San Nikolas atearen jatorrizko egitura berreskuratzeko lanak hasiko dituzte datorren astean

Antxeta Irratia

Erdi Aroko Hondarribiaren lekuko zuzena eta hiriko defentsa-sistemaren parte, XVI. mendera arte, San Nikolas atea izan zen hiribilduko garrantzitsuena, harik eta hegoaldeko Santa Maria atea ireki zuten arte. Ezkututa geratu den haren jatorrizko harrizko egiturak berreskuratzeko 156.525 euroko inbertsioa egingo du Hondarribiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailaren laguntza ekonomikoarekin.

Hondarribiko Udalak San Nikolas atearen zaharberritze eta birgaitze lanak abiatuko ditu datorren astean, hiriko ondare historikoa «babestu, berreskuratu eta balioan jartzeko» helburuarekin. Udalak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie aste honetan inguruko bizilagunei bertara egindako bisitan. Izan ere, Erdi Aroko atea berreskuratzearekin batera, alboko etxearen behekaldean garai hartako harresiaren zatiak daude, eta hori bera agerian uzteko lanak egingo dituzte. Alde horretatik, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak argitu du harresi zaharra ikusgai egongo dela, baina bertako etxebizitzei kalterik egin gabe.

Iazko azaroan ere, Fernando Cobos Guerra, Erdi Aroko gotorleku eta hirigintzan arkitekto doktoreak ‘San Nikolas atea eta barruan edo kanpoan zauden jakiteko arazoa’  izenburupean, hitzaldia eta bisita gidatua eskaini zuen Ezagutu Zure Hiria ekimenaren baitan. Eta saio haietan garai bateko hiribilduaren iparraldeko muga izandako atearen historia eta bertan egingo dituzten birgaitze lanak azaldu zituen. 

Udalak San Nikolas atearen garrantzia azpimarratu du. Erdi Aroko harresiaren parte baita, eta Hondarribiko hirigune historikoaren ondare-balio handiko elementuetako bat. Kalea eraiki eta XVI. mendera arte, kalea eta San Nikolas atea izan ziren hiribilduko garrantzitsuenak, harik eta hegoaldeko Santa Maria atea ireki zuten arte. Ordutik aurrera, Kale Nagusiak hartu zuen garrantzia gehien. Hain justu, esku-hartze honen bidez, haren jatorrizko harrizko egiturak berreskuratuko dituzte, eta eraikinak mendeetan zehar izan duen bilakaera agerian utziko dute. Igor Enparan alkateak azaldu duenez, «Erdi Aroko Hondarribiaren lekuko zuzena da, eta hiriko defentsa-sistemaren parte», baina proiektua prestatzen ari zirela konturatu ziren egun duen egoera eta itxura ez datozela bat jatorrizko atearekin.

Hartara, garai batean San Nikolas zubia berreskuratu ondoren, orain, Erdi Aroko barne harresi eta atea berreskuratuko dute mendeetan zehar izandako eraldaketak bere onera ekartzeko. Era berean, San Nikolas baluarteko lurrak erosteko ahaleginak egin ditu udalak agintaldi honetan, urte luzetan baratzak partikular batzuk hartu dituen eremua izanik, hura ere berreskuratu nahi dutelako.

San Nikolas atearen zaharberritzea Hondarribiko Udal Gobernuaren Agintaldi Planean jasotako konpromisoetako bat dela gogoratu du alkateak, eta ondarea babestea Udalaren lehentasunetako bat dela. Honekin bezala, azken urteetan Higer itsasargiarekin edota San Telmo gazteluan egin dituzten urratsak adibide gisa jarriaz. Kasu honetan, 156.525 euroko inbertsioa egingo dute, eta proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailaren 90.000 euroko dirulaguntza jaso du. Lanak heldu den astean hasiko badira, hiru hilabeteko epea izango dute, Harri Construcciones y Mampostería S.L. Enpresak egingo ditu.

Irudia: Hondarribiko Udala