Irungo Isuri Gutxiko Eremuak 30 salbuespen izango ditu, auzokide, langile eta negozioen eskubideak bermatzeko

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 2a

2030 urterako Irungo erdiguneko zirkulazioa %20 eta isuriak %25 batean apaltzeko helburuarekin, ZBE-IGE udal ordenantza onartu eta alegazio epea ireki den honetan, bi fasetan aplikatuko dituzten debekuak, eta 30 salbuespenak argitu dituzte udal ordezkariek. Desinformazioari aurre egiteko eta zalantzak argitzeko informazio-kanpaina egingo dute Txanaleta plazan uztailean, eta eskuorriekin hiri osoan zehar. Izan ere, «errealitatearekin bat egiten ez duten debeku asko sinetsi ditu jendeak, baina zuzenean gezurra dira, udal ordenantza ez da hain murriztailea», argitu dute Mugikortasun Jasangarrirako eta Garapen Jasangarrirako zinegotziek.

Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren (ZBE-IGE) udal ordenantzaren hasierako onarpena joan den maiatzaren 29ko udal osoko bilkuran eztabaidatu zuten. PSE-EE eta EAJ-PNV udal gobernu koalizioak baino ez zuen alde bozkatu, eta EH Bilduk «beharrezkotzat» jotzen badu ere, partaidetza hobetzeaz gain, debekuak indarrean sartu aurretik «mugikortasun jasangarri batetarako alternatibak» landu behar direla argudiatu zuen abstenitzeko. Haatik, Elkarrekin Podemos eta PP udal taldeak ez daude udalak garatu duen araudiarekin konforme.
 
Urteotan eramandako prozesuan partaidetza ez delako aski izan haien ustez, eta araudiak ezartzen dituen debekuen eragina oro har gehiegizkoa izango delakoan baitaude. ZBE-IGE barruan dauden 1.540 establezimenduen jarduera ekonomikoan eragingo duelako batetik, eta bestetik, bertan bizi diren irundarrengan, eta gainerakoengan ere, «mugitzeko askatasunari mugak» jartzen ari zaizkiola argudiatzen baitute. 
 
Sergio Javier, Mugikortasun Jasangarrirako udal ordezkariak, aldiz, hiria antolatzeko eta hirian mugitzeko epe luzerako hausnarketa egin beharra dagoela defendatzen du. Zinegotzi sozialistaren arabera, «askatasuna mugatzen ari garela pentsatzen duten horiek hausnartu beharko dute espazio publikoa denona dela, eta PMUSarekin batera aldaketa klimatikoa arintzeko neurri bat gehiago besterik ez dela».
 
Lanketa sakona
 
Alde horretatik, 2030 urterako Irungo erdiguneko zirkulazioa %20 apaltzea aurreikusten du mugikortasun planak, eta isuriak %25 batean. Eta Espainiako Gobernuak Europatik inposatutako legea aplikatzen ari direla ohartuta, Irungo araudia garatzeko urte askotako lanketa egin dutela aditzera eman dute gaur Sergio Javier berak, eta Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako zinegotziak.
 
2024ko maiatzaren 9tik 2025eko maiatzaren 8ra bitartean eginiko erdiguneko airearen kutsadura neurketak ez ezik, trafikoaren joan-etorriak eta zirkulazioaren murrizketek komertzioan eta ostalaritzan eragin ditzakeen ondorioak aztertu dituzte. «Analisi sakona egin dugu, eta oinezkoentzat hiri bat bultzatzeko helburuarekin, oinarri sendo batekin hartu dugu erabakia», azpimarratu du Olazabalek.
 
Hartara, joan den astean udal ordenantza onartu, eta alegazioak aurkezteko epea behin zabaldu dutela, herritarrak araudia xehetasun osoz informatzeko garaia iritsi dela argitu dute. Izan ere, Olazabalen ustez, azken hilabeteetan Isuri Gutxiko Eremuaren udal ordenantzak eragin duen eztabaida, kalekoa zein politikoa, desinformazioak eragin du. «Errealitatearekin bat egiten ez duten zalantza eta galdera ugari sortu dira herritar eta kolektiboen partetik, eta jendeak sinetsi dituen debeku gehienak zuzenean gezurra dira, ez ditu udal ordenantzak aurreikusten», argitu du. 
 
Zentzu horretan, udal ordenantza garatzeko urteotan hunkitutako kolektiboekin egindako partaidetza saioen emaitza dela defendatzen du Olazabalek. 2028 urtean indarrean sartuko diren lehen debekuekin batera, araudia progresiboki aplikatu bada ere, 30 salbuespen aurreikusten baititu. Eta partaidetza saioetan jasotako kasu eta adibideen %75a jaso ditu udal ordenantzak. «Pozik gaude emaitzarekin, herritar eta kolektibo ugarik egindako ekarpenekin aberastutako araudia da, eta salbuespenak kasuistika gehienak aintzat hartzen ditu», dio Olazabalek. 
 
