Gobernukide «sozialisten gobernantza ereduaren deribarekin» kezkatua dago Irungo EAJ-PNV

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 10a

«Hauteskunde kalkuluen logikan gobernatzea» leporatu diote jeltzaleek PSE-EEri, «lehentasuna ematen diotelako iragarpenari, titularrari eta komunikazio politikoari, hiriaren eraikuntza kolektiboari baino». 2025eko urtarrilean udal aurrekontuak onartzeko adostutako gobernu koalizioa bere horretan mantentzen bada ere, Udal Gobernuan sartzeko jeltzaleek egindako apustua ez zela «espazioak betetzeko soilik izan» oroitarazi dute, «irundarrentzat proiektu estrategikoak desblokeatzeko elkarlanerako baizik».

Kantak dion bezala, ez dira betiko garai onenak. Maitasuna azkar itzali zaie EAJ-PNV eta PSE-EEri Irunen. Izan ere, gobernu koalizioa bere horretan jarraitzen badu ere, jeltzaleek plazaratu berri duten ohar baten bidez, gobernukide sozialistaren «gobernantza ereduaren deriba» deitoratzen dute. 2025ean Udal Gobernuan sartzeko jeltzaleek egindako apustua ez zela «espazioak betetzeko soilik izan» oroitarazi dute. Eta bidelagun okerra atzeman dutela dirudi. Kontuan hartu behar baita bi alderdien arteko harremanak bortxazkoak izan direla hastapenetik. Politikaren matematikak eta beharrak asetze aldera.

2023ko udal hauteskundeen ondotik Euskadi mailako bi alderdien arteko akordio markoa Irunen ere betetzeko negoziazioek luze jo zuten. Baina 2024ko urrian Gorka Alvarez bozeramaile jeltzaleak argi utzi zuen «sozialisten borondate faltaren aurrean, eta denbora amaituta oposizioa izango zela agintaldi honetan» haien lekua. Baina gerora ahaleginak areagotu egin zituzten, eta akordio marko horren baitan, 2025eko udal aurrekontuak onartu ahal izateko, hitzarmena itxi zuten. EAJ-PNVk nabarmendu zuenez, gobernu koalizioa Irungo proiektu estrategikoak desblokeatzeko helburua zuen, jakinik, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan alderdi biek gobernatzen dutela. Baina erronka horietariko gutxi batzuk gauzatu edo bideratu dituzte.

2025eko urtarrilean adostu zuten gobernu koalizioa.

Gobernu koalizioa aurkeztu eta urte eta erdi beranduago, hasierako asmoak ate atzean geratu omen dira. Jeltzaleek azaldu dutenez, agintaldiaren hasieran alkatetzan izandako erreleboak aldaketarako espektatibak sortu zituen, baina jeltzaleen arabera, «kezkagarria da ikustea oraindik ere jarduteko moduek lehentasuna ematen diotela iragarpenari, titularrari eta komunikazio politikoari, hiriaren eraikuntza kolektiboari baino». Irungo EAJk gogoratu du, gobernatzea ezin dela izan «erabaki estrategikoak lehenik hedabideei helaraztea, eta gero gobernua osatzen dutenei informatzea».

Hau guztia, IAM pabiloiaren proiektuaren baitan Cristina Laborda alkateak joan den ostiralean aurkeztutako proiektu eta asmoei lotuta dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruztatu beharko dute aurreikusitako 42 milioi euroko inbertsioaren gehiengoa. Eztabaida politiko antzua eman da azken hilabeteetan proiektu honen bueltan, bi alderdien artean, Irun, Gipuzkoa eta Euskadiko gobernuetan bi alderdiek koalizioan gobernatzen duten arren.

Alde horretatik, Alvarezek argi utzi zuen 2025eko ekainean, gobernukide zela, ez zuela pabiloiaren proiektuaren prozesuarekin konforme. «IAM sozialisten kanpaina proiektua zen, infografiak besterik ez daude, ideia egingarria ote den argitu eta errealitatera ekarri behar da», azaldu zuen ordezkari jeltzaleak udalak bideragarritasun proiektua enkargatu zuenean. Urtebete beranduago, Labordak horren emaitza aurkeztu du Goizane Alvarez Kirol foru diputatu sozialistarekin batera, bistan denez, EAJko gobernukideak aurretik informatu gabe. 

Baina IAM pabilioia ez ezik, Arbesko adinekoen egoitza, aldundiak orain abian jarri duen errepideak hobetzeko plan integrala, osasun zerbitzuak, etxebizitza larrialdiari erantzuna, Via Irun edota 35 urtez atzeratu den Plaiaundiko kirolgunea Txenpereneara lekuz aldatzearen proiektuak, besteak beste.

Irungo EAJ-PNVk hasierako konpromisoak indarrean jarraitzen duela azpimarratu badu ere, Batzokian izandako Uri Buru Batzarra ospatu eta hausnarketa plazaratuta, arreta kolpe bat eman nahi izan dute oraingoan, eta gauzak berbideratzea espero dutela diote. «Hauteskunde kalkuluen logikan gobernatzea» leporatu diote jeltzaleek alkateari, haatik, inori ez zaio oharkabean pasatzen, agerikoa da, batzuk eta besteak hauteskundeen logikan murgilduak dabiltzala.