Europako Surfrider Fundazioak bultzatutako "Surfrider Against Cigarette Butts" kanpainaren Colillaton ekintzarekin bat egingo du Ficoban ospatzen den Bioterra azokak. Ekainaren 5ean, 16:00etan, eta Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, Ficoba inguruko eremuan zigarrokinak biltzeko ekintza antolatu dute. Ordubetez erakundeko laguntzaileekin eta boluntarioekin egingo dute bilketa Ficobaren aurrealdean. Eta ondoren bildutako zenbatu eta emaitzak aztertu egingo dituzte. «Ekintza honen bidez, espazio publikoan abandonatuta amaitzen duten zigarrokin kopuru izugarria frogatu nahi dugu, eta askotan oharkabean pasatzen den hondakin bati buruzko kontzientzia sortu», nabarmendu du Xavi Curto Surfrider Espainiako koordinatzaileak.
Europako hainbat hirietan antolatzen du Surfrider Fundazioak ekimen hau, erretzaileek lurrera bota ohi dituzten zigarrokinen ingurumen-inpaktuari buruz sentsibilizatzeko. Izan ere, adituen arabera, munduan hondakin kutsatzaile eta ugarienetako baten aurrean gaude.
Alde horretatik, zigarrokinak oraindik ere hondakin ikusezinenetako bat dira, baina hiri-hondakinen artean ugarienak dira kale eta parkeetan. Baita naturaguneetan ere, izan ere, haizeak eta eurien korronteek erraz lekuz mugitzen dituzte, eta natur ingurunean pilatu ohi dira, mendi, erreka eta itsasbazterretan.
Surfrider Fundazioak oroitarazten duenez, zigarrokin bakar batek 50 litro ur kutsa ditzake, eta urteak behar ditu erabat degradatzeko. Denbora horretan, bere baitan gordetzen dituen 7.000 substantzia toxiko baino gehiago eta mikroplastikoak askatzen ditu ingurumenera. Arazoa larria da eta mundu mailakoa. Izan ere, urtero 4,5 bilioi zigarrokin inguru amaitzen dute naturan.
Colillatonen parte hartzea irekia eta doakoa da. Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzak izanez gero, hona idatz dezakezue: xcurtozafra@surfrider.eu.
Zigarrokinekin amaitzeko ahaleginak
Azken urteetan zigarrokinak auzolanean jasotzeko hainbat ekimen antolatu dituzte gure eskualdean. Surfrdier Fundazoak berak bultzatuta, 2025eko maiatzean, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna zela eta, Colillaton ekimena antolatu zuten euskal kostaldeko hainbat udalerritan. Haien artean, Irunen Recicla-Birziklatu elkartearekin lankidetzan egin zuten San Juan plaza inguruetan, eta Hondarribian, Kai Zaharreko hondartza txikitik hasita.
Era berean, Ipar Euskal Herrian erakunde publikoetan ere arduratzen hasi dira kutsadura mota honekin. Urruñako herriko etxeak, adibidez, hitzarmena izenpetu zuen iaz Alcome erakundearekin, kaleko zigarro hondakinak apaltzeko neurriak hartzeko. Sentsibilizazio kanpaina egiteaz gain, zigarrokinak biltzeko hautsontzi bereziak instalatu dituzte herrian, eta hauek hustutakoan hondakin balorizatzen dute Bidarteko Tree6clopes elkartearen bidez. Izan ere, Frantziako estatuan urtero kontsumitzen diren zigarroen %12 molde desegokian botatzen dira lurrera espazio publikoan.