Biteri kaleko 42 babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko epea zabalik

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 27a

Maiatzaren 4an itxiko dute izena emateko epea, eta Hondarribian gutxienez urtebeteko errolda edo azken 10 urteetan bost urtez herrian bizi izan direnei zuzenduta dago. Etxebidek sustatutako etxebizitza eskaintza publikorako eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea ezinbestekoa da, eta 2024ko diru-sarrerak kontuan hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, gutxienez 9.000 eta gehienez ere 46.463,29 euro. Presa I etxebizitzen eraikuntza lanak 2024ko urtarrilean hasi zituzten, eta VISESA sozietate publikoak 2026ko irailean Alokabideri eman nahi dizkio, eraikuntza lan guztiak behin amaitutakoan.

Hondarribiak bizi duen etxebizitza larrialdia kontuan hartuta, nahi baino gehiago luzatu da Presa I etxebizitza publikoen proiektua. Baina lanak amaitzen doaz, eta heldu den udazkenean alokairu sozialeko etxebizitzen entrega egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eskatzaileentzat izena emateko epea zabaldu berri du. Martxoaren 27tik maiatzaren 4ra bitartean, errolda eta baldintza ekonomikoak betetzen dituzten gehienez ere zazpi kidez osatutako unitate familiarrek izena eman dezakete.

Atzeratutako proiektua

Eusko Jaurlaritza, VISESA eta Hondarribiko Udalaren PRESA I sustapenaren lehen hitzarmena 2018koa izanik, nahi baino beranduago garatutako proiektua da. Bere azken fasean aurkitzen da, baina 2021eko abenduan garaiko alkate zen Txomin Sagarzazuk iragarri zuen jada, 2024 urterako eginak egongo zirela. Gerora ordea, 2024ko urtarrilean hasi zituzten eraikuntza lanak.

Proiektua bera egokitu zuten. Hasiera batean, 2018ko azaroaren 14an izenpetutako hitzarmenak jasotzen zituen 117 etxebizitzak egin beharrean, azkenean 66 dira, denak alokairu sozialera bideratuko dituztenak. Eta proiektuak lurpeko hiru solairuko aparkaleku bat aurreikusi zuen bitartean, azkenean, soto azpiko solairu bakarra egin dute, eta 66 bizilagun berrien aparkaleku beharra asetzeko, 55 plazako azaleko aparkaleku bat egingo dute errepide nagusiaren aldera. Aipatutako 66 bizitokietatik 51 bi logelatakoak dira, eta gainerako 15 etxebizitzak hirukoak. Bestalde, eraikinaren behealdean bi lokal komertzial edota zerbitzuetarako izango ditu, eta VISESAk hauen erabilera edo salmenta eskubideekin egindako inbertsioaren parte bat berreskuratu nahi du. Hondarribiko Udalak lokal hauek jabetzan edo erabilera eskubidean eskuratzeko lehentasuna izango du. 

Haatik, Denis Itxaso Etxebizitza Sailburuak 2025eko urrian obrara egindako bisitan iragarri zuenez, proiektuaren eraikuntza lanak azken fasean sartu dira, eta 2026 urteko irailean entregatuko dizkiote Alokabideri alokairu sozialean eman ditzan. 

Bete beharreko baldintzak

Orain, Biteri kalean kokatutako 42 babes ofizialeko etxebizitza (BOE) eskuratzeko izen-emate epea zabaldu dute. Argitu dutenez, etxebizitza hauek erregimen orokorreko babes publikoko etxebizitzak izango dira, eta esleipena alokairu edo jabetza baldintzen arabera egingo da, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Izena emateko, ezinbestekoa izango da Etxebiden alta emanda egotea, Euskadiko etxebizitza eskatzaileen erregistroan, eta ezarritako baldintza guztiak betetzea.

Zehazki, Hondarribian gutxienez urtebeteko errolda edo azken 10 urteetan bost urtez herrian bizi izan direnek eska ditzakete. Eta 2024ko diru-sarrerak kontuan hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, gutxienez 9.000 eta gehienez ere 46.463,29 eurokoa. Hala ere, bai errolda, bai diru-sarreren kasuan ere, salbuespenak izango dira mugikortasun murriztua duten pertsonak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak edota kolektibo jakin batzuentzat.

Izena emateko epea maiatzaren 4an itxiko dute, eta Etxebideren webgunean egin daiteke, edota aurrez aurre Andia kalea, 13 (Donostia) bulegoan hitzordua eskatuta.