Araudia behin betiko onartzeko «azken txanpan» gauden honetan, eta alegazio-epea irekita, herritarrak informatzeko eta zalantzak argitzeko ahaleginak egingo ditu Irungo Udalak. Ekainaren 4an (18:00etan) Palmera Montero gunean bilera irekia antolatu dute horretarako. Eta iragarri dutenez, uztailean informazio-puntu bat jarriko dute Txanaleta plazan norbere zalantzak planteatu eta araudiak nola eragingo dion argitu ahal izateko. Era berean, udalaren webgunean ZBE-IGE eremuari buruzko atalean informazio zehatz guztia eskura dagoela gogoratu dute udal ordezkariek. Eta hiriko komertzio eta ostatuetan araudiaren lerro nagusiak argitzen dituen triptiko baten 7.000 ale banatuko dituzte. 
 
Salbuespenak salbuespen
 
Orain artean, Irungo Udalak Isuri Gutxiko Eremuaren perimetroa eta kronogramaren berri eman du. Zehazki, 2028tik aurrera udal ordenantza berria bi fasetan eta modu progresiboan aplikatzen joango baitira erdiguneko 0,74 kilometro koadroko azalera duen eremuan. Lerro nagusietan, Dunboako kanala batetik, Irungo GI-636 eta Hegoaldeko saihesbideak, eta trenbideak mugatutako eremua izango da, Colon-Nafarroa hiribideak eta Gipuzkoa-Iparralde etorbideak ardatz hartuta.
 
Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren barruan irundarren %22,4 bizi da, 14.000 pertsona orotara. eta egindako azterketen arabera, Colon pasealekua, Nafarroa hiribidea eta Iparralde etorbidearen inguruetan beste 10.000 eta 15.000 oinezko inguru mugitzen dira egunero. Gainera, ZBE-IIG eremua mutur batetik bestera zeharkatu daiteke oinez 15 minututan. Eta aldi berean, garraio publikoa eta bizikleta sustatzeko neurriak aurreikusten dituzte.
 

Irungo Udalak zehaztu duen Isuri Gutxiko Eremuaren aplikazio perimetroan irundarren %22,4 bizi da.

Udal ordezkariek aditzera eman dutenez, perimetroa zehaztu eta hunkitutako kolektiboekin bilerak egin ondoren, salbuespenak eta moratoriak zehaztu zituzten, eta udalbatzan bozkatu aurretik, kontraste tekniko eta politikoa egin zuten. Alde horretatik, «ez da egia norbere etxera sartu ezingo duenik, edo anbulatoriora edo farmaziara joatea debekatuko dugunik, ezta autonomo batek ezingo duenik ZBE-IGE eremu barrura sartu lan egiteko ere», argitu du Olzabalek.  
 
Izan ere, araudiak teorian debeku nabarmenak aurreikusten ditu. Baina salbuespenak ugariak dira. Maider Basurto, Garapen Jasangarriko teknikariak azaldu duenez, «kutsadura potentzialaren arabera» debekatuko da erdigunean sartzea, baina 2029ko abenduaren 31 arte, eta araudiaren bigarren fasea (2030eko urtarrilaren 1) indarrean sartu orduko ere, salbuespen eta moratoria ugari aplikatuko dituzte. Funtsean, distintiborik gabeko edo B motako ibilgailuek debekatua izango dute eremuan sartzea 2030etik aurrera, eta lehen fasean, aldiz, B motakoek moratoria bat izango dute. 
 
Gainerakoan, Isuri Gutxiko Eremuaren barruan zirkulatu ahal izango dute bizikletak, 50cc eta 125cc motorrak, ibilgailu historikoak, eremu barruko bizilagunek, garaje jabeak (gehienez bi matrikula), ZBE-IGE indarrean sartu aurretik eremu barruan TAO egoiliarrak ziren guztiak, eta mugikortasun murriztua duten pertsonen laguntzarako, edota trantsitorioak diren urgentziazko desplazamenduetarako (hurrengo 48 orduetan justifikatu beharko da).
 
Era berean, jarduera ekonomikoak ere kontuan hartzen ditu araudiak, eta ardura adierazpen bat eginez, hoteletako, mekanika tailerretako zein lur azpiko aparkalekuetako bezeroak baimenduko dituzte. Eta lan egitera doazen autonomoek ere ZBE-IGE eremuan sartzerik izango dute. Bestalde, erdigune arautuan lan egiten duten pertsonek ere aukera izango dute, lantokiak aparkalekua baldin badu. Esan bezala, udal ordenantzaren bigarren fasea aplikatuko denean, aldiz, salbuespen hauen barruan ez dauden B motako bereizgarria duten ibilgailuek debekatua izango dute Irungo erdigunean zirkulatzea. 
 
Bestalde, 2028an araua indarrean sartu bitartean, debekuei lotutako isunak eta arautegia garatu beharko dutela aditzera eman du Sergio Javierrek. Eta irundarrak informatzeaz gain, kanpora begira ere kanpaina argiak egin beharko dituztela aitortu du. Bereziki, Ipar Euskal Herriko bisitariei begira. «Mugaz bestaldean ez dago horrelako Isuri Gutxiko Eremurik, eta araudiak ezberdinak direnez, ongi informatu beharko diegu bisitariei Irunera heltzen direnean egoera zein den», argitu du. Baina Ipar Euskal Herrikoak izan, ala beste udalerrietakoak, erdigunera sartzeko debekuak denei aplikatu zaiela azpimarratu du.
 
Bistan denez, Isuri Gutxiko Eremua kontrolatzeko bideozaintza kamerak instalatuko dituzte, eta matrikulen arabera jakingo dute gidariek araudia betetzen ari diren edota salbuespenak aplikagarriak ote diren.