duen honetan, pintaketa horien atzean “gorroto delitu” bat ote dagoen argitu eta ardurak zuritu beharra dago. Alde horretatik, halako pintaketak agertzen direnean udalak nola erantzun beharko lukeen zehazten duen protokolo bat lantzeko proposamena egin nahi die Gipuzkoako SOS Arrazakeriak erakundeak, Irun, Errenteria, Donostia, Eibar eta Tolosako herriko etxeei.